Agur eta ohore, Aranburuko Antonio

Posted: 2013/01/04 in Gizartea, Historia, Pertsonaiak
Tags: , , , ,

Gaur hil da Aranburu baserriko Antonio Igartzabal Otegi, 93 urterekin. 1936ko gerran ibilia, bizirik zen herriko azken gudaria zen.

Zumarragako Ospitalean eman du azken hatsa, gaur eguartean. Pneumonia batek erasanda, Urteberri egunean ingresatu zuten; bere bizitzan lehen aldia omen zuen erresidentzian geratu behar izan zuena. Gaur, senda-agiria jaso eta etxera itzultzeko prestatzen ari zela, ondoeza egin eta hil da.

Antonio Igartzabal, Aranburu jaiotetxeko atarian, 2011ko uztailean. AMM

Antonio Igartzabal, Aranburu jaiotetxeko atarian, 2011ko uztailean. AMM

Bizileku zuen Aranburu baserrian bertan jaio zen, 1919an. Etxea bost urte lehenago eraiki zuten, lehenagoko Aranburu zaharra utzi beharrean suertatu baitziren familiakoak, luiziak mugituta.

Gerra barrutik ezagutu zuen azkeneko gabiriarra zen, gudari ibili ziren 84 herrikideen artetik. 1936ko gerrak mutiko zela harrapatu zuen, 16 urteko. Gabiria hartu zuten erreketeen tropen erditik pasatu zen, irailaren 17 hartan. Herrira joan zen, eta handik ihes egin zuen, Ardantzatik aurrera besteekin batera. Herrian zegoen telefono bakarra bererarekin hartuta. Burkide izandako bi bukatu berri den urtean hil ziren, Urrutiko Santi Agorreta eta Altzibarko Joxe Atin. 2011ko abenduan, berriz, Etxeberri Bengoko Luis Lasa.

Orduko bizipenak Antonioren ahotik zuzen-zuzenean entzuteko aukera izan zen 2012ko maiatzean, gerrari buruz egin zen solasaldian.  Gernikako bonbardaketa, adibidez, bere begiz ikusi zuen. Gerrako lehenbiziko urtebetean gudari ibili zen, Kalamuan. Sukalde lanetara bidaltzen zuten, gaztea zelako. Handik morroi joan zen, Gernika ondoko baserri batera. Hango jabeak bonbaketetan hil ziren. Santoñako errendizioaren ondotik etxera itzuli zen, baina sei hilabete baino lehenago soldadutzara deitu zuten, orduan frankisten tropetara.

(2011ko uztailean Antonio egindako elkarrizketa, hemen).

Egunotan, ia mende beteko beste historia bat ere itzali da. Abenduaren 30ean hil zen Atagoitiko Pako Zufiria Goiburu, 96 urterekin. Gabiriar adintsuena bera zen.

Antonio Igartzabalen aldeko hileta elizkizuna bihar, urtarrilak 5, larunbata, egingo da, Gabiriako Andre Mari Jasokundearen elizan, 17:00etan.

Agur eta ohore, Antonio!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s