Posts Tagged ‘dokumentalak’


Deikaztelu eta Itsaso arteko 400 kV-eko goi tentsioko argindar linearen kalteak agerian uzteko, eta Nafarroako eta Gipuzkoako herrietan nahiz kontzejuetan REE Red Electrica de España SAren proiektu horrek duen aurkakotasuna adierazteko, 400.000 volt dokumentala egin du Autopista Elektrikorik Ez plataformak. Berriki bukatu dute, eta Interneten dago ikusgai. Gattiken ekoiztetxeak ondu du 24 minutuko ikus-entzunezkoa.

Bestetik, herrian herri batzarra egin zen maiatzaren 24an. Talde bat eratu zen, ekainaren 16an egingo den herri galdeketa prestatzeko.

Goi tentsioko lineen aurkako herriko taldea, maiatzaren 24an.

Goi tentsioko lineen aurkako herriko taldea, maiatzaren 24an.

Goi tentsioko lineen inguruko informazioa, orain arte argitaratutakoa.

Asteburu honetan mendi martxa eta kanpaldia egingo dituzte, Deikaztelu-Itsaso argindar línea igaroko litzatekeen parajeetatik. Gabiriako plazan hasiko da ibilaldia, larunbat eguerdian (ekainak 8). Handik Barbari gaineraino joan, eta larunbat gaua han igaroko dute, kanpaldian. Igandean, Etxegarate gainean amaituko da mendi ibilaldia.

Advertisements

Udalaren Kultura Batzordeak antolatuta, ‘Bidaia intimoak’ film dokumentalaren emanaldia izango da Gabirian ostiralean, abenduak 9. Etxeberri kultur etxeko ikus-entzunezkoen aretoan da saioa, 22:00etan. Jon Maia bertsolariak 2009an zuzendua da lana, eta euskara berriz ikasi zuten lau euskal herritarren testigantzak bildu zituen. Urte hartako Korrika 16 ekimenaren baitan ekoitzi zuen Orio Produkzioak ekoizetxeak, eta orain Argia Emanaldiak eskaintzaren bitartez iritsiko da herrira.

Bidaia Intimoak kartela

Lau euskaldunberrien artean Gabiriako jatorria duen Jesus Mari Soraluzeren istorioa ikus liteke Bidaia intimoak pelikulan. Aita Zuzula Behekoa baserrikoa, Ermuan (Bizkaia) jaio zen Soraluze, eta haurretan Gasteizera joan ziren bizitzera. Txikitan barneratutako euskara lausotu zitzaion, inguru erdaldunean disolbatu arte. Euskarari berriz heldu zion, ordea, eta euskaltegietan jardunda ikasi zuen atzera.

Dokumentaleko testigantzen emaileak eta Jon Maia zuzendaria. Ezkerretik bigarrena da Jesus Mari Soraluze gabiriar jatorriko ermuar-gasteiztarra. Arg.: Santurtziko Bai Esan Euskara Elkartea.

‘Berria’ egunkarian 2009ko apirilaren 2an egindako elkarrizketan gogoratu zituen Soraluzek euskararekiko gora-beherak. Familiarekin etxean euskaraz egiten zuen, txikitan: “Bai, egiten genuen. Baina gaztelania gehiago, nik behintzat. Nire gurasoak Goierrikoak ziren, baina erdara nagusi zen toki guztietan. Gurasoak saiatzen ziren euskaraz egiten, baina nire lagun guztiak eta nire ingurua erdaldunak ziren”, dio Soraluzek ‘Berria’-rekin egindako elkarrizketan.

Ermuan jaio, eta 8-9 urterekin Gasteizera aldatu ziren. Soldadutzan sartu zitzaion euskara ikasteko “kontzientzia”. “Euskalduna euskara egin gabe, inkoherentzia hutsa da. Soldadutzatik etorrin nintzenean hasi nintzen ikasten, ilusioz beterik. Burmuinean euskara banuen. Prozesu polita izan zen”.

Azalpen guztiak, beraz, ostiralean ikusi eta entzun ahalko dira, protagonisten ahotik, ‘Bidaia intimoak’ ikus-entzunezkoan.