Posts Tagged ‘andre mari’


Andre Mari eta San Roke jai nagusiak gorpuzteko eginahalean ari dira Festa Batzordeko kideak. Egitaraua ontzeko lehenengo bilera maiatzaren 22an egin zuten, eta han hainbat gai atera ziren mahai gainera. Aldaketa batzuk izango direla dirudi.

Festa egunak abuztuaren 13tik 17ra izango dira, biak barne. 13an, ‘Ezer ez eta festa’ izenarekin ezagutzen dena, Makila Jaitsierarekin hasiko da, arratsalde partean. Sasipilotari eta Sasierraketalari txapelketen finalak jokatuko dira ondoren, eta kuadrillen arteko afaria egingo da gauean. Skandalue elektro-txaranga azpeitiarrak girotuko du lehen parranda, iaz bezalaxe.

Abuztuaren 14ko egituran gauza batzuk kendu, eta beste batzuk orduz aldatuko dituzte. Egun honen “aurreko urteetako arrakasta eskasa” ikusita, Festa Batzordean “eraldatzea” pentsatu dute. Hala, arratsaldean, seiak aldera, haurren arteko futbol partidak jokatuko dira. Orain arte gauean egin izan den bertso jaialdia arratsera aurreratuko dute, “19:00ak edo 19:30a ingurura”. Bertso saioa plazan izango litzateke, aire librean, eta ez antzokian. Ondoren patata-tortilla lehiaketa kendu, eta haren ordez pintxo poteoa egitea proposatu dute, taberna, elkarte eta txosnaren artean. Gauean “ikuskizun bat” jarri nahi da, aurrekontuaren arabera; eta musika: Northern Praid talde beasaindarra (punk musika) eta herriko Guri5 erromeria girotzeko ondoren.

Abuztuaren 15a, Andre Mari, betiko egiturarekin eta osagaiekin etorriko da. Gaueko musika taldea ez dago zehaztuta, “baina erromeria izango da, ziur”. Bi talderen artean ari dira pentsatzen. Batek 15 gauean joko luke, eta besteak 16 gauean. Andre Mari arratsaldean Modesto musikaria ere izango da, haurrentzat dantzaldia girotzen.

Abuztuaren 16ak, San Roke eguna, ez du aldaketa nabarmenik izango, ezta ere. Arratsaldean, ume jolasekin batera, Escalextric handi bat muntatzeko asmoa dago, baita 17 goizean ere. Gauean rock musika kontzertua izango da, hiru talderekin: Mack Onak (Lekeitioko taldea, folk irlandarra lantzen du), Skakeitan (Donostiakoa, ska musika) eta erromeria luzatzeko berbena taldea.

San Roke Txiki egunean, azkenik, eguerdiko txikiteo-kalejira giroa berpiztu nahi da. Bola, toka eta tiragoma lehiaketekin batera, herriko trikitilariekin poteoa izango da.

Zazpi aste geratzen dira festetarako.

Advertisements

Hemeretzi egun besterik ez dira geratzen herriko jai nagusietarako. Andre Mari eta San Roke festak nolakoak izango diren jakinarazi du udalak, gaur iritsarazi baitu egitaraua. Aldaketa askorik ez da iaztik. Abuztuaren 13tik 17ra ospatuko dira jaiak, aste barruan oso-osorik aurten. Aurrez, jakina, Ugaran Goikoa zozkeran San Lorentzo ere jai handi izango da, abuztuaren 10ean.

Egunez egun, hauxe da 2012ko Gabiriako festetako egitaraua:

ABUZTUAK 10, ostirala. San Lorentzo eguna Ugaran Goikoa auzoan.

  • 11:00. Meza.
  • Ondoren, hamaiketakoa.
  • 14:00. San Lorentzo eguneko bazkaria.
  • 16:00. Mus txapelketa.
  • 21:00. Bertso afaria.
  • Afal ondoren, auzoko helduenari oroigarria, Korta jatetxearen eskutik.
  • Gauean dantzaldia, goizaldera arte.

ABUZTUAK 13, astelehena

  • 17:30. Txupinazoa eta makilaren jaitsiera. Trikitilariak, makila-dantzak.
  • 18:00. Pilota jaialdia, Alkainburu frontoian,
  1. V. Sasipilotari pilota txapelketa herrikoiko finala.
  2. Gazte mailan, herriko pilotarien arteko partida: Julen Murua-Iñaki Rezusta / Asier Bidegain-Ioritz Deba.
  3. Afizionatuen partida: Iñaki Artola-Xabier Erostarbe / Iraitz Olaetxea-Xabier Tolosa.
  • 21:30. Gazte afaria, plazan.
  • Afal aurretik eta ondoren, Skandalue elektro-txaranga.

ABUZTUAK 14, asteartea

  • 09:00. Txistularien biribilketa baserriz baserriz, goiz eta arratsalde.
  • 17:30. Haurren futbol partida.
  • Ondoren. Gazteen arteko herri kirol erakustaldia.
  • 19:00. VIII. Patata-tortilla Lehiaketa.
  • 22:00. Bertsolari jaialdia, antzokian. Peio Ormazabal, Amaia Iturriotz, Jokin Uranga, Iñaki Apalategi, Unai Iturriaga, Sebastian Lizaso.
  • 00:00. Dantzadi taldearekin erromeria.

