Posts Tagged ‘finala’


Aurten herriko bertsolari talderik ez da ariko Martxoan Bertsoa bertsolari lehiaketa herrikoiaren finalean. Inoizko partaidetza jendetsuena izan arren, hori. Hiru talde osatu ziren herrian, Gabirisprint I, II, eta III.

Hala ere, herritarren ordezkaritza izango da finalean: Maialen Akizu Bidegainek kantatuko du, Kontuz Atsuak taldean, Itziar Pildainekin eta Amaia Iturriotzekin. Beste bi talde finalistak Maneksen Banda (Manex Mantxola, Antton Fernandez eta Gaizka Oiartzabal Pitillo), eta Tzitzarito (Mikel Iturriotz, Jon Mendizabal, Jon Gurrutxaga) dira.

Finala ostiralean da, etzi, martxoak 22. 23:00etan hasiko da, Urretxuko Gaztelekuan.

Martxoan Bertsoko laugarren eta azken kanporaketa larunbatean jokatu zen, Legazpiko gaztetxean. Saioko emaitzak jakin orduko itxi zen sailkapen nagusia ere, eta lehen hirurek lortu zuten txartela.

Gabirisprint3 taldekoak, aurtengo lehiaketan errebelazioa. Finalaren atarian geratu dira, laugarren. Foxen kantatu zuten, ostiralean.

Gabirisprint3 taldekoak, aurtengo lehiaketan errebelazioa. Finalaren atarian geratu dira, laugarren. Foxen kantatu zuten, ostiralean.

Hamabi taldek parte hartu dute Martxoan Bertsoan, aurten. Horietatik hiru gabiriarrak. Denera hamar bertsolari gabiriar aritu dira.

Sailkapen nagusia nola geratu den:

  1. Kontuz Atsuak (Amaia Iturriotz, Maialen Akizu, Itziar Pildain): 193,65 puntu.

  2. Maneksen Banda (Manex Mantxola, Gaizka Oiartzabal Pitillo, Antton Fernandez): 185.

  3. Tzitzarito (Mikel Iturriotz, Jon Mendizabal, Jon Gurrutxaga): 184,25.

  4. Gabirisprint3 (Aitzol Iturbe, Iban Maiz Banagas, Eñaut Asurabarrena Gaztie): 181,75.

  5. Urola Garaiko Selekzioa (Beñat Torres, Julen Agirreburualde, Manex Agirrezabal): 181.

  6. Bi eta Bat (Aitor Lizarazu Ginz, Urko Egaña, Beñat Zamalloa): 180,7.

  7. Atzeko Kaleko Mutilak (Asier Sasieta, Xabier Elgarresta, Gorka Santesteban): 180,25.

  8. Gabirisprint2 (Gorka Maiz Pastel, Mikel Asurabarrena, Oier Oiarbide): 178,5.

  9. Gabirisprint1 (Jokin Murua, Aratz Igartzabal Potto, Endika Igartzabal): 177,7.

  10. Trasteroko Morroiak (Gorka Ojanguren, Zaldua, Jaka): 177,5.

  11. Potato Barria (Asier Otamendi, Rikardo, Serapio): 177.

  12. Udanako Kurbak (Ulises, Asier Iriondo, Gorka Azkarate): 167,75.

Advertisements

Osinalde bertso sariketaren 42. ekitaldia gorpuztu dute antolatzaileek. Ohi bezala, Errege egunaren hurrengo egunean (urtarrilaren 7a astelehena zen aurten) elkartu ziren. Azken urteetako egitura bera edukiko du lehiaketak: aurrez hiru saio jokatuko dira, seina bertsolari ariko dira bakoitzean, bertsolari gazteak dira, eta afaria izango da aurretik. Tokiei dagokienez, aldaketa garrantzitsu bat badago, hala ere: Idiazabalgo Axari sariketa desagertu egingo da, eta haren lekua Zaldibiako Osinberde sariak hartuko du. Ordiziako Argi-Berri eta Aztiri dira gainontzeko bi sariak.

