Posts Tagged ‘erraketa’


VI. Sasipilotari txapeketa finalaren zain geratuko da, gaurkoarekin. Bigarren finalaurrekoa jokatuko dute, gaur arratsaldean, Alkainburu frontoian. Iazko txapeldunek jokatuko dute, batetik, Jon Ander Larrañaga-Eñaut Asurabarrena bikoak. Haien aurkari, Jokin Murua eta Iker Arratibel izango dira. Larrañaga-Asurabarrenak aurrekanporaketa bat gainditua dute dagoeneko; bost bikote zeuden, eta finalerdiak nork jokatu ebazteko galbahean aurrera egin zuten, Joseba Iztueta eta Oier Oiarbide alboratuta.

Abuztuaren 13ko finalean ziur izango den bikote bat, dagoeneko zain daukate: Aratz Igartzabal-Beñat Maiz bikoa. Horiek Jon eta Iban Maiz kanporatu dituzte, finalaurrekoan.

Sasierraketalarin, berriz, gaur eguerdian jokatu da lehendabiziko partida. Hamar bikote daude izena emanda. Aurrekanporaketa jokatuko dute lauren artean, eta ondoren kanporaketa modura izango da lehiaketa, eta ez hasieran pentsatu bezala bi multzotan banatutako ligaxka eran. Final-laurdenak eta finalaurrekoak jokatuko dira, horrenbestez, erraketan.

Advertisements

Sasierraketalari lehiaketa herrikoiak esku huskako Sasipilotarik baino partaide gehiago izango ditu, aurtengo udan. Erraketan 20 lagunek eman dute izena, eta antolakuntzak 10 bikote osatu ditu. Sasipilotarin, berriz, hamar lagun apuntatu dira, eta bost bikote osatu dituzte. Datorren astean hasiko dira partidak jokatzen, Alkain-Buru pilotalekuan. Finalak, bi arloetan, abuztuaren 13ko ‘Ezer ez eta festa’ egunean izango dira, arratsaldean.

Erraketako lehiaketan, hasieran bikoteak mistoak izango zirela aurreratu zuten antolatzaileek. Bost neska bakarrik apuntatu dira, ordea, eta beste bikoak mutilek osatuak izango dira. Hamar bikoteak bi multzotan bereizi dituzte, bosna bakoitzean; ligaxka eran jokatuko dute, denek denen aurka. Partidak 35 tantora izango dira, sakea 4tik 4ra; pasa 7an, baina ez da faltatzat hartuko.

Erraketalariak, txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

I. Sasierraketalari txapelketako jokalariak, 2011n. Txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

Multzo bakoitzeko sailkapeneko lehenengo bi bikoteek euren artean finalaurrekoak jokatuko dituzte; eta horietako irabazleek (A eta B multzoetako onenak, azken batean) finala abuztuaren 13an izango dute. Ligaxkako partida guztiak abuzturako jokatuta egon beharko dira. Ligaxkako aurreneko partidak jokatutakoan, antolakuntzak zehaztuko ditu hurrengo neurketak nork noren aurka egingo dituzten.

VI. Sasipilotari lehiaketan, berriz, hamar lagun bakarrik apuntatu dira, eta bost bikote osatu ditu antolakuntzak. Lehenbizi, bi bikotek aurrekanporaketa bat jokatuko dute euren artean, eta irabazleak jarraituko du aurrera. Geratzen diren lau bikoteek finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta horko irabazleek finala. Iaz Jon Ander Larrañaga-Eñaut Asurabarrena bikoteak irabazi zuen pilota txapelketa, eta, horregatik, aurten ere biek elkarrekin jokatuko dute. Hain justu, aurrekanporaketa jokatzea egokitu zaie.


Herriko pilota txapelketa herrikoiaren deialdia egin dute antolatzaileek. Sasipilotari lehiaketaren VI. edizioa jokatuko da, uztailean eta abuztuan. Finala, ohi bezala, abuztuaren 13an jokatuko da, Andre Mari jai nagusien atarian, lehenengo ekialdi bezala.
Izena emateko epea ireki dute. Datorren astelehenean, uztailak 1, bukatuko da. Ostatuan eta Aztiri erretegian utzi dituzte orriak, eta horietan idatzi behar da norberaren izena. Bikoteak antolatzaileek osatuko dituzte, gero.
Sasipilotari esku huskako arloarekin batera, aurten Sasierraketalari frontenis txapelketa ere izango da, aldi berean. Aurreko urteetan ez bezala, erraketakoa mistoa izango da aurten, ez neskena soilik. Neska-mutil bikoteek jokatuko dute.
Bikoteak egiteko zozketa izena emateko epea bukatu bezain laster egingo dituztela esan dute antolatzaileek. “Jokatu beharreko partidak noiz jokatuko diren ere antolakuntzak ezarriko du aurten, eta egun horiek estuki bete beharko dira”, azaldu dute.
Izena emateko erritmoa motel samar doala, eta jendeari animatzeko eskatu diote.


