Posts Tagged ‘aztiri’


Osinalde bertso sariketaren 42. ekitaldia gorpuztu dute antolatzaileek. Ohi bezala, Errege egunaren hurrengo egunean (urtarrilaren 7a astelehena zen aurten) elkartu ziren. Azken urteetako egitura bera edukiko du lehiaketak: aurrez hiru saio jokatuko dira, seina bertsolari ariko dira bakoitzean, bertsolari gazteak dira, eta afaria izango da aurretik. Tokiei dagokienez, aldaketa garrantzitsu bat badago, hala ere: Idiazabalgo Axari sariketa desagertu egingo da, eta haren lekua Zaldibiako Osinberde sariak hartuko du. Ordiziako Argi-Berri eta Aztiri dira gainontzeko bi sariak.

Bakoitzetik bina bertsolari sailkatuko dira, epaimahaiak puntuz izendatuak, Osinaldeko finala jokatzeko. Saio bakoitzean, entzuleek sarituko dute gaueko bertsolari gustukoena, lekuan lekuko garaikurra emanez: Ordizian Txikia saria, Aztiri saria herriko auzoan, eta berdin Osinberden. Aurretiazko saioak martxoan zehar jokatuko dira. Argi-Berrikoa hasiko da, martxoaren 9an; Osinberde hurrengoa, hilaren 16an, eta Aztirikoa azkena, martxoaren 23an. Osinalde sariketa apirilaren 6an da. Guztiak larunbatak dira.

Sarean dagoeneko ari da sariketa girotzen. Rufino Iraolak Twitterren antolatzaileak goraipatu ditu: “Badute meritua Eusebio Igarzabalek, Iñaki Muruak eta abarrek, eurak pentsatzen duten baino gehiago estimatzen ditut”.

Saioz saio, bertsolari hauexek ariko dira kantuan. Aurten ez dago gabiriarrik. Goierritarra ere bakarra. Antolatzaileek asko begiratzen diote lurraldetasunari, eta aipagarria da aurten sei euskal herrialdetako bertsolariak ariko direla: gipuzkoarrak 8; bizktaitarrak 3; nafarrak, arabarrak eta lapurtarrak bina; eta zuberotarra bat.

1. Argi-Berri Saria (martxoak 9, Argi-Berri elkartea, Ordizia. 20:30ean afaria)

  • Aitzol Iturbe (Antzuola, Gi).
  • Josu Oiartzabal (Azpeitia, Gi).
  • Ainhoa Comas (Amurrio, A).
  • Paula Amilburu (Aramaio, A).
  • Aitor Salegi (Zestoa, Gi).
  • Jokin Bergara (Eibar, Gi).

2. Osinberde Saria (martxoak 16, Osinberde elkartea, Zaldibia. 20:30ean afaria)

  • Iñaki Aleman (Irurita, Na).
  • Nerea Ibarzabal (Markina-Xemein, Bi).
  • Josu Sanjurjo (Lesaka, Na).
  • Nekane Zinkunegi (Errezil, Gi).
  • Maindi Murua (Azkaine, La).
  • Joanes Etxaide (Zegama, Gi).

3. Aztiri Saria (martxoak 23, Aztiri-Bat elkartea, Aztiria. 20:30ean afaria)

  • Maddi Ane Txoperena (Hendaia, La).
  • Imanol Uria (Algorta, Bi).
  • Eneritz Artetxe (Azkoitia, Gi).
  • Peio Ormazabal (Arrigorriaga, Bi).
  • Imanol Irazustabarrena (Alegia, Gi).
  • Joanes Etxeberria (Barkoxe, Zu).

4. Osinalde Saria: apirilak 6, Osinalde elkartea, Gabiria. 20:30ean afaria. Aurreko hiru saioetan sailkatutako bina bertsolarirekin.

Bien bitartean, iazko Osinalde sariko (2012-4-14) bideoa gozagarri, Gotzon Aranburu kazetariak egina:

Advertisements

Erlijio kristauak Santu Guztien eguna ospatzen duen bitartean, kristautasunaren aurretik datorren beste ospakizun baten garaia ere hasten da gaur, azaroaren lehenean: gaztainak jatekoa, Gaztainerre festa deitzen diotena zenbait lekutan. Gabirian ere, tradizio zahar hori berrituko dute gaur arratsean, elkarteetan eta lagunartean gaztaina janak eginez.

