Posts Tagged ‘erlijioa’


Aspaldiko tradizioa da urtean behin Gipuzkoako zaindariaren babeslekura bisita egitearena. Arantzazuko erromesaldia, erlijio ekintza hori, bizirik da oraindik. Irailaren 29an egin zuten aurtengoa. Autobusean joan ziren, eta elizkizuna entzun ondoren, Hospederian bazkaldu zuten. 24 lagun izan ziren.

Arantzazura joan ziren gabiriarrak, irailaren 29an./Mari Jose Alustiza

Arantzazura joan ziren gabiriarrak, irailaren 29an./Mari Jose Alustiza

Bestetik, autobusean joatearena baino are zaharragoa den oinezko erromesaldia ere burutu dute. Urriaren 5ean, aurreko larunbatean, hamar lagunek egin zuten Gabiriatik Arantzazurako bidea, Aztiriatik eta Aizkorriko mendizerratik barrena.


Santu Guztien eguna da gaur, Domusantu. Hilerrietara joateko urteko data seinalatua. Joandakoak gogoratzeaz gain, ‘bisitan’ joatekoa. Herriko hilerria egun osoan zabalik egongo da gaur. Heriotzak gaur egun ez duen zentzua, esanahia, naturaltasuna eta normaltasuna zuen garaian hasita bezala, kanposantua lorez apaindua izango da. Heriotza, eragiten duen minagatik eta hutsuneagatik berez garratza den arren, saihestezina eta sinesmenez atsedenaren paradigma ere badelako.

Izan ere, azaroaren lehena gaur, eta udazkena negurantz erortzen ari den arren, euskaldunen gizaldietako jardunak jaiotzarekin ere lotu zuten hilabete hau:

Udazkena, artoa jasotzeko garaia ez ezik, garia ereiteko sasoia eta tenorea zenuen. Hortik datorke Azaro izena ere: hazi aroa, nonbait.

Julian Alustiza ‘Aztiri’, ‘Euskal baserriaren inguruan’, 269. orr.

Heriotza eta jaiotza lotu-loturik daudela, alegia.


Domund egunaren bueltan, Gabiriako Andre Mari Jasokundearen elizako batzordeak misioetara bidaltzeko laguntza biltzeko deia egin die herritarrei, eta ekarpenak jasotzeko bi bide ipini ditu. Batetik, ohiko modua, elizan diru laguntza ematea. Bestetik, Kristina Etxezarreta mojaren bitartez bideratuko dute gabiriarren laguntza, Kamerunera. Etxezarretak Kamerunen lan egiten du, misiolari. Bi ikastetxe dituzte.

Etxezarretak urriaren 15ean egin zuen hitzaldia, Etxeberri kutur etxean. Katekesi taldeak antolatu zuen ekitaldia, “hemengo haurrek munduko beste egoera batzuen berri jakin dezaten”. Moja azpeitiarrak argazkiekin hornitu zuen hitzaldia, haur kamerundarren bizimodua, beharrak eta egoera azaltzeko.

Hitzaldiak “arrakasta handia” izan zuen, “ume, guraso nahiz beste herritar batzuen parte-hartzearekin”, Eliza Batzordeko kideek jakinarazi dutenez.

Gabiriarrak, Kamerungo haurren argazkiak ikusten, Kristina Etxezarretak egin zuen hitzaldian.


Urteroko legean, irailaren azkeneko igandea zeukaten izendatuta gabiriarrek Arantzazuko santutegira ohiko erromesaldian joateko. Tradizioari 32 lagunek eutsi zioten, irailarn 25ean. Goizean autobusa herrian hartu, eta 28 lagun joan ziren goizeko elizkizunera. Meza entzun, eta Sindika jatetxean bazkaldu zuten gero 32 gabiriarrek. Arratsaldean elizan beste ospakizun bat egin, fraide frantziskotarren agurra jaso, eta 18:00ak alderako hartu zuten itzulerako bidea. Giro onean igaro zuten igandea, Eliza Batzordeko ordezkariek gaur esan dutenez.