Bakoitzetik bina bertsolari sailkatuko dira, epaimahaiak puntuz izendatuak, Osinaldeko finala jokatzeko. Saio bakoitzean, entzuleek sarituko dute gaueko bertsolari gustukoena, lekuan lekuko garaikurra emanez: Ordizian Txikia saria, Aztiri saria herriko auzoan, eta berdin Osinberden. Aurretiazko saioak martxoan zehar jokatuko dira. Argi-Berrikoa hasiko da, martxoaren 9an; Osinberde hurrengoa, hilaren 16an, eta Aztirikoa azkena, martxoaren 23an. Osinalde sariketa apirilaren 6an da. Guztiak larunbatak dira.

Sarean dagoeneko ari da sariketa girotzen. Rufino Iraolak Twitterren antolatzaileak goraipatu ditu: “Badute meritua Eusebio Igarzabalek, Iñaki Muruak eta abarrek, eurak pentsatzen duten baino gehiago estimatzen ditut”.

Saioz saio, bertsolari hauexek ariko dira kantuan. Aurten ez dago gabiriarrik. Goierritarra ere bakarra. Antolatzaileek asko begiratzen diote lurraldetasunari, eta aipagarria da aurten sei euskal herrialdetako bertsolariak ariko direla: gipuzkoarrak 8; bizktaitarrak 3; nafarrak, arabarrak eta lapurtarrak bina; eta zuberotarra bat.

1. Argi-Berri Saria (martxoak 9, Argi-Berri elkartea, Ordizia. 20:30ean afaria)

  • Aitzol Iturbe (Antzuola, Gi).
  • Josu Oiartzabal (Azpeitia, Gi).
  • Ainhoa Comas (Amurrio, A).
  • Paula Amilburu (Aramaio, A).
  • Aitor Salegi (Zestoa, Gi).
  • Jokin Bergara (Eibar, Gi).

2. Osinberde Saria (martxoak 16, Osinberde elkartea, Zaldibia. 20:30ean afaria)

  • Iñaki Aleman (Irurita, Na).
  • Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, Bi).
  • Josu Sanjurjo (Lesaka, Na).
  • Nekane Zinkunegi (Errezil, Gi).
  • Maindi Murua (Azkaine, La).
  • Joanes Etxaide (Zegama, Gi).

3. Aztiri Saria (martxoak 23, Aztiri-Bat elkartea, Aztiria. 20:30ean afaria)

  • Maddi Ane Txoperena (Hendaia, La).
  • Imanol Uria (Algorta, Bi).
  • Eneritz Artetxe (Azkoitia, Gi).
  • Peio Ormazabal (Arrigorriaga, Bi).
  • Imanol Irazustabarrena (Alegia, Gi).
  • Joanes Etxeberria (Barkoxe, Zu).

4. Osinalde Saria: apirilak 6, Osinalde elkartea, Gabiria. 20:30ean afaria. Aurreko hiru saioetan sailkatutako bina bertsolarirekin.

Bien bitartean, iazko Osinalde sariko (2012-4-14) bideoa gozagarri, Gotzon Aranburu kazetariak egina:


Gorka Maizek Errenteriako Xenpelar Bertso Sariko finalean kantatuko du, larunbatean, abenduak 8. Saioa 18:00etan hasiko da, Errenteria Hiria Kulturgunean. Lehen kanporaketan lortu zuen Maizek pasatzea, azaroaren 23an. Denera hiru kanporaketa izan dira, seina bertsolarirekin, eta bakoitzetik bi igaro dira finalera.
Lehen saioan berez hirugarren sailkatu zen Gorka, Ane Labakaren eta Aitor Urbietaren ondoren. Labakak, ordea, agurrean esan zuen finaleko egunean ezin izango duela kantatu, kanpoan izango delako. Hala, hirugarren sailkatua igaro zen. Maiz, gainera, Haritz Casabalekin puntutan berdinduta zegoen; kartzelako lanean puntuazio altuagoa zuelako lortu zuen txartela.
Larunbatean, honako seikoa ariko da Xenpelar Sarian: Aitor Urbieta, Gorka Maiz, Jone Uria, Oier Aizpurua, Peio Ormazabal eta Unai Gaztelumendi.