Azaroaren lehenetik San Martin arte (azaroak 11) hartzen omen du gaztainaren festak. Garai batean gizakien oinarrizko elikagaia zen gaztaina, Paleolitikotik, ezkurrarekin batera. XVI. mendean atzendu zen haren garrantzia, Amerikatik artoa eta patata sartzen hasi zenean.

Euskal Herrian Gaztainerre deritzon festa beste nazio batzuetan ere bada, Iberiar penintsularen iparraldeko herrialdeetan, gaztainadiak dauden lekuetan, noski: Galizian magosto, Portugalen magusto, Asturiesen maguestu, Kantabrian magosta, Katalunian castanyada, Extremaduran chaquetía, Gaztelan calbote… Magostoren etimologia latineko ‘magnus ustus’ -en (su handia) ikusten dute aditu batzuek, ‘magnum ustum’-en (suaren magikotasunari erreferentzia eginez) besteek. Edonola ere, erromatarren garaikoa dateke.

Julian Alustizak, bere ‘Euskal baserriaren inguruan’ liburu antologikoan, gabiriarrontzat gai etnografiko baliotsua utzi zuen, gaztainaren inguruan. “Gabiria aldeko mota berezienak” atalean zazpi gaztaina klase ematen ditu, herrian bilduak, beren izen berezi eta guzti:

  • Andra Mari gaztaina. Lehenengo  heldu ohi zena, egosita jateko oso ona. Goiz gaztaina. Ordiziako azokan saltzeko estimazio handikoa.
  • Azpeiti gaztaina. Ale ederrekoa eta zabal-zabala. Egosita jan ohi zuten gehienetan.
  • Bizkai gaztaina. Mutur luzeko alea. Egosita nahiz erreta jateko goxoa.
  • Artaloa. Alerik handienekoa. Zakar samarra, baina jaten zen.
  • Elorri gaztaina. Ona jateko.
  • Kirrimahatsa. Ale elkor samarra. Danbolinean erreta jateko ona.
  • Ahuntz gaztaina. Alerik zatarrekoa eta elkorra. Erreta jan ohi zen beti. Abereentzat ere erabili ohi zen.

Alustizak esaerak eta sinesmenak ere jaso zituen, gaztainarekin lotutakoak. Uztailean zegoeneko gaztainarekin pentsatzen egoten zirela adierazten du uste honek: “Santa Madalen eguna oreatue baldin bada, gaztaina-hagaik egin beharrik ez; oskarbi bada, berriz, gaztaina hagataa”. Santa Madalena egunak erakusten zuen, batik bat, zer gaztaina uzta etorriko zen. Gabirian honela esaten omen zuten: “Aurtengo hotz-busti honekin gaztaineek ez du lanik egin”, ale txikia gelditu zela.

Kontu kuriosoa ere badakar aztiriarrak liburuan. Bilketa garaian, gaztainatara hagarekin joanda istripua gertatzeko arriskua berekin zuen gaztainak, morkots arantzadunagatik:

Gaztaina-lepora igo eta haga luze horretaz inarrosi eta muskiltzen zuten gaztaina-arbola. Eta badaezpada, kontuz eta argi ibili behar azpitik zebiltzanak: morkotsaren ukitua ez baitzen batere gozoa. Eta oker negargarriak ere gerta zitezkeen tarteka. Baziren gaztaina-morkotsak begian jo, eta erabat itsututa gelditutakoak ere. Neronek ere ezagutu nuen bat behintzat: Gabiriako Behekoetxe baserriko aitona, noski.

Julian Alustiza, ‘Euskal baserriaren inguruan’, 122. orr.


Gaur, San Joan bezpera. Udaren ataria. Gauean 22:00etan Kurutz-Bakar aldean piztuko den suak irudikatuko du euskal sinismen zaharrak su garrari ematen zion balioa: sua, eguzkiaren oinordekoa da lurrean.

