Sasierraketalari lehiaketa herrikoiak esku huskako Sasipilotarik baino partaide gehiago izango ditu, aurtengo udan. Erraketan 20 lagunek eman dute izena, eta antolakuntzak 10 bikote osatu ditu. Sasipilotarin, berriz, hamar lagun apuntatu dira, eta bost bikote osatu dituzte. Datorren astean hasiko dira partidak jokatzen, Alkain-Buru pilotalekuan. Finalak, bi arloetan, abuztuaren 13ko ‘Ezer ez eta festa’ egunean izango dira, arratsaldean.

Erraketako lehiaketan, hasieran bikoteak mistoak izango zirela aurreratu zuten antolatzaileek. Bost neska bakarrik apuntatu dira, ordea, eta beste bikoak mutilek osatuak izango dira. Hamar bikoteak bi multzotan bereizi dituzte, bosna bakoitzean; ligaxka eran jokatuko dute, denek denen aurka. Partidak 35 tantora izango dira, sakea 4tik 4ra; pasa 7an, baina ez da faltatzat hartuko.

Erraketalariak, txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

I. Sasierraketalari txapelketako jokalariak, 2011n. Txapeldunordeak eta irabazleak. AMM

Multzo bakoitzeko sailkapeneko lehenengo bi bikoteek euren artean finalaurrekoak jokatuko dituzte; eta horietako irabazleek (A eta B multzoetako onenak, azken batean) finala abuztuaren 13an izango dute. Ligaxkako partida guztiak abuzturako jokatuta egon beharko dira. Ligaxkako aurreneko partidak jokatutakoan, antolakuntzak zehaztuko ditu hurrengo neurketak nork noren aurka egingo dituzten.

VI. Sasipilotari lehiaketan, berriz, hamar lagun bakarrik apuntatu dira, eta bost bikote osatu ditu antolakuntzak. Lehenbizi, bi bikotek aurrekanporaketa bat jokatuko dute euren artean, eta irabazleak jarraituko du aurrera. Geratzen diren lau bikoteek finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta horko irabazleek finala. Iaz Jon Ander Larrañaga-Eñaut Asurabarrena bikoteak irabazi zuen pilota txapelketa, eta, horregatik, aurten ere biek elkarrekin jokatuko dute. Hain justu, aurrekanporaketa jokatzea egokitu zaie.


Gabiriako Udalak 2013-2016 urteen arterako ekonomia eta finantza plana landu behar izan du, Espainiako Gobernuak berriki indarrean jarritako lege batek hala eskatuta. Inbertsioen atalean udalek gaur egun ezin dute aurreko ekitaldiko kopurua baino %1 baino gehiago bideratu, aurrekontuetan. Portzentaje hori gainditzen bada, Espainiako Gobernuak gainbegiratu beharra dauka udalaren ekonomia egoera. Horretarako,  hiru urteko plan ekonomiko-finantzarioa eskatzen diete udalei, alkateak azaldu duenez, gastua ordain dezakeela eta udalak solbentzia baduela frogatzeko.

2012ko udal aurrekontuetan inbertsioetarako ez zen diru sailik izendatu, 0 euro ziren. Aurten, berriz, kale argiteria sistema aldatzeko proiektua abiarazi du udalak, 81.184,51 euroko aurrekontuarekin (BEZa barne). Hala, legeak aurreikusitakoa baino inbertsio-gastu hazkunde handiagoa duenez, hiru urteko plana aurkeztu du udalak.

Udalbatzak ekainaren 17ko osoko bilkuran onartu zuen 2013-2016 epeko plan ekonomiko-finantzarioa. Espainiako Gobernuak ere oniritzia eman diola esan du alkateak, eta, beraz, aurtengorako aurreikusitako inbertsioa egin ahalko dela.

2013-2016 plan ekonomikoaren jendaurreko erakusketaren iragarkia GAO 2013-7-4


Mikel Aizpuru historialari gabiriarrak berriki idatzi duen eskuliburu baten berri eman du, gaur. Aizpuruk eta Felix Luengok —EHUko Historia irakasleak biak— ondu dute titulu berria: La Segunda República y la Guerra Civil. Esku-liburua da, 1930eko gertakari  horiei buruz. Alianza Editorial argitaletxeak atera du, ‘El libro universitario’ saileko Manuales-170 zenbakiarekin. 240 orrialdeko liburua da.

.

