Posts Tagged ‘aztiria’


Aztiriko Santa Marina jaietako bigarren kirol proba entzutetsua bihar goizean izango da, igandearekin. Aztiriko IX. Mendi Lasterketa jokatuko da, 11:00etan hasita. Ohiko ibilbidea izango dute korrikalariek, 11,5 kilometro luzekoa. Aztiri-Bat elkartearen aurretik abiatu, Lizardi Behekoraino jaitsi, handik gora Etxeaundi eta Etxetxoetara irten, eta Gaintzabalen barrenetik Legorburura, Zabaletara eta Makatzagara jaitsi, eta atzera gorantz Biurrain biak igaro, eta atzera Santa Marinako kaskora. Bi itzuli egin beharko dizkiote zirkuitu horri.
Probaren denbora-markak iaz ondu zituzten, bai gizonezkoetan (Ruben Lantz legazpiarrak), bai emakumezkoetan (Ainhoa Sanz urretxuarrak). Lehendabiziko hiru sailkatuentzat izango dira sariak, bi arloetan. Bailarako (Goierri garaia) aurrenekoentzat ere garaikurrak jarri ditu Goierri Garaia Atletismo Elkarte antolatzaileak.

Urtea Edizioa Gizonetan irabazlea Denbora Emakumeetan irabazlea Denbora
2005 1.a* Zuhaitz Ezpeleta 35:21 Elena Huarte 50:19
2006 2.a Mikel Nabarro 49:26 Lurdes Intxausti 1:10:12
2007 3.a Juanjo Igartzabal 47:22 Romy Mey 58:16
2008 4.a Juanjo Igartzabal 47:36 Lurdes Intxausti 1:05:50
2009 5.a Ruben Lantz 47:12 Pilar Arriola 1:07:54
2010 6.a Juanjo Igartzabal 46:41 Rakel Aperribai
2011 7.a Ruben Lantz 46:04 Nerea Amilibia 56:40
2012 8.a Ruben Lantz 44:55 Ainhoa Sanz 53:48

*2005eko lehen edizioan ibilbidea 9,5 kilometrokoa izan zen; beste guztietan, 11,5 kilometrokoa.


Aztiriko Santa Marina jaiak zaindariaren egunarekin hasiko dira aurten, ostegunean (uztailak 18), eta hurrengo astebukaerarekin bat eginda jarraituko dute. Lau eguneko egitaraua antolatu du Aztiri-Bat elkarteak. Azken urteotako ohiko egitura izango dute festek: meza eta hamaiketakoa Santa Marina egunean; auzo afaria ostiralean; futbol partida eta juniorren txirrindularitza proba larunbatean; eta mendi lasterketa igandean.

Larunbatean, beste alde batetik, iaz erabateko arrakasta izan zuen musika kontzertuak egingo dituzte. Herriko Guri5 taldeak eta Legazpiko Lortu taldeak joko dute. Txerri harrapaketa ere egingo dute, goizaldean. Txosna jarriko dute plazan, iaz bezala.

Aztiriko jaietan, iaz, Etxeaundi baserriko Juanita Iñurrategi (91 urte) omendu zuten./AMM

Aztiriko jaietan, iaz, Etxeaundi baserriko Juanita Iñurritegi (91 urte) omendu zuten./AMM

EGITARAUA

Uztailak 18, osteguna

  • 11:00. Meza.
  • Ondoren. Hamaiketakoa auzotarrentzat, Aztiri-Bat elkartean. Miren Deba eta Ander Ibarguren trikitilariak.

Uztailak 19, ostirala

  • 19:00. Kanpai joaldia eta suziri jaurtiketa, jaien hasiera iragartzeko.
  • 19:00. Bola eta toka lehiaketak, auzotarrentzat.
  • 19:30. Triki poteoa.
  • 21:00. Auzo afaria, Benta Lehor jatetxean.
  • 23:00. Olarte Anaiak trikitilariekin erromeria.

Uztailak 20, larunbata

  • 11:00. Helduen eta gazteen arteko futbol partida, Gaintzabal zelaian.
  • 13:00. Txikiteoa.
  • 16:00. Aztiriko Txirrindulari Proba, juniorrentzat. Ibilbidea eta ordutegia, HEMEN.
  • 18:00. Patata-tortilla lehiaketa. Ondoren, pintxoak, ardoa eta sagardoa.
  • 19:00. Bola eta toka lehiaketak.
  • 23:00. Guri5! eta Lortu taldeen kontzertua.
  • 05:00. Txerri harrapaketa.
  • Ondoren. Txokolate-jana.

