‘Etxeberritxo’ pandero jotzailea hil da

Posted: 2013/01/24 in Gizartea, Kultura, Musika, Pertsonaiak
Tags: , , , , ,

Inaxio Bastida Uranga ‘Etxeberritxo’ pandero jotzaile ospetsua gaur hil da. 70 urte zituen, eta bihotzekoak jota zendu da. Azpeitiko Etxeberritxo baserrian jaioa, Gabiriako herriarekin lotura handia zuen. Bai familiaren aldetik, bai azken urteetan denboraldi luzeak egin zituelako Gabirian bizi izaten, lanagatik.

Pandero jotzaile bezala ere saio alaiak egin zituen herrian. Abuztuaren 10ean, adibidez, San Lorentzo festako erromeria girotzen zuen, afal ondoren. Aukerarik txikiena baliatzen zuen panderoa jo eta festa jartzeko; poza eta alaitasuna zen harentzat panderoa, eta horixe transmititzen zuen.

Etxeberritxo eta Jesus Mujika./Musika Txokoa

Etxeberritxo eta Jesus Mujika./Txoko Musikala

Zazpi-bat urterekin hasi zen panderoa jotzen. Azpeiti aldeko trikitilari askorekin jo izan zuen. Joakin Errasti ‘Epelarre’ azkoitiarrarekin, adibidez, 1970eko hamarkadan asko ibili zen. 1979ko Euskal Herriko Trikiti Txapelketan finalaurrekora iritsi ziren. 1986ko martxoan Azkoitian omenaldia egin zieten biei. Ondoren, Astiazaran anaiekin ere aritu izan zen, baita Abaltzisketako Jesus Mujika trikitilariarekin ere.

Azken bi urteotan euskal musikaren punta-puntako Esne Beltza taldearekin aritu zen, agertoki handietan. Bilbon 2012ko Aste Nagusian, esate baterako, 7.000 lagunen aurrean erakutsi zuen panderoa jotzeko abildadea. Eskola zaharreko trikitilariei lekua egin zien taldeak ‘Esne zopak’ diskoan, eta Etxeberritxo izan zen belaunaldi haren ordezkari, zuzeneko hainbat emanaldi Xabi Solanoren taldearekin eginez. Bideo hau, Bilbokoa:

Beste bideo bat, Durangon 2011ko abenduan, Esne Beltzako Xabi Solanorekin:

Eskuez gain gorputz atalak eta burua iaio erabiltzen zituen panderoa astintzeko. Lan istripuengatik hainbat hatz moztu behar izan zizkioten arren, panderoa jotzeko zaletasuna eta gaitasuna ez zituen inoiz galdu.

1986ko omenaldiaz gain, 2011ko ekainaren 12an beste omenaldi bat jaso zuen Etxeberritxok, hori ere Azkoitian, Martirieta erromeria-lekuan. Iñaki Garmendia ‘Laja’ trikitilari eta Cruz Mari Alberdi ‘Poxpi’ perkusio-jotzaile azkoitiarrekin batera omendu zuten. Aurrez, 2010ean, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, Azpeitiko 36 trikitilari omendu zituen, Sanjosetako jaialdian; tartean zen Etxeberritxo.

Etxeberritxoren aldeko hileta elizkizuna bihar, ostirala, 19:00etan izango da, Azpeitiko Soreasuko San Sebastian elizan.

Albistearen lotura gehiago:

  • Uztarria (Azpeitiko albiste ataria).
  • Berria egunkaria.
  • Argia astekarian elkarrizketa (1986-3-16), Epelarreri eta Etxeberritxori.
Iruzkinak

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s