Festak hasi eta berehala, gaur arratsaldean jokatu da IV. Sasipilotari pilota txapelketa herrikoiaren finala, Alkain-Buru pilotalekuan. Frontoiko eserlekuak jendez bete dira. Jaialdian hiru partida jokatu dituzte. Lehenbizi I. Sasierraketalari txapelketa (partida bakarra izan da, gaurkoa); ondoren, esku huskako eta binakako Sasipilotarirena, eta hirugarren lau jubenilek egin duten erakustaldia.

Sasipilotari lehiaketako irabazleak Iñaki Oiarbide eta Jon Agirre (gorriz) dira. 22 eta 14 menderatu dituzte Josu Elgarresta eta Anartz Agirre. Partida gogorra izan da, fisikoa atzelarientzat, eta tanto zirraragarriak tartekatutakoa. Gorriek hasieran hartu duten abantaila nahikoa izan dute markagailuaren presiorik gabe eroso jokatzeko. Banako berdinketaren ondotik, 10 eta 2 aurreratu dira Oiarbide eta Agirre.  Alderik handiena hamar tantokoa eduki dute (13-3). Susperraldia iritsi zaie urdinei, eta 13-7raino hurbildu dira.

Finalistak, partida bukatutakoan. Txapeldunordeak (urdinez) eta garaileak (gorriz). AMM

Parekotasunez joan dira makina bat tanto jarraian, bat alde batera, bestea bestera eroriz. 14 eta 9koan, 15-10ean, 16-11n, 17-12an bost tantoko aldea mantendu da. Bukaerako txanpan gorriek gehiago asmatu dute, 20-12raino joateko. Azken emaitza 22 eta 14koa izan da. Estreinako aldiz aztiriarrek jokatu dute finalean; ez batek, bik baizik.

Erraketalari txapelketa aurten iragarri dute lehenbiziko aldiz antolatzaileek, neskentzat. Bakarra apuntatu zen, eta partida bat bederen jokatzeko lau pilotari elkartu dira gaurko. Maialen Akizu eta Ainhoa Arratibel aritu dira bikote batean, eta Eresti Oiarbide eta Lierni Asurabarrena bestean. 22 eta 15, lehen bikoteak irabazi du I. Sasierraketalari lehiaketa.

Erraketalariak, txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

Hirugarren partidan Gabiriako bikotea Lazkaoko beste bikote baten kontra aritu da. Aratz Igartzabal eta Julen Murua batetik, Manex eta Beñat Garmendia lehengusu lazkaotarrak bestetik. Denak Lazkaoko Lapke pilota eskolan aritzen dira, eta erakustaldi polita eskaini dute. Lazkaotarrek irabazi dute, 18 eta 11.

Lazkaoko pilota eskolan dabiltzan mutikoak, bi lazkaotar eta bi gabiriar. AMM

Sasipilotari lehiaketaren lau urteotako palmaresa:

  • 2008. Irabazleak: Josetxo Sagarna-Beñat Maiz. Txapeldunordeak: Felix Maiz-Iñigo Igartzabal.
  • 2009. Irabazleak: Eñaut Igartzabal-Iñigo Murua. Txapeldunordeak: Iñaki Arratibel-Jokin Murua.
  • 2010. Irabazleak: Eñaut Igartzabal-Iñigo Murua. Txapeldunordeak: Aimar Maiz (Josetxo Sagarnaren ordez, min hartua)-Gorka Maiz.
  • 2011. Irabazleak: Iñaki Oiarbide-Jon Agirre. Txapeldunordeak: Josu Elgarresta-Anartz Agirre.

 

 


Iritsi da herriko pilota txapelketaren ordua. Sasipelotari lehiaketaren laugarren ekitaldiari irteera eman diote gazte antolatzaileek, izena emateko orriak jarrita. Larunbatean ipini zituzten zerrendak herriko lau tabernatan, eta ekainaren 30era arte dago aukera apuntatzeko. Aurten emakumezkoentzako erraketa txapelketa da nobedadea.

Toki hauetan idatzi behar da izena: Ostatuan, Osinalde elkartean, Kortan eta Aztiri erretegian. Bi telefono zenbaki ere jarri dituzte eskuerara, erosoago zaionarentzat: 685 76 58 57 (Beñat) eta 679 04 45 72 (Eñaut).

Ohi bezala, eta aurreko hiru edizioen egiturari eutsita, izena emandako norbanakoen artean zozketa egingo dute, pilotari bikoteak osatzeko. Salbuespen bakarra iazko irabazleekin egingo dute, Eñaut Igartzabal eta Iñigo Murua txapeldunek elkarrekin jokatuko dutelako aurten ere.

Uztailaren 2an, larunbata, hasi nahi dute lehenbiziko kanporaketak jokatzen. Finala Andre Mari jaien atarian jokatuko da.

Haurrentzat beste sail bat antolatu dute herriko gazteek. 14 urtetik beherakoek euren txapelketa izango dute. Berrikuntza bezala, lehen aldiz emakumezkoentzat erraketa lehiaketa sortu dute, I. Sasierraketalari Txapelketa. “Batzuek esaten zuten esku pilotan egitera ez zirela animatuko, baina erraketa txapelketa izanez gero bai. Horregatik antolatu dugu. Ea animatzen zareten neskak ere, bai erraketan, bai eskuz”, esan dute antolatzaileek.