Posts Tagged ‘kanpaina’


Luis Migel Murua gabiriarrak haren seme Iñigoren alde egindako Tantaz tanta lagundu Iñigo kanpainarekin familiak jaso duen laguntza eskertu du. Atzo goizean Urretxuko Aizpuruenea kultur etxean emandako prentsaurrekoan adierazpen hunkituak eta esker onekoak egin zituen, eta gaur hainbat egunkarik jaso dituzte. Urretxun, Zumarragan eta Gabirian garatu da elkartasun kanpaina. Hiru herriei eta horietako herritarrei eskerrak eman dizkie Luis Migelek.

Iñigo mutikoa, 14 urtekoa, Galizian dago otsailetik, tratamendu bat jarraitzen, jaio aurretik burmuineko isuri batek utzi zizkion kalte neurologikoak arintzen laguntzeko. Tratamenduak eta bidaiek familiari sortzen dizkioten gastuetan laguntzeko abiarazi zuten Zumarraga-Urretxun elkartasun kanpaina. “Urretxuko eta Zumarragako udalek asko lagundu digute, eta nire herriari, Gabiriari, ere eskerrak eman nahi dizkiot. Baita gabiriarrek antolatutako bertso-afarian parte hartu zuten bertsolariei ere”, esan zuen Luis Migelek kazetarien aurrean, Goierriko Hitza-k gaur argitaratu duenez.

Zumarraga-Urretxu Ikastolari, Gorka Hermosari, Urretxuko eta Zumarragako artistei eta Goierri Kirol Elkarteari ere eman dizkie eskerrak. “Nire semearen ikaskideei eman nahi dizkiet eskerrak batez ere, ikuskizun zoragarriak eskaini baitzituzten. Musika eskolakoena ere ederra izan zela esan didate. Egun hartan ez nuen joaterik izan, ez bainuen indarrik. Beraiei ere eskerrak eman nahi dizkiet”. Kalean ere jende askoren laguntza jaso duela esan du, eta hori ere eskertu du Muruak: “Bereziki aipagarria da kalean ikusita besterik ezagutzen ez nauen gizon baten kasua. Semearengatik galdetu eta 100 euro eman zizkidan. Aho bete hortz utzi ninduen eta ez nuen eskerrak ematen asmatu”. Iñigok “geldialdi txiki bat” izan duela aipatu du Muruak, baina “poliki-poliki aurrera” egiten ari dela. “Autoestimurako ona den guztia ongi etorria izango da”.

Advertisements

Kolorrektaleko minbizia atzemateko lagin azterketen kanpaina astelehenean bukatuko du Osakidetzak. Gabirian, Ezkio-Itsason, Urretxun eta Zumarragan garatu du Osasun Sailak, 2012ko urrian hasita. Koloneko eta uzkiko minbizia aurrez atzemateko analisiak egiteko aukera eman die 50-69 urte arteko gizon eta emakumeei. Lau herri horietan denera 4.159 pertsonak jaso zuten etxean kit-a, gorotz zati txiki bat jaso eta herriko anbulatorioan entregatzeko. Laborategian, gorotzetan odolik ba ote dagoen analizatu du Osakidetzak. Lagina mediku kontsultara eramateko azken eguna biharkoa da.


Osakidetzak hilabete eta erdian indarrean eduki duen gripearen kontrako txertaketa kanpaina bihar, urriak 31, asteazkena, bukatuko da. Irailaren 17an hasi zen. Gabirian asteazkenero 12:00etatik 13:00etara eman dizkiete txertoak 65 urtetik gorakoei eta gaixo kronikoei. Ezkioko Santa Luziako anbulatorioan, egunero 10:00etatik 11:30era.


Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen astean sartu gara. Jaurlaritzaren hurrengo lehendakariari zer eskatuko liokeen galdezka ari zaie Berria egunkaria gizarteko arlo askotako eragileei, “zer eskatuko zenioke hurrengo lehendakariari?” galdera jaulkita. Gaur, astelehena, Iñaki Muruaren iritzi-bideoa jarri dute, berria.info webgunean.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen lehendakari, bertsolari eta irakasleak, “hasteko euskaraz taxuz” hitz egiteko eskatu dio U-21aren ondoren aterako den lehendakariari. “Euskal kultura orokorrean” aintzat hartzeko galdegin dio, horrek  “hizkuntzaren ikuspegitik eta ikuspegi sozio-antropologikotik” gizarteari zein norbanakoari egiten dien “ekarpena” kontuan izateko. “Nortasuna, izaera, hori dena har dezala aintzat, errespeta dezala, eta alor horietan lanean ari diren eta garen eragileokin parekidetasunez harremanak izan eta lan egiteko gaitasuna azal dezala”.

Bestetik, dirua “masiboki” inberti dezala eskatu dio. “Zeren ez da gastu bat, inbertsio bat da, herri baten etorkizunean, izaeran eta ametsean eta izan nahi duenean eragin zuzena daukana”.


