Posts Tagged ‘elkartasuna’


Luis Migel Murua gabiriarrak haren seme Iñigoren alde egindako Tantaz tanta lagundu Iñigo kanpainarekin familiak jaso duen laguntza eskertu du. Atzo goizean Urretxuko Aizpuruenea kultur etxean emandako prentsaurrekoan adierazpen hunkituak eta esker onekoak egin zituen, eta gaur hainbat egunkarik jaso dituzte. Urretxun, Zumarragan eta Gabirian garatu da elkartasun kanpaina. Hiru herriei eta horietako herritarrei eskerrak eman dizkie Luis Migelek.

Iñigo mutikoa, 14 urtekoa, Galizian dago otsailetik, tratamendu bat jarraitzen, jaio aurretik burmuineko isuri batek utzi zizkion kalte neurologikoak arintzen laguntzeko. Tratamenduak eta bidaiek familiari sortzen dizkioten gastuetan laguntzeko abiarazi zuten Zumarraga-Urretxun elkartasun kanpaina. “Urretxuko eta Zumarragako udalek asko lagundu digute, eta nire herriari, Gabiriari, ere eskerrak eman nahi dizkiot. Baita gabiriarrek antolatutako bertso-afarian parte hartu zuten bertsolariei ere”, esan zuen Luis Migelek kazetarien aurrean, Goierriko Hitza-k gaur argitaratu duenez.

Zumarraga-Urretxu Ikastolari, Gorka Hermosari, Urretxuko eta Zumarragako artistei eta Goierri Kirol Elkarteari ere eman dizkie eskerrak. “Nire semearen ikaskideei eman nahi dizkiet eskerrak batez ere, ikuskizun zoragarriak eskaini baitzituzten. Musika eskolakoena ere ederra izan zela esan didate. Egun hartan ez nuen joaterik izan, ez bainuen indarrik. Beraiei ere eskerrak eman nahi dizkiet”. Kalean ere jende askoren laguntza jaso duela esan du, eta hori ere eskertu du Muruak: “Bereziki aipagarria da kalean ikusita besterik ezagutzen ez nauen gizon baten kasua. Semearengatik galdetu eta 100 euro eman zizkidan. Aho bete hortz utzi ninduen eta ez nuen eskerrak ematen asmatu”. Iñigok “geldialdi txiki bat” izan duela aipatu du Muruak, baina “poliki-poliki aurrera” egiten ari dela. “Autoestimurako ona den guztia ongi etorria izango da”.

Advertisements

Iñigo Murua 14 urteko mutikoaren arazo neurologikoak tratatzen laguntzeko, gabiriarrek erantzun dotorea eman dute. Aurreko ostiralean bertso afaria egin zen, Osinalde elkartean. Soziedadea bete egin zen. 95 lagun joan ziren afaltzera. Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Endika Igartzabal eta Gorka Maiz ziren bertsotan. Saio “oso ona” borobildu zuten. Murua mutikoaren sendikoek eta afariaren antolatzaileek zera esan dute: “Dena oso ondo irten zen; afaria, saio oso ona eta eta diru dezente atera zen. Oso gustura gelditu ginen”.
bertso1

bertso2


Iñigo Murua gabiriar jatorriko mutiko urretxuarraren alde bertso afaria egingo da herrian. Osinalde elkartean da, ekainaren 21ean, ostiralarekin. 21:00etan hasiko da afaria, eta prezioa 20 euro da. Izena emateko telefono zenbaki honetara hots egin behar da: 688 63 55 32 (Jokin). Bertsotan Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Endika Igartzabal eta Gorka Maiz ariko dira.

Tantaz tanta, lagundu Iñigo kanpainaren barruko ekitaldia da, Iñigori laguntzeko. Jaio aurretik burmuineko infartoa eduki zuen, eta ondorio neurologikoak utzi zizkion. Otsailetik Santiagon (Galizia) dago, hango erietxe batean tratamendua jarraitzen. Familiari diruz laguntzeko abiarazi dute elkartasun kanpaina Urretxu-Zumarragako eragileek. Ekainaren 16an kontzertu benefikoa egingo da (20:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan); ekainaren 26an eta 27an ikastolako DBHko haurrek ikuskizun benefikoak egingo dituzte (19:00etan, Zelai Ariztin), Urretxuko 3×3 saskibaloi txapelketako izen-emate dirua familiarentzat izango da; Urretxuko eta Zumarragako udalei laguntza eskatu diete… Eta herrian ere aletxoa ipiniko dute, bertso-afariarekin.

