Posts Tagged ‘izen-ematea’


Herriko pilota txapelketa herrikoiaren deialdia egin dute antolatzaileek. Sasipilotari lehiaketaren VI. edizioa jokatuko da, uztailean eta abuztuan. Finala, ohi bezala, abuztuaren 13an jokatuko da, Andre Mari jai nagusien atarian, lehenengo ekialdi bezala.
Izena emateko epea ireki dute. Datorren astelehenean, uztailak 1, bukatuko da. Ostatuan eta Aztiri erretegian utzi dituzte orriak, eta horietan idatzi behar da norberaren izena. Bikoteak antolatzaileek osatuko dituzte, gero.
Sasipilotari esku huskako arloarekin batera, aurten Sasierraketalari frontenis txapelketa ere izango da, aldi berean. Aurreko urteetan ez bezala, erraketakoa mistoa izango da aurten, ez neskena soilik. Neska-mutil bikoteek jokatuko dute.
Bikoteak egiteko zozketa izena emateko epea bukatu bezain laster egingo dituztela esan dute antolatzaileek. “Jokatu beharreko partidak noiz jokatuko diren ere antolakuntzak ezarriko du aurten, eta egun horiek estuki bete beharko dira”, azaldu dute.
Izena emateko erritmoa motel samar doala, eta jendeari animatzeko eskatu diote.

Advertisements

Gabiriako Udalak udaleku irekian begirale bezala lan egin nahi dutenentzat izena emateko epea datorren astera arte dauka jarrita. Ekainaren 5ean, asteazkena, bukatuko da aukera. Hiru baldintza hauek hartuko dituzte aintzakotzat: 18 urte beteta izatea; umeekin esperientzia edukitzea (begirale titulua baloratuko da); eta gabiriarra izatea eta bertako haurrak ezagutzea. Udaletxean eman behar dute interesatuek izena.

Udaleku irekiak ekainaren 24tik uztailaren 19ra izango dira, herrian bertan. 10:00etatik 12:30era da ordutegia. Behar beste haur apuntatuz gero, 09:00etatik 10:00etara eramateko aukera ere egongo da, jolas librean aritzeko ordubete horretan.


Euskal Automobilismo Federazioak atzo zabaldu zuen Gabiriako XV. Rallyesprintaren aurrerapena, ofizialki. Atzera-kontua hasi da. Martxoaren 3an jokatuko da, 15:00etan hasita. Betiko errepidean (Gi-3540, Kamiño Zaharra), 11.05 kilometro puntuan edukiko du irteera marra, eta 4.40 km-an helmuga. Hau da, Motxorro-Korta norantzan joango dira lasterketako autoak, iaz bezala. Hiru tramo izango dira erlojupean, bakoitza 6,65 kilometro luzekoa. Denera 19,95 km kronoaren aurka, eta ibilbide osoa (itzuli osoa barne hartuta) 70 km-koa.

Euskadiko Rallyesprint Txapelketarako baliagarria izango da, baita Gipuzkoako Rallye Txapelketarako eta Euskadiko Rallyesprinteko Formula Libre Koparako ere. Izena emateko epea otsailaren 22ra arte dago zabalik (hilaren 6an zabaldu zuten), Lagun Artea eskuderia antolatzailearen bitartez (tel: 689 66 40 70. Faxa: 943 15 16 45). Behin-behineko partaide zerrenda otsailaren 27an jakinaraziko dute.


Herrian yoga egiteko aukera dago, duela urte batzuetatik. Orain, urtearen hasieran, jende gehiagorentzat lekua badagoela, eta izena emateko aukera eman dute arduradunek. Osoko yoga (integrala) egiten dute, astean bi saiotan: astearteetan eta ostegunetan, 19:00etatik 20:30era. Interesatuek Marian irakaslearekin hitz egin behar dute (617 520 402).


Guraso Elkarteak antolatutako patinatze ikastaroan hasi nahi dutenek gaur, ostirala, dute apuntatzeko azkeneko eguna. Ikastaroa otsailaren 2an hasiko da, eta hamabi larunbatetan jarraituko du, aldiko ordubete (helduek 16:00etatik 17:00etara, haurrek 17:00etatik 18:00etara). Matrikula 75 eurokoa da, eta irristailuak, kaskoa eta babesgarriak norberak bereak eraman behar ditu.


Sasipilotari pilota txapelketa herrikoiaren bosgarren ekitaldirako izen-emate epea beste astebete gehiago izango da. Berez atzo, astelehena, jaso behar zituzten orriak jatetxe eta elkarteetatik, baina oraindik “jende gutxi samar” dagoenez apuntatuta —”hogeitik behera”—, egun batzuk gehiago utzi dituzte. Datorren astelehenera arte, uztailak 2, izango da izena emateko modua, hala.

Aztirian, Korta jatetxean eta herriguneko tabernan edo elkarteetan daude inskripzio-orriak. Banaka apuntatu behar da, eta gero antolatzaileek egingo dituzte bikoteak, zotz eginda. Bestetik, aurreratu dutenez, binakako lehiaketa osatzeko lain jende ez bada biltzen, aurtengo Sasipilotari buruz burukoa eta 16 tantora izatea aztertzen ari dira.


Pilota txapelketa herrikoiak, Sasipilotarik, bosgarren ekitaldia izango du, uda honetan. Izena emateko epea zabalik dago, astelehenera (ekainak 25) arte. Herriko hainbat tabernatan jarri dituzte antolatzaileek orriak, eta han idatzi behar da norberaren izena. Aztiriko jatetxeetan, Kortan eta herriguneko elkarte eta ostatuan daude inskripzio orriak.

Esku huskako pilota lehiaketa binaka bada ere, izena banaka eman behar da. Astelehen arratsaldean bertan egingo dute zozketa, bikoteak izendatzeko. Mantenduko duten biko bakarra iazko irabazleena da: Iñaki Oiarbide-Jon Agirre. Gainontzeko partaide guztiak zozketa-ontzian sartuko dira.

Izaera herrikoikoa denez, pilotan federatutakoek ezingo dute parte hartu. Partidak uztailean hasiko dira –antolatzaileek abisatuko dute—, eta finala, ohi bezala, Andre Mari jaien atarian.

Sarierraketalari lehiaketa ere izango den itxura guztia dago aurten ere. Iaz izan zen nesken arteko erraketako lehen txapelketa. Lau lagunek parte hartu zuten, bi bikotetan banatuta; partida bakarra jokatu zuten, Sasipilotariko finalaren aurretik.