Festak hasi eta berehala, gaur arratsaldean jokatu da IV. Sasipilotari pilota txapelketa herrikoiaren finala, Alkain-Buru pilotalekuan. Frontoiko eserlekuak jendez bete dira. Jaialdian hiru partida jokatu dituzte. Lehenbizi I. Sasierraketalari txapelketa (partida bakarra izan da, gaurkoa); ondoren, esku huskako eta binakako Sasipilotarirena, eta hirugarren lau jubenilek egin duten erakustaldia.

Sasipilotari lehiaketako irabazleak Iñaki Oiarbide eta Jon Agirre (gorriz) dira. 22 eta 14 menderatu dituzte Josu Elgarresta eta Anartz Agirre. Partida gogorra izan da, fisikoa atzelarientzat, eta tanto zirraragarriak tartekatutakoa. Gorriek hasieran hartu duten abantaila nahikoa izan dute markagailuaren presiorik gabe eroso jokatzeko. Banako berdinketaren ondotik, 10 eta 2 aurreratu dira Oiarbide eta Agirre.  Alderik handiena hamar tantokoa eduki dute (13-3). Susperraldia iritsi zaie urdinei, eta 13-7raino hurbildu dira.

Finalistak, partida bukatutakoan. Txapeldunordeak (urdinez) eta garaileak (gorriz). AMM

Parekotasunez joan dira makina bat tanto jarraian, bat alde batera, bestea bestera eroriz. 14 eta 9koan, 15-10ean, 16-11n, 17-12an bost tantoko aldea mantendu da. Bukaerako txanpan gorriek gehiago asmatu dute, 20-12raino joateko. Azken emaitza 22 eta 14koa izan da. Estreinako aldiz aztiriarrek jokatu dute finalean; ez batek, bik baizik.

Erraketalari txapelketa aurten iragarri dute lehenbiziko aldiz antolatzaileek, neskentzat. Bakarra apuntatu zen, eta partida bat bederen jokatzeko lau pilotari elkartu dira gaurko. Maialen Akizu eta Ainhoa Arratibel aritu dira bikote batean, eta Eresti Oiarbide eta Lierni Asurabarrena bestean. 22 eta 15, lehen bikoteak irabazi du I. Sasierraketalari lehiaketa.

Erraketalariak, txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

Hirugarren partidan Gabiriako bikotea Lazkaoko beste bikote baten kontra aritu da. Aratz Igartzabal eta Julen Murua batetik, Manex eta Beñat Garmendia lehengusu lazkaotarrak bestetik. Denak Lazkaoko Lapke pilota eskolan aritzen dira, eta erakustaldi polita eskaini dute. Lazkaotarrek irabazi dute, 18 eta 11.

Lazkaoko pilota eskolan dabiltzan mutikoak, bi lazkaotar eta bi gabiriar. AMM

Sasipilotari lehiaketaren lau urteotako palmaresa:

  • 2008. Irabazleak: Josetxo Sagarna-Beñat Maiz. Txapeldunordeak: Felix Maiz-Iñigo Igartzabal.
  • 2009. Irabazleak: Eñaut Igartzabal-Iñigo Murua. Txapeldunordeak: Iñaki Arratibel-Jokin Murua.
  • 2010. Irabazleak: Eñaut Igartzabal-Iñigo Murua. Txapeldunordeak: Aimar Maiz (Josetxo Sagarnaren ordez, min hartua)-Gorka Maiz.
  • 2011. Irabazleak: Iñaki Oiarbide-Jon Agirre. Txapeldunordeak: Josu Elgarresta-Anartz Agirre.