ABUZTUAK 15, asteazkena. Andre Mari eguna.

  • 11:00. Meza.
  • 12:00. Ormaiztegitik Gabiriara XX. Txirrindulari Igoera, herritarrentzat.
  • 19:00. Goruntz dantza taldeko helduen saioa.
  • 19:00. Bola eta toka lehiaketak.
  • 22:00. Dantzaldia, 3gabe2 taldearekin.
  • 01:00. Mozorrotuen desfilea.
  • Goizaldean, baratzuri zopa, Erbie elkartean.

ABUZTUAK 16, osteguna. San Roke eguna.

  • 11:00. Meza, prozesioarekin.
  • Ondoren. Goruntz dantza taldeko haurren saioa.
  • 16:30. Puzgarriak.
  • 17:30. Ume jolasak eta haurren mozorro festa.
  • 19:00. Bola eta toka lehiaketak.
  • 19:00. Sagardo eta txistor dastatzea.
  • Ondoren, afaltzeko oilasko erreak.
  • 22:30. Kontzertuak: Blaka, Vendetta eta Triki Hots.
  • Goizaldean, txokolate jana, Osinalde elkartean.

ABUZTUAK 17, ostirala. San Roke Txiki eguna.

  • 11:00. Meza.
  • 12:00. Tiragoma, bola eta toka lehiaketak, herritarrentzat. Izen-ematea: 12:00etatik 13:00etara.
  • 19:00-20:00. Ardo beltz banaketa, udalaren partetik.
  • 20:00. Afari-merienda, plazan.
  • Arratsean eta gauean, Joselu Anaiak musika taldearekin dantzaldia.

Abuztuak 18, larunbata: 17:00etan, herria garbitzera. Gero, afari-merienda lanean aritu direnentzat.


Festak hasi eta berehala, gaur arratsaldean jokatu da IV. Sasipilotari pilota txapelketa herrikoiaren finala, Alkain-Buru pilotalekuan. Frontoiko eserlekuak jendez bete dira. Jaialdian hiru partida jokatu dituzte. Lehenbizi I. Sasierraketalari txapelketa (partida bakarra izan da, gaurkoa); ondoren, esku huskako eta binakako Sasipilotarirena, eta hirugarren lau jubenilek egin duten erakustaldia.

Sasipilotari lehiaketako irabazleak Iñaki Oiarbide eta Jon Agirre (gorriz) dira. 22 eta 14 menderatu dituzte Josu Elgarresta eta Anartz Agirre. Partida gogorra izan da, fisikoa atzelarientzat, eta tanto zirraragarriak tartekatutakoa. Gorriek hasieran hartu duten abantaila nahikoa izan dute markagailuaren presiorik gabe eroso jokatzeko. Banako berdinketaren ondotik, 10 eta 2 aurreratu dira Oiarbide eta Agirre.  Alderik handiena hamar tantokoa eduki dute (13-3). Susperraldia iritsi zaie urdinei, eta 13-7raino hurbildu dira.

Finalistak, partida bukatutakoan. Txapeldunordeak (urdinez) eta garaileak (gorriz). AMM

Parekotasunez joan dira makina bat tanto jarraian, bat alde batera, bestea bestera eroriz. 14 eta 9koan, 15-10ean, 16-11n, 17-12an bost tantoko aldea mantendu da. Bukaerako txanpan gorriek gehiago asmatu dute, 20-12raino joateko. Azken emaitza 22 eta 14koa izan da. Estreinako aldiz aztiriarrek jokatu dute finalean; ez batek, bik baizik.

Erraketalari txapelketa aurten iragarri dute lehenbiziko aldiz antolatzaileek, neskentzat. Bakarra apuntatu zen, eta partida bat bederen jokatzeko lau pilotari elkartu dira gaurko. Maialen Akizu eta Ainhoa Arratibel aritu dira bikote batean, eta Eresti Oiarbide eta Lierni Asurabarrena bestean. 22 eta 15, lehen bikoteak irabazi du I. Sasierraketalari lehiaketa.

Erraketalariak, txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

Hirugarren partidan Gabiriako bikotea Lazkaoko beste bikote baten kontra aritu da. Aratz Igartzabal eta Julen Murua batetik, Manex eta Beñat Garmendia lehengusu lazkaotarrak bestetik. Denak Lazkaoko Lapke pilota eskolan aritzen dira, eta erakustaldi polita eskaini dute. Lazkaotarrek irabazi dute, 18 eta 11.

