Posts Tagged ‘gorka maiz’


Gorka Maiz bertsolariak seigarren postua egin zuen, aurreko larunbatean, Errenteriako (Gipuzkoa) Xenpelar bertsolari txapelketako finalean. Jone Uriak irabazi zuen. Lehen kanporaketan lortu zuen pasatzea, azaroaren 23an.

Hauxe da finaleko sailkapena eta puntuazioa:

  1. Jone Uria (558 puntu).
  2. Oier Aizpurua (548).
  3. Peio Ormazabal (386,5).
  4. Unai Gaztelumendi (380).
  5. Aitor Urbieta (377).
  6. Gorka Maiz (361,5).

Gorka Maizek Errenteriako Xenpelar Bertso Sariko finalean kantatuko du, larunbatean, abenduak 8. Saioa 18:00etan hasiko da, Errenteria Hiria Kulturgunean. Lehen kanporaketan lortu zuen Maizek pasatzea, azaroaren 23an. Denera hiru kanporaketa izan dira, seina bertsolarirekin, eta bakoitzetik bi igaro dira finalera.
Lehen saioan berez hirugarren sailkatu zen Gorka, Ane Labakaren eta Aitor Urbietaren ondoren. Labakak, ordea, agurrean esan zuen finaleko egunean ezin izango duela kantatu, kanpoan izango delako. Hala, hirugarren sailkatua igaro zen. Maiz, gainera, Haritz Casabalekin puntutan berdinduta zegoen; kartzelako lanean puntuazio altuagoa zuelako lortu zuen txartela.
Larunbatean, honako seikoa ariko da Xenpelar Sarian: Aitor Urbieta, Gorka Maiz, Jone Uria, Oier Aizpurua, Peio Ormazabal eta Unai Gaztelumendi.


Maizpide euskaltegiaren 38. Udako Ikastaroen barruan, kultura egitarauko uztaileko azkeneko ekitaldia gaur, osteguna, izango da, Lazkaon. Gabiria ukitu nabarmena izango du, gainera. Bertso-triki poteoa egingo dute, eta lau artistak gabiriarrak dira. Bertsotan Endika Igartzabal eta Gorka Maiz ariko dira, eta trikiti-panderoekin Joseba Iztueta eta Iban Maiz.

Txikiteoa 18:00etan hasiko da. Herriguneko tabernetan ibili ondoren, euskaltegian bukatuko dute erronda, ikasle, irakasle eta gainerako herritarrekin batera.

Pintxo-poteak euro batean edukiko dituzte, bestetik, Lazkaoko tabernariek, ostegunero ohi duten bezala. Festatxoa egiteko aparteko aitzakia, beraz.


Ormaiztegin etziko antolatu duten bertso-txotx afaria lau gabiriar gaztek animatuko dute. Bertsotan Endika Igartzabal eta Gorka Maiz ariko dira. Bestetik, haiekin batera eta txandan, trikiti-panderoak joz Joseba Iztueta eta Iban Maiz jardungo dira. Ormaiztegiko Muxika plazan herri afaria izango da, larunbatean, 21:00etan. Karpa jarriko dute. Auzo-herrian festa ziurtatuta dago, beraz, astebururako.


Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final zortzirenetako fasea atzo bukatu zen, Irunen. Zazpigarren eta azken saioa izan zen, eta ondorioz bukatutakoan zehaztuta geratu zen final-laurdenetara zein 24 bertsolari pasatu diren. Fase horretan parte hartu duen gabiriar bakarra, Gorka Maiz, azkenean 35. lekuan geratu da, 42 bertsolaritik, Azkoitiko saioan batu zituen 435 punturekin.

Aurrera jarraitzeko mugarria 454 puntutan kokatu da, Unai Muñoak lortutakoak. Final-laurdenetan, galbahea igaro duten 24 bertsolariez gain, 2007ko txapelketako finalistak gehituko zaizkio lehiaketari. G Puntuko final zortzirenetako sailkapen zerrenda osoan bederatzi goierritar zeuden; hiruk egin dute aurrera, Osinalde txapelketa irabaziak direnak hirurak ere: Nerea Elustondo legazpiarra (sailkapen buru, 516 punturekin), Iñaki Apalategi beasaindarra (475) eta Iban Urdangarin ataundarra (461).


G Puntua, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak asteburu honetan ekingo dio udazkeneko martxari, ohiko kanporaketa egituran sartuta. Aurtengo txapelketaren berritasuna udaberrian jokatu zen lehen fasea izan bazen, asteburu honetatik aurrera final zortzirenetako zazpi saio, final-laurdenetako bost, finalaurreko hiru, eta azken finala (Donostiako Ilunbe zezen plazan, abenduaren 18an) geratzen dira.

Txapelketan jarraitzen duen Gorka Maiz gabiriarrak asko itxaron beharrik gabe izango du saioa. Igandean Azkoitian aritzea egokitu zaio. Baztartxo antzokian, 17:30ean hasiko da saioa. Beste goierritar bat izango du seikotean kantu lagun: Gorka Azkarate zumarragarra (lehen fasetik 6. sailkatua). Gainontzekoak Xabier Sukia (2007an semifinalista), Arkaitz Oiartzabal ‘Xamoa’ (07an semifinalista), Ibai Esoain (13.), eta Asier Azpiroz (20.) izango ditu.

Maizek 27. postua erdietsi zuen lehen faseko bi saioak kantatu eta gero. 32 bertsolari udaberriko galbahetik aurrera eginda datozenak dira. Beste hamar sartuko dira lehian final zortzirenetan, 2007ko Gipuzkoako txapelketan finalaurrekoetara iritsi zirenak. G Puntuan partaide izan den bigarren gabiriarra, Endika Igartzabal, 13 puntugatik kanpora geratu zen, sailkapen orokorrean 41. postuan.


Gabiriako laukotea arduratuko da gaur arratsaldean Lazkaoko kaleak alaitzeaz. Maizpide euskaltegiaren Udako 37. Ikastaroen egitarauaren barruan, uztaileko azkeneko ekitaldia izango da, ostegunarekin egokitu denez gero parranda giroa jartzeko, udako barnetegiko ikasleekin eta apuntatu nahi duten herritar guztiekin batera.

Bertso-triki poteoa egingo dute, 18:00etatik aurrera, Lazkaoko herriguneko tabernetan. Maizpideko jangelan bukatuko dute ibilera, han afaltzeko.

Giroa jartzeko zeregina lau gabiriarrok edukiko dute: Endika Igartzabal eta Gorka Maiz bertsolariek —uztailaren 12an Goierriko bertsolarien saioan kantatu zuten biek, baita ere —, eta Joseba Iztueta eta Iban Maiz trikitilariek.