Posts Tagged ‘aldundia’


Deikaztelu eta Itsaso arteko 400.000 volteko zirkuitu bikoitzeko argindar linearen proiektua bertan behera uzteko eskatu zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, atzo, Espainiako Gobernuari. “Makroproiektu” horrek “gabezia eta hutsune nabarmenak” dituela ohartarazi du Foru Aldundiak: “Sustatzaileek ez dute haren beharra justifikatu; ingurumen azterketa ez da behar bezala egin, nahiz eta ingurumenean eta babestutako eremuetan eta espezien artean izugarrizko eragina izango lukeen; herritarren artean kontrako jarrera garbia eragin du, eta araudia bera ere ez luke beteko”. Beraz, baimenik ez emateko eta bertan behera uzteko eskatu du Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Baimena emanez gero, araudia ez litzatekeela beteko gogorarazi dio, gainera, Espainiako Gobernuari. Red Electrica Española enpresak sustatu nahi duen egitasmoa ez dago energia elektrikoaren gaur egungo garraio sarearen estatu plangintzan. 2014-2022 eperako beste plangintza bat prestatzen ari dira, baina indarrean dagoenean ez dago txertatuta linea berri hori. Bestetik, gaur egun linea berririk egiteko baimen gehiago ezin dela eman gogorarazi du Diputazioak, 13/2012 Errege Lege Dekretuak aipatuz. Energia elektrikoa garraiatzeko sarearen plangintza berririk onartu arte, ezingo da Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren garraio-instalazioetarako administrazio baimen gehiagorik eman. “Beraz, Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso eta Castejon-Muruarte arteko lineen proiektua gaur egungo plangintzan ez dagoenez, eta ezin denez baimen gehiagorik eman, plangintza berririk sortu ezean, administrazio eskudunek bertan behera utzi beharko lukete proiektua. Bestela, ez litzateke araudia beteko”, adierazi du Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat helegite aurkeztu dizkio tentsio altuko linea proiektuaz egindako ingurumen txostenari. Nagusia, esandakoa. Horrez gain, proiektuari buruz aurkeztu den informazioa ez dela aski iritzi dio, “ezarri nahi diren instalazio horien benetako premia objektiboa justifikatzeko. Oinarrizko eta funtsezko gabezia horrek behartu beharko luke benetan eta seriotasunez hausnartzera proiektua aurrera eramatea komeni den ala ez. Are gehiago, Foru Aldundiak azaldu duenez, energia elektrikoaren eskari gordina nabarmen gutxitu da Estatu mailan azken sei urteetan, eta aurrerantzean ere joera bera izatea espero da. Horregatik, eskariaren jaitsierari buruzko datuek adierazten dute ez dagoela elektrizitatea sortzeko eta garraiatzeko instalazio berririk egin beharrik, eta jasangarritasunaren ikuspegitik egin beharko litzatekeena energia aurreztea eta eraginkortasuna bultzatzea dela”.

Ildo horretatik, proiektuan ez dago daturik linearen beharra justifikatuko luketen energia planta berriez, ezta Estatuko gaur egungo lineen balizko saturazioaz ere. Ingurumen eragina ere ez da behar bezala baloratu, Aldundiak dioenez. “Ez dezagun ahaztu, esaterako, tentsio altuko lineak Natura 2000 Sarean babestutako hainbat eremutan izango lukeela eragin zuzena, eta hainbat espezierentzat —hegaztiak, batik bat— kaltegarria izan daitekeela”. Proiektuak herritarren artean kezka eta aurkako jarrera eragin duela ere gogorarazi du Aldundiak.

Garoña-Itsaso linearen Ardantza gaineko dorrea. Linea honetatik garraiatuko lukete, azken kilometroetan, 400.000 volteko korrontea, Aranburu eta Katarain baserrien bitartean lotuta./AMM

Garoña-Itsaso linearen Ardantza gaineko dorrea. Linea honetatik garraiatuko lukete, azken kilometroetan, 400.000 volteko korrontea, Aranburu eta Katarain baserrien bitartean lotuta./AMM

Advertisements

Gabiriako Udalak 2.336,03 euro itzuli beharko dizkio aurten Gipuzkoako Foru Aldundiari 2010eko foru funtsaren ekarpenaren eta likidazioaren diferentziagatik. Diputatuen Kontseiluak herenegun egin zuen batzarrean onartu zuen 2010. urteari dagokion UFFF Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioa, eta denera 3 milioi euro pasatxo jasotzeko agindua eman die Gipuzkoako 88 udalerriei (%99,85), zein Eudeli (%0,15).

Iazko ekitaldian foru Ogasunak zerga sarreretan urtearen hasieran aurreikusitakoa baino gutxiago jaso zuen, eta likidazioa egin ondoren geratu den 3 milioiko aldea berreskuratuko du. Udal bakoitzak itzuli behar duen kopurua otsailaren 25ean kobratuko du Ogasunak.

Urtearen hasieran izendatzen du Aldundiak herri bakoitzak jaso beharreko diru kopurua. 2010eko aurreikuspenen arabera Gabiriari 303.914,51 euro zegozkion, eta hiruhilabetekako lau ordainketatan diru hori jaso zuen. Orain, likidazioaren arabera, 301.578,48 euro dira berez Gabiriarentzat tokatzen direnak. Diferentzia hori (2.336,03 euro) da itzuli beharrekoa.

Hauxe da foru Ogasunak osatu duen zerrenda, 2010eko likidazioarena.

FFFM 2010 likidazioa  (gehiago…)