Lazkaoko pilota eskolan dabiltzan mutikoak, bi lazkaotar eta bi gabiriar. AMM

Sasipilotari lehiaketaren lau urteotako palmaresa:

  • 2008. Irabazleak: Josetxo Sagarna-Beñat Maiz. Txapeldunordeak: Felix Maiz-Iñigo Igartzabal.
  • 2009. Irabazleak: Eñaut Igartzabal-Iñigo Murua. Txapeldunordeak: Iñaki Arratibel-Jokin Murua.
  • 2010. Irabazleak: Eñaut Igartzabal-Iñigo Murua. Txapeldunordeak: Aimar Maiz (Josetxo Sagarnaren ordez, min hartua)-Gorka Maiz.
  • 2011. Irabazleak: Iñaki Oiarbide-Jon Agirre. Txapeldunordeak: Josu Elgarresta-Anartz Agirre.

 

 


Ekitaldi berri batekin ekin diote jaiek aurtengo egitarauari, gaur arratsaldean. Makilaren jaitsiera egin dute, lehenengo aldiz herrian, herritarrak makilariak direla izengoitiz, eta herriko ikurra horixe hartuta. Elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira jaitsi dute urritz makila, zinta zuri-gorri-berdez apaindua.

Makila -kanpaitxoaren parean- kablean behera jaisten, kanpandorretik. AMM

Aurreko asteetan tabernan hasitako kontu baten gorpuztea izan da makilaren jaitsiera, eta Andre Mari eta San Roke jaiei modu horretara ekiteko balio izan du. Kortzu Azpiko Juanito Esnaolak botatako hariari heldu, “gabiriarrak makilariak izanda, zergatik ez da hemen makila bajatzen ba?” galdetzen zuen gaur arratsaldean. Dagoeneko badu “txupinazo” berezia herriak. Euxebio Igartzabalekin batera jardun dira txirrika eta kable sistema muntatzen, eta probatzen.

Makila jaisteko ideia eta sistema pentsatu eta prestatu duten bi gabiriarrak, erdian alkatea dutela. AMM

Txirrika eta kablea. AMM

Esnaolak berak hartu du makila, behin udaletxeko balkoira astiro-astiro iritsi denean. Gora jasota, “gora Andra Marik, gora Andra Marik!” esanez jo du festaren aldaba, alboan Ibon Elgarresta alkatea zuela. Jarraian, makilarekin lotura duten bi dantza egin dituzte zortzina mutilek eta neskak: Makil-dantza eta Bidarteko Makil-txiki dantza.

Makila udaletxeko balkoian egongo da, jaiak bukatu arte. AMM

Kanpandorretik balkoira jaitsitako makila udaletxeko etxaurrean bertan kokatu dute, bi iltzetan oinarrituta, festek iraun bitartean.

Andre Mari eta San Roke jaien hasierako suziriak Segundo Aranburu aguazilak bota ditu. Udalkideek hari eman diote ohorea, ekitaldi berri horretan, behiala egiten zuen langintzagatik esker onez. Aguazilak esan duenez, 47 urtean hutsik egin gabe jardun zuen jaietan suziriak botatzen, 1960tik 2007an utzi zuen arte.

Segundo aguazila, suziriak botatzeko trasteekin, etxeratzen. Urteekin, eta sustoren bat tarteko, suziriak botatzeko tramankuluak berak sortu ditu, bai euskarria, bai su ematekoa: zigarro piztua ziri baten buruan jarrita. AMM

Gauean gazte afaria zuten egitekoa. 95 lagun zeuden izena emanda. Arratsa bezala gaua ere giro epelekoa zetorrenez, plazan jarri dituzte mahaiak; iaz, euriagatik, eliza atarian afaldu behar izan zuten.


Herriko jai nagusiak hasteko hilabete justu falta den egunean, gaur, Andre Mari eta San Roke festak antolatzeko bilera egingo dute. Etxeberri kultur etxean 19:30ean da batzarra. Kultura batzordeak herritar guztiei egin die deia parte hartzeko.

Egitaraua gorpuztuta dago jada, eta azken xehetasunak ixtea falta da orain: bertsolarien izenak, lan banaketak eta antolakuntza ardurak. Udalak aurreratu du aurtengo jaietako egitaraua; oraindik behin-behinekoa da. Bitxitasun bezala, makila jaitsiera egiteko asmoa dago, abuztuaren 13 arratsaldean. Txupinazo tankera emango zaio ekitaldiari, eta herritarren izengoitiaren ikurra kanpandorretik udaletxeko balkoira jaisteko asmoa dago.

Gainontzean, abuztuaren 13ko eguna (aurten larunbata egokitu da) egitarauan txertatuta dator. Orduan jokatuko dira saspililotari txapelketako finalak, eta gauean gazteen arteko afaria egingo da, plazan. Bestela, ohiko egitura dakar jai-egitarauak.

Nabarmentzekoa da San Roke gaueko musika kontzertua: Los Zopilotes Txirriaos (Kojon Prieto y los Huajalotes eta Los Impekablesen ondorengoak), Obrint Pas, eta Egurra ta Kitto taldeak ariko dira, 22:30etik aurrera. Beste egunetan Kantuki (14an), Laket (15ean) eta Joselu Anaiak (17an) ariko dira gau giroa alaitzen.

Aipagarria, baita ere, Ormaiztegitik Gabiriarako txirrindulari igoera herrikoiak 20. aldia izango duela, Andre Mari eguerdian.