Aztiriko Igoera txirrindularitza proba jokatu egingo da aurten ere. Uztailaren 20an izango da 23. Igoera, 16:00etan hasita. 2011n berreskuratu zuten lasterketa historikoa, Telleriarteko txirrindulari elkarteak antolatua. Bederatzi urtean antolatu gabe egon zen.
Junior mailako txirrindularientzat izango da Aztiriko saria. Iaz baino ibilbide samurtxeagoa prestatu dute antolatzaileek, 70,8 kilometro luzekoa. Aztiriatik abiatu, Motxorroraino neutralizatuta joan, eta Urretxuraino bi joan-etorri egingo dituzte, berotzeko. Aztiriara igoko dira jarraian, eguneko lehen zailtasuna; Zerain-Segura-Idiazabaldik buelta eginda, Ormaiztegitik gora Gabiriako herrigunera joango dira gero. Altzibarrera jaitsi, eta Ormaiztegitik barrena Atagoiti igoko dute. Motxorrotik gora, berehala, Aztiria, helmugaratzeko.
Herriko hiru mendateak gainditu beharko dituzte ziklistek: Aztiria (bi aldiz, Motxorro aldetik bietan), Gabiria (Ormaiztegitik) eta Atagoiti (Ormaiztegitik). Helmugara 17:46an iritsiko direla aurreikusten da, 40 km/h-ko abiadura bataz bestekoarekin.
Aztirian uztailaren 18tik 21erako asteburu luzean ospatuko dituzte Santa Marina jaiak. Txirrindulari lasterketa festetako osagai bat izango da.
[…] 16:00. Aztiriko Txirrindulari Proba, juniorrentzat. Ibilbidea eta ordutegia, HEMEN. […]