Mikel Aizpururen 'La segunda Republica y la Guerra Civil' eskuliburuaren azala.

Mikel Aizpururen ‘La segunda Republica y la Guerra Civil’ eskuliburuaren azala.


Gabiriako Udalak udalerriko argiteria publikoa aldatzeko lehiaketa atera du. Sistema hobetzeko eta energia kontsumoa murrizteko helburua izan behar du aldaketak. Hartarako, lehendik plazako farola batzuetan jarrita dauden “inteligentziazko sistema integrala” erabili beharko da herriko gainontzeko kale-argietan ere.

Energia aurrezteko sistema duen farola bat, Gabiriako plazan. Led motako lanpara eta hurreratze-sentsoreak ditu./AMM

Energia aurrezteko sistema duen farola bat, Gabiriako plazan. Led motako lanpara eta hurreratze-sentsoreak ditu./AMM

Hornitzeko eta instalatzeko deialdia gabiria.net webgune ofizialean egin zuen, ekainaren 20an, iragarkia eta baldintza pleguak argitaratuta. Lehiaketaren oinarrizko aurrekontua 67.094,64 euro gehi BEZa (14.089,87 euro) da, denera 81.184,51 euro. Eskaintza egiten dutenek kopuru hori beherantz hobetu ahalko dute.

Herriko plazan argiteria “adimenduna” probatzen 2010eko azaroan hasi zen Luix Iluminacion Inteligente enpresa. Euskal Herriko lehenengo esperimentua izan zen, teknologia hori kale-argietan aplikatu zuena. Ondoren, 2011ko azaroan aurkeztu zuten sistema.


Aztiriko Igoera txirrindularitza proba jokatu egingo da aurten ere. Uztailaren 20an izango da 23. Igoera, 16:00etan hasita. 2011n berreskuratu zuten lasterketa historikoa, Telleriarteko txirrindulari elkarteak antolatua. Bederatzi urtean antolatu gabe egon zen.

Junior mailako txirrindularientzat izango da Aztiriko saria. Iaz baino ibilbide samurtxeagoa prestatu dute antolatzaileek, 70,8 kilometro luzekoa. Aztiriatik abiatu, Motxorroraino neutralizatuta joan, eta Urretxuraino bi joan-etorri egingo dituzte, berotzeko. Aztiriara igoko dira jarraian, eguneko lehen zailtasuna; Zerain-Segura-Idiazabaldik buelta eginda, Ormaiztegitik gora Gabiriako herrigunera joango dira gero. Altzibarrera jaitsi, eta Ormaiztegitik barrena Atagoiti igoko dute. Motxorrotik gora, berehala, Aztiria, helmugaratzeko.

Herriko hiru mendateak gainditu beharko dituzte ziklistek: Aztiria (bi aldiz, Motxorro aldetik bietan), Gabiria (Ormaiztegitik) eta Atagoiti (Ormaiztegitik). Helmugara 17:46an iritsiko direla aurreikusten da, 40 km/h-ko abiadura bataz bestekoarekin.

Aztirian uztailaren 18tik 21erako asteburu luzean ospatuko dituzte Santa Marina jaiak. Txirrindulari lasterketa festetako osagai bat izango da.

Aztiriko Igoera 2013-7-20 ibilbidea


Judoko hastapeneko ikastaroa ematen hasiko dira gaur, herrian. 13 urtetik gorakoentzat da. Uztailean zehar izango da ikastaro berezia, hilaren 19ra arte. Dantzalekuan jardungo dira, astelehenetan eta asteazkenetan 18:30etik 19:30era. Bukatu berri den lanurtean hasi zen judo eskaintza, estreinakoz. Ekainaren 26an bukatu zen. Hurrengo ikasturtean ere (2013-14) judo ikastaroak jarraituko du. Bai udako ikastaroan, bai urtean zeharrekoan izena emateko, Judo Legazpi taldekoekin jarri behar da harremanetan.


Baztarrikak Gipuzkoako ardi ustiategi onenaren saria jaso du, Zallan (Bizkaia). Araba, Bizkai eta Gipuzkoako abere ustiategi onenen sariak ostiralean banatu zituzten Zallako Frutagintza Estazioan, Abeltzaintzako Ustiategien XIII. Lehiaketan. Herrialde bakoitzeko lau sari zeuden: Esnetarako Behien arlokoa, Haragitarako Behien arlokoa, Ardien arlokoa eta orokorrean ustiategi onenarena.