Uztailak 21, igandea

  • 09:00. Goiz eresia Gabiriako txistulariekin.
  • 10:45. Gabiriako Udalbatzari ongietorria.
  • 11:00. Aztiriko IX. Mendi Lasterketaren hasiera. 
  • 11:00. Meza. 
  • Ondoren. Aztiriar adinekoenari omenaldia. 
  • 12:30. Goruntz dantza taldearen saioa. 
  • 13:00. Mendi lasterketako sari banaketa. 
  • 13:00. Katain eta Euzkitza trikitilariak. 
  • 18:30. Herri kirol erakustaldia. Ostola harri jasotzen, Xabier Zaldua eta Iñaki Azurmendi aizkoran. 
  • 19:00. Bola txapelketa. 
  • Ondoren. Trikitilariak. 

kartela


Aztiriko Igoera txirrindularitza proba jokatu egingo da aurten ere. Uztailaren 20an izango da 23. Igoera, 16:00etan hasita. 2011n berreskuratu zuten lasterketa historikoa, Telleriarteko txirrindulari elkarteak antolatua. Bederatzi urtean antolatu gabe egon zen.

Junior mailako txirrindularientzat izango da Aztiriko saria. Iaz baino ibilbide samurtxeagoa prestatu dute antolatzaileek, 70,8 kilometro luzekoa. Aztiriatik abiatu, Motxorroraino neutralizatuta joan, eta Urretxuraino bi joan-etorri egingo dituzte, berotzeko. Aztiriara igoko dira jarraian, eguneko lehen zailtasuna; Zerain-Segura-Idiazabaldik buelta eginda, Ormaiztegitik gora Gabiriako herrigunera joango dira gero. Altzibarrera jaitsi, eta Ormaiztegitik barrena Atagoiti igoko dute. Motxorrotik gora, berehala, Aztiria, helmugaratzeko.

Herriko hiru mendateak gainditu beharko dituzte ziklistek: Aztiria (bi aldiz, Motxorro aldetik bietan), Gabiria (Ormaiztegitik) eta Atagoiti (Ormaiztegitik). Helmugara 17:46an iritsiko direla aurreikusten da, 40 km/h-ko abiadura bataz bestekoarekin.

Aztirian uztailaren 18tik 21erako asteburu luzean ospatuko dituzte Santa Marina jaiak. Txirrindulari lasterketa festetako osagai bat izango da.

Aztiriko Igoera 2013-7-20 ibilbidea


Udalak auzolanerako deia egin du, etziko, abenduaren 29a, larunbata. Azitiriarako bidea garbitzea izango da lana. Laguntzeko prest daudenek udalkideei deitu behar diete, eta haiek azalduko diete zer lan eta non egin behar den.


Larunbatean, eguraldi eguzkitsua lagun, Atagoititik Aztiriara bitarteko mugarriak ikusi zituzten hainbat herritarrek, Legazpirekiko mugan ibiliz beti. Herriaren buelta osoko mugarriak aurkitzen bizpahiru urte igaro dituzte udalkide eta herritar batzuek, eta orain emaitza denek ikusteko ordua da. Larunbat goizean 24 lagunek egin zuten proiektuko lehen ibilaldia. Bidean, Gabiriako puntu garaienetik ere pasatu ziren, Aizalekun (812 m) hamaiketakoa egin baitzuten.

Aizalekuko gurutzean. Gabiria eta Legazpi arteko muga-lerroaren —eta udalerriaren— toki garaiena. J. Murua.

Aztiriko plazara iritsitakoan, 11:30a aldera, hiru udalerriren muga markatzen duen harria kokatu zuten, falta zen eta. Iturri-askaren eskuin aldean, Biurrain baserrietara joateko bidea abiatzen den lekuan, langaren alboan, sartu zuten Gabiria, Legazpi eta Mutiloa arteko mugarria. Hiru aldeko harlanduan, G, L eta M hizkiak zizelkatuak ditu mugarri horrek, aurpegia begira dagoen herriaren izenaren inizial gisa.

Gabiria, Legazpi eta Mutiloa arteko mugarria kokatzen. J. Murua

Azpian teila pusketak sartu zituzten. Antzina, mugarriak (bai herriarenak, bai etxeenak) bereizteko teila zen adierazlea (etxearen jarraipentzat irudikatzen zen antzina teila, jabetza jakina zuena). Hala, “edozein harri” ez dela adierazten du seinale horrek.

Mugarriak ikusteko lehen irteeran izan zirenak, Aztirian, behin ibilaldia eta lanak bukatutakoan. J. Murua


Aztiri Bat elkarteak eta Goierri Garaia Atletismo Taldeak antolatzen duten Aztiriko Mendi Lasterketak zortzigarren ekitaldia izango du igandean, uztailak 15. Santa Marina jaien barruan, igande goizean da korrika-proba, 11:00etan hasita Aztiria gainetik.

