“Ados al zaude Deikaztelu-Itsaso linearekin?”

Posted: 2013/06/14 in Azpiegiturak, Gizartea, Herria, Ingurumena, Natura
Tags: , , , , ,

Horixe izango da galdera, herritarrek asteburuan erantzun ahalko dutena. Deikaztelu eta Ezkio-Itsaso arteko goi tentsioko argindar linearen proiektua gauzatu nahiko luketen, bai ala ez. Horiexek erantzunak. Herritarrek antolatutako galdeketa egingo da bihar eta etzi (larunbat-igandeak, ekainak 15 eta 16), Gabirian, Mutiloan, Zerainen eta Nafarroako 33 herri eta kontzejutan.

REE Red Eléctrica de España SA enpresak aurrera daraman proiektuaren aurrean herritarrek zer iritzi duten jakin nahi du Autopista Elektrikorik Ez mugimenduak, eta herri galdeketan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Galdeketa bi egunetan egingo da. Bihar, larunbata, 19:00etatik 21:00etara egongo da iritzia emateko aukera. Igandean, egun osoan (09:00etatik 19:00etara). Herrian erroldatuta egon behar da parte hartzeko, eta 18 urtetik gorakoa izan adinez. Plataformako kideak gaur arratsaldean ibili dira etxez etxe informazioa eta bozketarako papertxoak banatzen.

Berez kontsulta ofiziala ez denez, ezingo dute ez erroldako zerrendarik, ez eraikin publikorik erabili galdeketa egiteko. Ostatu aurrean jarriko dituzte hautesontziak. Han sartu beharko da papertxoa, “Ados al zaude Deikaztelu-Itsaso linearekin?” galderari erantzunda, ‘Bai’ ala ‘Ez’ dioen laukitxoetako bat X batekin markatuta.

Bide batez esan, Autopista Elektrikorik Ez plataformak Deikaztelu-Itsaso linearen gainean zentratu du aurkako kanpaina, eta kontsultan ere horri buruz zuzendu dute galdera. Beste proiektu bat ere bada abian, ordea, nahiz eta aipamenik ia apenas egin zaion: Gueñestik (Bizkaia) Ezkio-Itsasoko zentralera bitartekoa, bestea bezalaxe 400.000 volteko indarra garraitzeko. Prozedura hori ere martxan du REEk, eta Gabiriako udal barrutik igaroko litzateke.

Goi tentsioko azpiegituren aurkako pankarta, Euskal Herriko Itzulia Gabiriatik pasatu zenean, apirilaren 5ean./AMM

Goi tentsioko azpiegituren aurkako pankarta, Euskal Herriko Itzulia Gabiriatik pasatu zenean, apirilaren 5ean./AMM

Ofizialtasunetik aparte, zilegitasuna aldarrikatu dute herritar taldeek galdeketak egiteko. “Helburua jendearen iritzia nolabait islatzea da, portzentaje baten bidez”, adierazi dute gaur plataformako kideek.

Herri kontsultaren garapen egokia behatzeko, lau goierritar ospetsu gonbidatu ditu plataformak: Iñaki Mendiguren idazle eta itzultzaile ezkiotarra, Elixabete Garmendia kazetari ormaiztegiarra, Inaxio Usarralde euskaltzale lazkaotar-usurbildarra, eta Iñaki Murua bertsolari gabiriarra.

Gipuzkoan eta Nafarroan galdeketa egingo dute 37 herrietako emaitzak Arazurin (Nafarroa) batuko dituzte, igande iluntzean. Ondoren, REE enpresari eta Espainiako Gobernuaren Industria eta Energia Ministerioari igorri diete emaitza. Goierriko hiru herrietako herritarrek atzo arratsaldean eman zituzten galdeketaren xehetasunak, Mutiloako Gurruntzain frontoian.

Galdera, erraza eta argia da: “Ados al zaude Deikaztelu-Itsaso linearekin?”. Erantzuna, baita ere.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s