Julian Alustiza ‘Aztiri’ zenak halaxe utzi zuen idatzitza ‘Euskal baserriaren inguruan’ liburuan, ekainari buruzko azalepenetan (260-261. orr.):

 Ez dago esan beharrik ere gure artzain eta nekazariak izadiarekin lotuak bizi izan zirela mende sail haundiak zehar. Eta garaiz jabetu ziren Eguzki amandrea noiz iritxi ohi zen bere gailurrera: Garagarrilean, noski. Hortik dator gero zenbait tokitan hil honi ematen dioten izen jatorra ere: Ekaina (Eguzki-gaina).

(…) gure zaharrentzat Eguzkia, norbait saindua ez-ezik, lurreko ernal indar guztien eta bizi oparotasunaren iturria zen, eta sua, berriz, bere irudirik jatorrena bezala zeukaten. Hori dela ta sortu zituzten hainbeste ospakizun eta festa Ekaineko suaren ingurumarian. Geroago ospakizun horiek kristautu nahiz edo, San Juan Bataiatzailearen inguruan moldatuak azaltzen zaizkigu denak.

Udako urtaroaren berri zaharrak jakinarazten aurrera segita, San Joan inguruan gaztaina ere gogoan izaten zuten antzinako euskaldunek —eta gabiriarrek—, Alustizak jasoaren arabera. Udazkenean bildu arren, urte osorako jakia zen, iraupen luzekoa izaki. Begirune handia zioten gaztainari, eta udaren hasierako ospakizun magikoetan ezin falta udazkenean gaztainak oparo emateko eskaririk.

Honela bildu zuen Alustizak (262. orr.):

Gaztaina-jakia ez zeukaten bertan behera uzteko [euskaldunek]. San Juan bezperan bertan ere, eta su eder baten ondotik, honela eskatu ohi zuten gure zaharrek:

“San Juan berde, San Juan berde,

koskolik batere gabe,

hiru ale, hiru ale”.  (Gabiria)

Baina gure zaharren iritzian, uztailaren 22an zegoen gaztainaren joku guztia:  “Madalena bero, hagatara gero”.

Hori hilabete barru da, oraindik.


Gabiriako herriguneaEgundoko eguraldiak egin ditu azkeneko aste honetan. Otsailaren hasiera bikaina giroari dagokionez: eguzkitsua, urdin-urdin zerua, tenperatura goxoa eta udaberri ukitua. Baina ezin ahaztu neguaren erdian gaudela oraindik. Julian Alustiza Aztiri zenak ederki jaso zuen euskaldun arbasoen sentipena otsailari buruz: “Negua ere bere garaitxoan etortzea nahi litzateke, orduantxe egiten bait du kalterik gutxien ere”, idatzi zuen Euskal baserriaren inguruan liburu jakingarrian. “Izan ere otsaila, nahiz eta egunez laburra izan, ez zenuen gure zaharrentzat batere fidagarri”, jarraitzen du, Otsaila firili faraila esaerari tokia uzteko.

Pentsa zenbaterainoko kaltea sor lezakeen otsaileko eguraldi “onak”, J.M. Satrustegik jasotako testigantza hau erabiltzen baitzuen Arruazuko (Nafarroa) artzain batek: “Otsailean gizona manko-hutsean baino, otsoa arditan ikustea hobe”. Eta gu, XXI. mendeko modernook, eguzkia eginez gero eguraldi “ona” dagoela esanez. Harrapazak…

Otsailaren hasierako giro “apartak” aparte, ondoko esaera hau ere ohartarazten du Aztirik: “Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino”. Azti, beraz!

Bidez batez, aste honetan izan den Kandelario egunari (otsailak 2) buruzko esaera bat ere jaso zuen Aita Julianek, Gabirian esan ohi dena/zena: “Kandelario lario, haitzari ura dario”.

Aste honetan ez da halakorik izan, behintzat. Kontuak kontu, argazkietarako ikuspegi zoragarriak ematen ditu garai honetako eguzkiak… eta parajeak.