Igande horretako erromesaldiaren bezperan ohitura da, baita ere, herritik Arantzazura oinez joatea. Irailaren 24an joan beharrean —eguraldi iragarpena oso atsegina ez zegoelako—, aurreko larunbat honetan, urriaren lehena, egin zuen mendi txangoa gabiriar talde batek. Aztiritik larunbatean o8:00etan abiatu ziren 11 herritar; Aizkorriren magala inguratu, Urbiako fondan bazkaldu, eta arratsaldean iritsi ziren Arantzazura. Eguraldi paregabea izan zuten orduko horretan. Itzulera kotxeetan egin zuten.


Ataunen organo barroko izugarri baliotsua daukate, San Martin elizan. Aurreko astean egin genuen erreportajea, Gipuzkoako Hitzan ostiralean atera zena. Estilo horretakoa da Gabiriako Andre Mari Jasokundearen elizan dagoen organoa ere. Ez hain zaharra (Ataungoak 250 urte bete ditu, Gabiriakoak 207 ditu), eta ez hain konplexua edo konpletoa. Baina badu bere xarma, eta balioa, noski.

Gabiriako eliza nagusiko organo barrokoa, herriko bost musikari inguruan dituela. Arg.: AMM

Gipuzkoan garai hartako bost organo besterik ez dira mantendu: Gabirian, Ataunen, Beizaman, Elduainen eta Aizarnan. Horiez gain, duela 20 bat urtetik Aieten (Donostia) ere badute barroko bat, Burgosko (Espainia) moja komentu batetik ekarria. Herri txikiak dira iraun duten guztiak ere. Organista eta historiatzaile adituek diote diru pixka bat zeukaten tokietan organo erromantikoak aldatu zituztela XIX. mendean, Frantziako joerarekin bat eginez eta musikalki eskaintzen zituen abantailak eskuratu nahian. Gabirian txiroak izan, nonbait, eta 1804an eraikitako organo zaharrarekin segitu zuten. Orain, ordea, “altxorra” da.

 Mila Osinalde organo-jotzaile zumarragarrak ondo ezagutzen du Gabiriako organo barrokoa. “Ez da Ataungoaren dimentsiokoa. Askoz txikiagoa da. Ez dauka kanpanillarik, ez txoritxorik,… Ataungoak gauza piloa dauzka, hura konpletoa da. Gabiriakoa txikia da. Meritua dauka noiztik dagoen, eta kontserbatzen nahikoa lan edukitzen dute Gabirian. Eskerrak Diputazioari, bestela diru asko kostatzen da. Gabirian mezari laguntzeko organoa jotzeko nahiago dute akaso beste teklatu bat, elektronikoa, xumeagoa, Gure Aita eta halakoak jotzeko. Eskerrak Diputazioak ordaintzen duela eta ekartzen dute baten bat jotzera; aurten ere egongo da, seguru asko, kontzerturen bat”, gogoratu du Osinaldek Gabiriako musika-tresna.

Organo barrokoak bere mugak -eta aukerak- ditu. Eraiki ziren garaiko musika jotzeko dira, eta organo-jotzaile adituen esanetan ezin du edonork eta edozer obra jo tresna horietan.

Gutxik bezala ezagutzen du Pepe Artzelusek Gabiriano organo zaharra. Argazkian, 2008ko San Roke egunean. Arg.: AMM

Bada, horixe, altxorra dela Gabiriako elizako organoa.


Gabirian San Joan inguruan ohi denez, loreak eta fruta bedeinkatzen dira elizan. Igande honetan, ekainak 19, egingo du Koldo Sarasola apaizak errituala, eguerdiko mezan. Lehengo igandean iragarri zuen apaizak bedeinkapen eguna igande honetara aurreratu dela aurten. Berez hilaren azken igandean zen egitekoa, baina egun horretako mezaren aurretik bataioak daudelako -hiru haur bataiatuko dituzte- eta Korpus eguneko ospakizuna dagoelako, astebete lehenago egingo da.

Jende askok mantentzen du ohitura etxeko frutak eta loreak elizara eraman eta San Joan aldeko bedeinkapena ematekoa.