Posts Tagged ‘foru aldundia’


Deikaztelu eta Itsaso arteko 400.000 volteko zirkuitu bikoitzeko argindar linearen proiektua bertan behera uzteko eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, atzo, Espainiako Gobernuari. “Makroproiektu” horrek “gabezia eta hutsune nabarmenak” dituela ohartarazi du Foru Aldundiak: “Sustatzaileek ez dute haren beharra justifikatu; ingurumen azterketa ez da behar bezala egin, nahiz eta ingurumenean eta babestutako eremuetan eta espezien artean izugarrizko eragina izango lukeen; herritarren artean kontrako jarrera garbia eragin du, eta araudia bera ere ez luke beteko”. Beraz, baimenik ez emateko eta bertan behera uzteko eskatu du Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Baimena emanez gero, araudia ez litzatekeela beteko gogorarazi dio, gainera, Espainiako Gobernuari. Red Electrica Española enpresak sustatu nahi duen egitasmoa ez dago energia elektrikoaren gaur egungo garraio sarearen estatu plangintzan. 2014-2022 eperako beste plangintza bat prestatzen ari dira, baina indarrean dagoenean ez dago txertatuta linea berri hori. Bestetik, gaur egun linea berririk egiteko baimen gehiago ezin dela eman gogorarazi du Diputazioak, 13/2012 Errege Lege Dekretuak aipatuz. Energia elektrikoa garraiatzeko sarearen plangintza berririk onartu arte, ezingo da Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren garraio-instalazioetarako administrazio baimen gehiagorik eman. “Beraz, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso eta Castejon-Muruarte arteko lineen proiektua gaur egungo plangintzan ez dagoenez, eta ezin denez baimen gehiagorik eman, plangintza berririk sortu ezean, administrazio eskudunek bertan behera utzi beharko lukete proiektua. Bestela, ez litzateke araudia beteko”, adierazi du Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat helegite aurkeztu dizkio tentsio altuko linea proiektuaz egindako ingurumen txostenari. Nagusia, esandakoa. Horrez gain, proiektuari buruz aurkeztu den informazioa ez dela aski iritzi dio, “ezarri nahi diren instalazio horien benetako premia objektiboa justifikatzeko. Oinarrizko eta funtsezko gabezia horrek behartu beharko luke benetan eta seriotasunez hausnartzera proiektua aurrera eramatea komeni den ala ez. Are gehiago, Foru Aldundiak azaldu duenez, energia elektrikoaren eskari gordina nabarmen gutxitu da Estatu mailan azken sei urteetan, eta aurrerantzean ere joera bera izatea espero da. Horregatik, eskariaren jaitsierari buruzko datuek adierazten dute ez dagoela elektrizitatea sortzeko eta garraiatzeko instalazio berririk egin beharrik, eta jasangarritasunaren ikuspegitik egin beharko litzatekeena energia aurreztea eta eraginkortasuna bultzatzea dela”.

Ildo horretatik, proiektuan ez dago daturik linearen beharra justifikatuko luketen energia planta berriez, ezta Estatuko gaur egungo lineen balizko saturazioaz ere. Ingurumen eragina ere ez da behar bezala baloratu, Aldundiak dioenez. “Ez dezagun ahaztu, esaterako, tentsio altuko lineak Natura 2000 Sarean babestutako hainbat eremutan izango lukeela eragin zuzena, eta hainbat espezierentzat —hegaztiak, batik bat— kaltegarria izan daitekeela”. Proiektuak herritarren artean kezka eta aurkako jarrera eragin duela ere gogorarazi du Aldundiak.

Garoña-Itsaso linearen Ardantza gaineko dorrea. Linea honetatik garraiatuko lukete, azken kilometroetan, 400.000 volteko korrontea, Aranburu eta Katarain baserrien bitartean lotuta./AMM

Garoña-Itsaso linearen Ardantza gaineko dorrea. Linea honetatik garraiatuko lukete, azken kilometroetan, 400.000 volteko korrontea, Aranburu eta Katarain baserrien bitartean lotuta./AMM

Advertisements

Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki herrialdeko udalei bilera batean jakinarazi dienez, 2012ko UFFF Udalak Finantzatzeko Foru Funtsetik aurrekontuan agindutakoa baino gutxiago jasoko dute. Itxiera aurreikuspenaren arabera, Gabiriak 18.561 euro gutxiago jasoko du aldundiaren diru-ekarpen funts horretatik.

Aurrekontua 325.045 eurokoa da, eta aurten lau ordainketatan diru hori jasoko du udalak aldundiarengandik. Aldiz, aurreikusi du 306.484 euro tokatuko zaizkiola, behin 2013ko otsailean likidazioa egiten denean. Zerga bilketa uste baino apalagoa izango delako, besteak beste, eta beste behin.

Bestetik, 2013ko UFFFren zenbatekoen aurrekontuak ere aurkeztu dizkie. Gabiriak 322.800 euro jasoko lituzke datorren urtean, aurtengo itxiera aurreikuspena baino 16.317 euro gehiago (%5,32ko hazkuntza) eta aurtengo aurrekontua baino 2.245 euro gutxiago (%0,69ko murrizketa).


Gipuzkoako Foru Aldundiak asteartean, otsailak 22, egindako Diputatuen Kontseiluan onartu zuen Gabiriako hiri antolaketako arauen aldaketa puntual bat egitea, Ugarana Bekoa auzoko eremu batean. Bekoerrota aterpetxearen instalazioak handitu ahal izateko eta eraikin gehiago eraiki ahal izateko gune haren zonakapen globala egokitzea onartu du Aldundiak, eta hirigintza arauetako 3.5.8 artikuluaren zati bat aldatzea.

Gabiriako Udalak eskatutako aldaketa dela esan du Eneko Goia foru bozeramaileak. Testu berrian eraikin berriek gaur egun daudenetatik utzi behar duten distantzia aldatu da. Lehen 250 metroko tartea mantendu beharra bazegoen, arau berrituarekin 100 metro izatera pasatu da.

Bestalde, Bekoerrota edo Gabilondo baserriaren inguruan Ugarana Bekoa auzoko lurzoru urbanizaezinaren zonakapenean doiketak egin dira, “egungo errealitatera egokitzeko” Goiak adierazi zuenez. Bi hektarea inguruko azalerari izaera aldatu zaio, abeltzaintzarako ustiapen eremua murriztu eta baso eremua handituta.

Bekoerrota gazte-aterpetxe bezala katalogatuta dago. Goiak herenegun esan zuen hirigintza arauetan egindako aldaketak aterpetxearen jarduera-gaitasuna handitzeko aukera izan dadin  burutu direla. Instalazio berrientzat eraikiko liratekeen eraikinen antolaketa zehaztuz plan berezi bat prestatu eta onartu beharra dagoela ere gaineratu zuen.

Atzo bi egunkaritan gutxienez argitaratu zen albistea (Goierriko Hitzan eta DVn).