Osakidetzak udazkenero abiarazten duen gripearen aurkako txertaketaren kanpaina hasia da, duela aste eta erdi. Irailaren 19tik urriaren 31ra arte har dezakete txertoa 65 urtetik gorako herritarrek eta gaixo kronikoek.

Gabirako anbulatorioan astean egun bakarrean jarri dute aukera: astearteetan, 12:00etatik 13:00etara. Gainontzeko egunetan edo orduetan, Ezkio-Itsasoko mediku-etxera joan behar da, Santa Luziara. Han egunero 10:00etatik 11:30era jarriko dute gripearen aurkako txertoa.


Gabiria Aurrera hautes taldea osatzen duten zazpi hautagaiak eta hiru ordezkoak.

 

Gabirian osatu den bi hautagaitzetako bat den Gabiria Aurrera taldeak asteburuan zabaldu du herrian zehar udal hauteskundeetarako programa. Diptiko baten barrualdeko bi orritxoetan aurkeztu ditu proposamenak, hautagaiak bezainbeste ardatz emanez.

Ainhoa Aizpuru Murua da Gabiria Aurreraren alkategaia. Bukatzear den legealdian alkate da, eta 2003-2007 legealdian zinegotzi izan zen, bi aldietan GHE Gabiria Hautesle Elkartearen izenean. Zazpi hautagaietatik lau gizonezkoak dira, eta hiru emakumezkoak. Gaur egungo udalbatzan dauden lau zinegotzi aurkeztu dira berraukeraketara. Beste hirurak berriak dira. Ordezkoetan, bi gizonezkoak dira eta bat emakumezkoa. Lehenbiziko erreserba Xabier Murua da, bi hamarkada pasatxoan alkate izandakoa.

Gabiria Aurrera taldearen zazpi hautagaietatik lau zinegotzi izan diren arren, hautes elkarteak berak estreinako parte-hartzea du udal hauteskundeetan. 1979an eta 1983an EAJ aurkeztu zen, eta 1987an, 1991n eta 1995ean EA. Aurreko hiru hauteskundeetan herriko hautagaitza-zerrenda bateratua babestu izan du eragile politiko horrek, bi zutabeetako bat izanez.

Hauteskunde programan, hautagai bakoitzaren argazkiaren alboan ardatz edo ildo bana zehazten ditu Gabiria Aurrerak: kudeaketa, elkarlana, kultura, auzolana, hezkuntza, adinekoak eta azpiegiturak. 

Gabiria Aurreraren programaren ildoak.

(gehiago…)


Auzo Artea hautes elkarteko hautagaiak, aurrean, eta babesa adierazi dieten hainbat herritar.

Auzo Artea hautes taldeak aurreko astean zabaldu zuen Gabiriako etxeetara igandeko udal hauteskundeei begira prestatu duen programa. Hamabi orrialdeko liburuxkan aurkeztu ditu zerrendako hautagaiak eta hurrengo lau urterako proposatzen dituen ildoak, herrian osatu diren bi taldeetako bat den Auzo Arteak.

Auzo Artearen alkategaia Ibon Elgarresta Asurabarrena da. Lehendabiziko aldia du hauteskundeetara aurkeztu dena.  Zerrenda zazpi hautagaik -lau gizonezko eta hiru emakumezko- eta beste hiru ordezkok -denak gizonezkoak- osatzen dute. Titularretatik, guztiak berriak dira udalgintzan; ordezkoetatik bi lehenago zinegotzi izanak. 

Gabiriako udal hauteskundeen historian 1979an izan zuen lehen presentzia Auzo Arteak, eta bi zinegotzi lortu zituen. Emaitza onenak 1987an atera zituen, udalbatzan hiru zinegotziren ordezkaritza izanik. 1995eko bozetara arte aurkeztu izan zen. Orduz geroztik aurten arte egin diren hiru hauteskundeetan GHE Gabiria Hautesle Elkarteari eman dio babesa, bilgune haren bi zutabeetako bat izanez.

Hauteskunde programari dagokionez, sarrera baten ondotik, eta gaur egungo udalari hainbat kritika egin eta gero, Auzo Artearen eskaintza sei ataletan bereizita dago: auzoak, baserriak, etxebizitza, kultura, jubilatuak eta gazteak. Gai bakoitzerako proposamenak edo ideiak emateko, eta baita lan ildoak zehazteko ere, aurreko asteetan herrian zabaldu duten inkestan jasotako iritziak kontuan hartu direla azaldu du Auzo Arteak. “Herriak hitz egin nahi du, zer esan asko dute askok, eta proposamen eta iradokizun ugari jaso ditugu”.

Auzo Artearen hauteskunde programa (Word-en)

Auzo Artearen hautagaiak.

(gehiago…)