 

 


Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa irabazi ondoren, Maialen Akizu Bidegainek larunbatean parte hartuko du Euskal Herriko finalean, Ikastolen Elkarteak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak lankidetzan antolatua. Helduen mailan (14-18 urte artekoak) ariko da Maialen, gabiriar jatorriko 15 urteko urretxuarra. Denera 11 bertsolarik kantatuko dute helduen finalean; euskal herrialde bakoitzeko bina laguni dagokien arren, Zuberoakorik ez da aurten, eta Nafarroa Beherekoa bakarra. Datu modura, Maialen da hamaika finalisten artetik gazteena, gainontzekoak 1993an, 1994an edo 1995ean jaioak dira.

Euskal Herriko 23. Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren (2011) kartel iragarlea.

 

Euskal Herriko eskolarteko bertsolari txapelketak 23. aldia du. Agurainen (Araba) jokatuko da, etzi, ekainak 18, goizean 14 urte arteko gaztetxoen finala (11:00etan hasita), eta arratsaldean helduena (15:30ean). Aguraingo Harresi aretoan dira saioak.

Hauexek dira helduen mailako finalistak:

  • Maialen Akizu Bidegain (Urretxu, Gipuzkoa, 1996).
  • Eñaut Martikorena (Hernani, Gipuzkoa, 1995).
  • Amaia Lasaga (Gasteiz, Araba, 1994).
  • Paula Amilburu (Aramaio, Araba, 1993).
  • Nerea Ibarzabal (Markina, Bizkaia, 1994).
  • Imanol Uria (Algorta, Bizkaia, 1993).
  • Maddi Ane Txoperena (Hendaia, Lapurdi, 1994).
  • Maddi Sarasua (Itsasu, Lapurdi, 1995).
  • Mikel Cherbero (Irulegi, Nafarroa Beherea, 1995).
  • Josu Sanjurjo (Lesaka, Nafarroa, 1993).
  • Irati Majuelo (Iruñea, Nafarroa, 1993).

Egin beharreko lanak bi atal izango ditu. Lehenbizi, guztiek, agur bana, binaka ofiziotan 8ko handian (bina bertso) eta binaka ofiziotan 8ko txikian (hiruna bertso) egin beharko dute. Ordura arteko puntuaketak pasatuko du galbahea, eta sei lehenbizikoek egingo dute aurrera, kartzelako lanari ekiteko.

Kartzelako fasean puntuari erantzun eta gaia emanda bina bertso (gehienez bost puntuko neurrian) bota beharko dituzte.

Hori helduen mailari dagokionez. Goizean gaztetxoen finala jokatuko da, 14 urte artekoena. Hor ere bazuen eskubidea gabiriar jatorriko eta Maialenen ahizpa Leire Akizu Bidegainek kantatzekoa, baina ez zaio aukerarik suertatu. Herrialdekako txapelketak taldeka egin dituztenez (lau kidek osatua), eta Euskal Herriko finalean probintzia bakoitzeko gehienez bi bertsolari egon daitezkeenez, ez zaio egokitu Leireri. Goierri-Elgoibar taldean kide izan zituen Paul Iruretagoiena ataundarrak eta Aizpea Garmendia lazkaotarrak kantatuko dute, Gipuzkoaren ordezkari.

EH eskolarteko bertsolari finala 2011-6-18 (PDFa)

Hala ere, Aguraingo Euskal Herriko finalean gabiriar jatorriko bakarra ez da Maialen izango. Aurkezle eta gai jartzaile lanak Naroa Sasieta Muruak egingo ditu, eta idazkari eta prentsa arduradun Maiteder Sasieta Murua ahizpa izango da. Elizalde eta Agerretxemendi, Euskal Herriko finalean presente, beraz.