Bertso afaria


Urretxun eta Zumarragan maiatzaren 22tik abian da Tantaz tanta, lagundu Iñigo izeneko elkartasun kanpaina. Gabiriar jatorriko Iñigo Murua 14 urteko mutikoari laguntzeko da. Jaio aurretik buruko infartoa eduki zuen, eta ondorio neurologikoak utzi zizkion. Otsailaz geroztik Santiagoko (Galizia) erietxe batean terapia jasotzen ari da, eragin positiboarekin. Tratamendua garestia da, ordea; hilean 3.000 euro, mutikoaren aita Luis Migel Muruak esan duenez. Iñigo Galizian dago otsailetik, amarekin. Kostu handi horiek arintze aldera, Zumarraga-Urretxu Ikastolak, Goierri saskibaloi taldeak eta Secundino Esnaolak antolatu zuten kanpaina. Kontu korronte bat ere zabaldu dute, diru ekarpenak egiteko, Kutxabanken (2095 50 7450 9112857823).

Horrez gain, igande honetan kontzertu benefikoa egingo dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan, 20:00etan hasita. Gorka Hermosa akordeoi jotzaile urretxuarra agertu da prest. Hartara, bere lehen kontzertua egin zueneko 25. urteurrena Iñigoren eta Markel Lopez mutikoaren (epidermolisi bullosa azaleko gaitza du) aldeko emanaldi benefikoarekin ospatuko du, aldi berean. Bi herri horietako musikari, aktore eta artista gehiagoren laguntza izango du Hermosak igandeko kontzertuan. Bestetik, artistek, marrazkilariek eta margolariek beren artelanak eman dituzte, saldu eta ateratako dirua tratamenduak ordaintzeko erabiltzeko. Atzo aurketu zuten saio bi familietakoek eta Hermosak, alkateekin batera.

Urretxuko 3×3 saskibaloi torneoan izen-emateekin jasotzen den dirua Iñigoren familiari emango diote. Bestetik, ekainaren 26an eta 27an ikastolako DBHko 1. eta 2. mailetakoek ikuskizun benefikoa egingo dute, 19:30ean, Zelai Arizti aretoan. Urretxuko eta Zumarragako udalei ere eskatu diete laguntza eragileek.

Iñigoren egoeraren eta kanpainaren berri maiatzaren 22an eman zuten aitak eta laguntzaileek, prentsaurrekoan.


Domund egunaren bueltan, Gabiriako Andre Mari Jasokundearen elizako batzordeak misioetara bidaltzeko laguntza biltzeko deia egin die herritarrei, eta ekarpenak jasotzeko bi bide ipini ditu. Batetik, ohiko modua, elizan diru laguntza ematea. Bestetik, Kristina Etxezarreta mojaren bitartez bideratuko dute gabiriarren laguntza, Kamerunera. Etxezarretak Kamerunen lan egiten du, misiolari. Bi ikastetxe dituzte.

Etxezarretak urriaren 15ean egin zuen hitzaldia, Etxeberri kutur etxean. Katekesi taldeak antolatu zuen ekitaldia, “hemengo haurrek munduko beste egoera batzuen berri jakin dezaten”. Moja azpeitiarrak argazkiekin hornitu zuen hitzaldia, haur kamerundarren bizimodua, beharrak eta egoera azaltzeko.

Hitzaldiak “arrakasta handia” izan zuen, “ume, guraso nahiz beste herritar batzuen parte-hartzearekin”, Eliza Batzordeko kideek jakinarazi dutenez.

Gabiriarrak, Kamerungo haurren argazkiak ikusten, Kristina Etxezarretak egin zuen hitzaldian.


Kristina Etxezarreta azpeitiarrak —senitartekoak ditu Gabirian— hitzaldia egingo du larunbatean, urriak 15, Gabiriako Etxeberri kultur etxean. Lekaime lanetan Kamerunen ari da gaur egun, eta hango gizartearen nahiz herritarren egoera eta bizipenak kontatu ditu. Hitzaldia larunbatean 17:00etan hasiko da.

Hango argazkien bidez hornituko du Etxezarretak kontakizuna. Kamerunen bi eskola zabaldu dituzte, eta bera da zuzendaria. Afrikako haurrekin lan egiten duenez, haiek nola bizi diren azaldu du.

Hitzaldiaren ondoren, larunbatean 19:00etan, umeen meza egingo da, Andre Mari elizan.


Gabiriako odol emaileek gaur arratsaldean izan dute aurtengo lehen hitzordua odola emateko. Ormaiztegiko anbulatorioan elkartu dira, ohi bezala, 18:00etatik aurrera. Gabiriako emaileak, Ezkio-Itsasokoak bezalaxe, Ormaiztegiko odol emaile ordezkaritzan biltzen dira.