Ibilbideari dagokionez ez da aldaketarik izango, aurreko urteetatik. 11,5 kilometro luze izango ditu zirkuituak. Aztiri Bat soziedadearen paretik abiatu, honako ibilia egin beharko dute kroslariek: Lizardi – Gaintzabal – Legorburu – Zabaleta – Makatzaga – Biurrain Behekoa – Biurrain Goikoa – Aztiria. Zirkuituari bi buelta ematea da zeregina.

Planoa

Perfila

Sariak ere finkatuta daude. Gizonezkoek eta emakumeek jasoko dute hauetako sari bana:

Sailkapen orokorra:

  1. 90 euro eta garaikurra.
  2. 50 euro eta garaikurra.
  3. 30 euro eta garaikurra.

Lehen herritarra (Gabiriako nahiz Legazpiko bizilaguna):garaikurra.

Partaideen artean lau saski zotz egingo dituzte. Parte-hartzaileei hamarretakoa emango diete, baita ura ere. 16 urtetik gorakoek irten ahalko dute.

Aztiriko 8. Mendi Lasterketa 2012-7-15 esku-orria

Gipuzkoako Atletismo Federazioko aipamenera lotura.

Palmaresa:

Aztiriko Mendi Lasterketak
Urtea Aldia Garaileak
Gizonak Denbora Emakumeak Denbora
2005 1.a* Zuhaitz Ezpeleta 35:21 Elena Huarte 50:19
2006 2.a Mikel Nabarro 49:26 Lurdes Intxausti 1:10:12
2007 3.a Juanjo Igartzabal 47:22 Romy Mey 58:16
2008 4.a Juanjo Igartzabal 47:36 Lurdes Intxausti 1:05:50
2009 5.a Ruben Lantz 47:12 Pilar Arriola 1:07:54
2010 6.a Juanjo Igartzabal 46:41 Rakel Aperribai
2011 7.a Ruben Lantz 46:04 Nerea Amilibia 56:40

*2005eko lehen edizioan ibilbidea 9,5 kilometrokoa zen. Beste guztietan, 11,5 km-koa.


Egutegian aurreratuta datoz aurten Santa Marina jaiak, Aztirian. Aurrera litezkeen gehiena aurreratuta. Aztiriko zaindari Santa Marinaren festa-burua (uztailak 18) asteazkenarekin denez, aurreko astebukaerara luzatu dute soka. Hala, bihar zortzi hasiko dira, uztailaren 13an. Ostirala, larunbata eta igandea bapo ibili, eta asteazkenean eguna gogoratu; horixe da plana.

Azken urteetako egitura antzekoa eman diote festa-egun bakoitzari. Hasteko, ostiralean, kanpai bueltakoak eta suziriak astindu, eta auzotarrentzat bola nahiz toka txapelketak egingo dituzte. Ondoren, auzo afaria, Benta Lehorren. Gauean, trikitilariekin erromeria.

Larunbatean, ia esklusiboki kirolak hartuko du egunaren zati handiena: futbol partida Gaintzabalen, junior txirrindularien lasterketa, bolatea eta toka. Baita “kalean gora, kalean behera” ibilaldiak ere, eguerdiko txikiteoan.

Igandean, tradiziozko ekitaldiak dira nagusi. Auzoko adintsuena omenduko dute aurten ere. Mendi lasterketak ere erakarriko du arreta.

Egitarau aurrerapena, hauxe:

OSTIRALA, uztailak 13

  • 19:00. Kanpai joaldia eta suziriak, jaiak hasteko.
  • 19:00. Bola eta toka txapelketak, auzotarrentzat.
  • 19:30. Poteoa, trikitilariekin.
  • 21:00. Auzo afaria, Benta Lehor jatetxean.
  • 23:00. Erromeria, Antsorregi eta Larrañaga trikitilariekin.

LARUNBATA, uztailak 14

  • 11:00. Helduen eta gazteen arteko VII. Futbol Partida, Gaintzabal zelaian.
  • 13:00. Poteoa.
  • 16:00. 22. Aztiri Igoera txirrindulari proba, juniorrentzat.
  • 18:00. 17. Patata-tortilla Lehiaketa. Gero, pintxoak eta ardoa.
  • 19:00. Bola eta toka txapelketak.
  • 23:00. Gazteen musika taldeak.

IGANDEA, uztailak 15

  • 09:00. Goiz eresia baserriz baserri, txistulariekin.
  • 10:45. Gabiriako Udalbatzari ongietorria.
  • 11:00. Aztiriko VIII. Mendi Lasterketaren hasiera.
  • 11:00. Meza.
  • Ondoren, auzoko nagusienari omenaldia.
  • 12:30. Goruntz dantza taldearen saioa.
  • 13:00. Trikitilariak. Mendi lasterketako sari banaketa.
  • 18:30. Herri kirolak.
  • 19:00. Bola txapelketa.

ASTEAZKENA, uztailak 18, Santa Marina eguna

  • 11:00. Meza.
  • 12:00. Lunch-a.