Gaur-biharretan bertsoz hornituko dute asteburuko kultura agenda bertsolari gabiriarrek eta Gabirian jokatuko den saio batek. Gaur, ostirala, Urretxuko gaztelekuan da hitzordua, 23:00etan. Martxoan Bertsoa txapelketa herrikoian hiru gabiriar ariko dira kantuan, Gabiri2 taldean: Jokin Murua, Gorka Maiz eta Oier Oiarbide. Lehiaketa irabazteko faborito dira, sailkapen fasean puntu gehien bilduta haiek igaro zirelako lehen postuan. Erro Okocha ber bi taldea (Amaia Iturriotz, Mikel Iturriotz eta Ekain Aseginolaza) eta Lasatarrak (Antton Fernandez, Uxue Fernandez eta Jorge Andueza) izango dituzte kantu lagun. Duela bi urte, 2009an, Jokin Muruak eta Oier Oiarbidek bururatu zuten txapela, orduan hirukotea Endika Igartzabalekin osatuta, Mihiluzeak taldean.

Bihar, larunbata, bestetik, Osinalde bertso sariketari ekingo zaio Aztiriko Aztiri-Bat elkartean. Aztiri Saria jokatzeko sei bertsolari gazte gonbidatu dituzte, eta epaileek puntuazioz hautatutakoak igaroko dira Osinaldera, apirilaren 16an finalean aritzeko.

Hauek dira Aztiri Sarian parte hartuko duten berstolariak:

  • Julen Agirre (Beasain).
  • Odei Barroso (Urruña).
  • Ander Solozabal (Gasteiz).
  • Manex Mantxola (Urretxu).
  • Mikel Olaizola (Elgoibar).
  • Nekane Zinkunegi (Errezil).

Gai-jartzaile eta aurkezle lanetan Jokin Matxinandiarena jardungo da. Lehenengo afaria izango da Aztiri-Bat elkartean, bihar, 20:30ean hasita. Ondoren da bertso saioa, entzuleentzat sarrera libre dela.

 


Aurreko ostiralean bukatu zen Urretxu-Zumarragako Bertso Eskolak antolatzen duen Martxoan Bertsoko kanporaketa fasea. Bosgarren eta azken saioa Fox tabernan jokatu ondoren (Unai Kerejeta izan zen gai jartzaile) zehaztu zuten puntuazioz zein hiru talde igaro diren finalera. Tartean, eta sailkapenaren buruan, Gabiri2 taldea dago, Jokin Muruak, Oier Oiarbidek eta Gorka Maizek osatutakoa.

Hamabost talderen artean puntuazio handiena (191,5 puntu) batuta igaroko dira datorren ostiralean, hilak 25, Urretxuko gaztetxean izango den azken saiora. Gabiriarren beste taldea, Potto eta Bere Koadrila (Endika Igartzabal, Mikel Asurabarrena eta Aratz Igartzabal) 12. geratu da azken sailkapenean, 172,7 punturekin.

Hauxe da behin betiko sailkapena, kanporaketako bost jardunaldiak igaro ondoren:

  1. Gabiri 2 (Jokin Murua, Oier Oiarbide, Gorka Maiz). 191,5 puntu
  2. Erro Okocha ber bi. 185,7.
  3. Lasatarrak. 185,5.
  4. Oilarrak. 182,5.
  5. Gospe Apple Trinket. 182.
  6. Gu ta Gutarrak. 181,2.
  7. Betozu Kluba. 177,2.
  8. Zoropo Maite Zaitugu. 175.
  9. Potato. 174.
  10. Tupis Tupau. 173.
  11. Etamok. 173.
  12. Potto eta Bere Koadrila (Aratz Igartzabal, Mikel Asurabarrena, Endika Igartzabal). 172,7.
  13. Trikitilariak. 170,68.
  14. Beteranoak. 166,75.
  15. OK. 163,5.

Ostiral honetan, 23:00etatik aurrera, Urretxuko gaztetxean, Gabiriara Martxoan Bertsoko bigarren txapela ekartzen saiatuko dira Oiarbide, Maiz eta Murua.