Agur eta ohore, Urrutiko Santi

Posted: 2012/09/06 in Gizartea, Historia, Pertsonaiak
Etiketak: , , , ,

Santiago Agorreta Basategi gabiriarra hil da, gaur eguerdian. 93 urte zituen. Jaio, Zizurkilgo (Gipuzkoa) hospizioan jaio bazen ere, 1919ko martxoaren 6an, Zandategi baserrikoek hartu zuten umetan. Urruti baserrira ezkondua, Pilar Ormazabalekin, “Urrutiko Santi” izan da gabiriar gazteagoentzat.

Santi Agorreta Basategi (Zizurkil, 1919-3-6 — Gabiria, 2012-9-6). Arg.: gabiriaaurrera.blogspot.com

Oso gazterik 1936ko gerrak harrapatu zuen, 17 urteko. “Trenbideko tunelean nenbilen, lanean, gaur bizitoki dudan etxearen ondoan. Argixaora eraman gintuzten lubakiak egitera, Gabiria eta Zumarraga arteko mendira. Gero joan ginen gerrara”, gogoratu zuen iazko San Joan egunean, gerrari buruz elkarrizketa egin genionean.

Zumarragatik Zumaiara ihes egin zuen, erreketeak inguratu zirenean. Handik, Durangora. Bidean, Eibarko mendietan egon zen, armak —”fusil batzuk, italiarrak, txarrak eta zaharrak”— eman zizkietenean. “Atzeraka, beti atzeraka” ibili zen gerran, gudari guztiak bezala, eta oraindik saminez gogoratzen zuen ibilaro hura. Zapadoreen bataloi batean egin zuen gerra, lubakiak egiten. Baita frontean ere: “Tiro asko bota nuen nik. Baina gure tiroak ez zuen balio ezer”, zioen.

Etxeratu, eta kartzelara

Bilboko Setioan, Artxandako mendietan-eta ibili zen gero. “Baina ia Bilbo hartu zutenean, kito, galdu zen dena. Santander aldera joan ginen pixka bat. Bilbon, Zubi Eskegian elkartu ginen asko. Denok ezin eraman zubi horrek, eta gu Bilbotik Bermeo aldera zegoen hegazkin zelai batera eraman gintuzten,gudari asko. Handik etorri nintzen etxera”.

Herrira itzulitakoan kartzelarako bidean jarri zuten, bera “ezer egiteko gazteegia” zela esaten zioten arren. “Ni lehenbiziko soldadua nintzen, gudaria. Eraman ninduten hara [Urretxuko koartelera], eta esan zidaten: ‘Zu ezer egiteko gazteegia zara’. Niri ez zidaten zigorrik eman, baina kartzelara eraman ninduten. Han egon nintzen puska batean”.

“Abertzaleak gogorrak baginen, bai, baina gerran ez genekien”. Esaldi horrekin borobildu zuen gudari garaia. Nahia eta ezina.

Enpresari eta alkate: langile

Gerra ondoren Legazpiko Patrizio Etxeberria lantegian hasi zen, burdin berezia lantzen. Urrutiko Pilarrekin ezkondu zenean, haren anaia Ramonek eta Pakok Indar enpresa sortu zuten, Beasainen. Haren inguruan garatu zuen lan munduko ibilera, etxean bertan eta inguruko sailetan fabrika gehiago eraikita.

Enpresari lana aurrera eramateaz gain, Gabiriako alkate ere izan zen, bi alditan. Lehen aroan zazpi urte egin zituen, 1960tik 1967ra. Trantsizioan, ondoren, beste bi urte (1983-84), orduan EAJrekin. Alderdi barruko iskanbilengatik alkate kargutik kendu zuten zerrendakideek.

Alkate lanetan udaletxean jardun zueneko garaiaz, hauxe zioen, gaur egungo egoera orokorrarekin lotura eginez: “Urruti aldeko kaminoa egin genuen… Hor ikaragarrizko zirkulazioa dago orain. Frontoia ere egin genuen. Lana asko, eta dirurik ez. Ondo izateko dirua jarri egin behar da. Gabirian diru sarrera gutxi dago, industria gutxi dago eta. Industria gutxi, eta orain gutxiago. Ez dakit zer pasatzen ari den. Baina beharko dute berriz ere, e! Jarri ez dakit egingo den, baina gazte asko dago orain ere, eta haiek ere ondo biziko badira lana egin beharko dute”.

Gabiria izan zen, datuen arabera, 1936ko gerran biztanleriaren proportzioan gudari gehien eman zuen udalerria. 830 bizilagunetatik 81 joan ziren Eusko Gudarostera. Urtebete baino gutxiagoan bizirik geratzen ziren lau gudaritatik hiru joan dira. Iazko abenduan Etxeberri Bengoko Luis Lasa, urtarrilean Altzibargo Jose Atin, eta gaur Urrutiko Santi Agorreta elkartu dira gainontzeko 77 burkideekin. Aranburuko Antonio Igartzabal da historiako pasarte ilun hura bere begiz ikusi eta bere larruz ordaindu zuten gudari saldo hartako azken testigantza.

Santiren aldeko hileta elizkizunak bihar, ostirala, 19:00etan egingo dira, Andre Mari Zeruratuaren elizan.

Agur eta ohore, Santi!

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s