Inauterietan etxerik etxe eskean eta dantzan ibiltzen zirenekoa

Posted: 2013/02/08 in Festak, Gizartea, Historia, Kultura
Tags: , , , , ,

Udaberriaren esnaerarekin edo etorrerarekin lotuta daude Santa Ageda bezpera eta inauteriak, adituen iritziz. Zenbaitek dioenez, biak festa beraren aldaerak dira: lurra joz natura esnarazi; negua bukatu dela ospatzeko mozorrotu, eraldatu, barren hutsu; eta deia etxez etxe zabaldu, eskean. Santa Ageda bezperako ohiturak eutsi badio ere herrian, inauterietako errondak ez. Duela iaz 60 urte ibili zen inauteri eskean azkeneko mutil taldea.

Segundo Aranburu aguazila (Urteaga, Mutiloa, 1934) da usadio hura ezagutu eta gauzatu zuen bat. “Karnabaletan etxez etxe ibiltzen ginen, kuadrilla. Dantza egiten genuen, soinua jo batek eta besteek dantza, sueltoan. Etxe atarira joan, pieza bat edo bi jo, eta martxa beste batera”, dio Segundok.

“Bastante urtean” ibili zirela gogoan du. “1955, 56, 57…  horietan ibiliko ginen. Nik orduan 20-21 urte nituen. Gu izan ginen azkenekoak. Harrezkero ez zen inor ibili. Gabonetakoak ere gurekin gastatu ziren; orduan nazimentuarekin ibiltzen zen etxerik etxe, eta guz geroztik besterik inor ibili zenik ez dut uste. Karnbaletako ohitura gurekin bukatu zen”.

Inauterietako egun batean ibiltzen ziren, eskean. Zein egun zehatz, ez du gogoan; “igandea izango zen, seguru asko”. Blusa ‘milraiasa’, prakak eta txapela zuten janzkera. “Emandakoa jasotzen genuen, orain bezalaxe”. Egun osoan ibiltzen ziren. “Ahal genuen etxe gehienak pasatzen genituen. Automobilik ez zen, eta oinez ibiltzen ginen. Jeneralean kaskotik edo irtengo genuen; gero, herri denera, ahal genuen denera. Ugaran alde horiek-eta behintzat pasatzen genituen”, gogoratu du Segundok.

Etxeetan jatekoa ematen zietenez, bazkaltzeko ez ziren geratzen. “Ilundu arte” ibiltzen ziren.

Ohitura hori nondik edo nolatan zuten ere ez daki. “Aurretik egon egingo zen ohitura hori, gu horrela ibiltzeko. Ikusten denez, lehenago ere ibili egingo ziren, baina nik ez daukat aurrekoen aditzerarik, gurasoenik eta. Jeneralean kuadrilla bat bakarrik izaten zen. Garai hartan, Gabonetan ere kuadrilla bat ibiltzen zen”.

Segundoren inauteri eske talde hartan lagunak elkartzen ziren: “Gure anaia, soinuarekin Kataraingo Juanito Iztueta, Aunditegi Errotako Luis, Etxeberri Bizkaiko Antonio, Luis zena… Hamarren-bat lagun edo izango ginen, soinujoleaz gainera”.

Beste herritar batzuek gogoratzen dutenez, talde hartan bat mozorrotuta ere ibiltzen zen. “Dantza egiten zuten etxe aurrean, eta bat mozorrotuta ibili ohi zen, emakumez; erratza hartu eta etxe aurrea garbituko balu bezala imintzioak eginez”, dio inauteri eske hura ezagutu zuen herritar batek.

Hortxe, bada, garai bateko ohituren aztarnak, beste herri askotan orain bezala, gurean ere herenegun arte inauterietan bizirik zirenak.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s