Atagoititik Aztiriara, artzain munduan barrena txangoa

Posted: 2012/06/06 in Ingurumena, Natura, Ondarea
Etiketak: , , , , ,

Gabiriako udalerrian dagoen Atagoiti baserriaren ondotik hasiko dugu oinezko txangoa. Gabiriaren lurretan, baina Legazpiko udal barrutiaren muga-mugan dago baserria, 513 metroko garaieran, eta izen bereko mendate-lepoaren gailurrean. Legazpiko herrigunearen ikuspegi zabala dago handik, eta oinez zuzenean jaits daitekeen bidexka bat hasten da (pribatua da bidea, autoek ezin dute igaro), kilometro eskasera.

Etimologikoki ere, Jose Luis Ugarte historialari eta euskalari legazpiarrak lehenago azaldua duen legez, Atagoiti izena Ategutia-tik letorke. Euskara zaharrean “ate” osagaiak portua, mendatea (mendi+ate, mendiko portua) esan nahi du. “gutia”-k, berriz, txikia, laburra. Izenak jartzerakoan euskararen sen handia zuten, bai, antzinakoek. Atagoitik, beraz, ‘portu txikia’ dela aditzera ematen du deituratik beretik.

Ormaiztegi-Motxorro errepidea igarotzen da, txirrinduzaleek gustuko duten ibilbidea, aldapa handiegirik gabe, 9 kilometroko igoeratxoa duelako Ormaiztegitik. Urtean behin, otsailaren bukaeran edo martxoaren hasieran, Gabiriako Rallyesprinta jokatzen da bide honetan. Gabiriarrek “Kamiño Zarra” deitzen diote, legazpiarrek “Camino Real”.

Aztiria gainera iritsitakoan, Goierriko bailara oinpean aurkituko dugu, bista zoragarriarekin.

Baso eremua da Gabiriatik Atagoitira bitartekoa. Pinudi zabalak daude, udalerriko baso sail handienak hemen daude. Bestetik, Atagoiti baserria Aizaleku mendiaren (811m) magalean dago. Mendiaren gailurrean dago Gabiria-Legazpi muga. Etxea XIX. mendean eraikitakoa da.

 Artzain lekua ere bada. Andres Zufiria Atagoiti artzaina bertan bizi da, neguan. Uda Urbian igarotzen du, udaberrian igo eta udazkenean jaitsi arte. Artaldea oinez eramaten eta ekartzen du, antzinako abelbideetatik barrena: guk egingo dugun Aztiriara arteko bidea lehenik, eta handik aurrera Aizkorriko mendiko atetik igarota (Katabera, Andraitz…) Urbiako zelaietara joaten da. Zufiria artzaina astoan ibiltzen da oraindik gaur egun.

Atagoiti baserritik beherago, Irazola baserria dago, eta hangoa da “eskola zaharreko” beste artzain bat: Jose Luis Uribe-Etxeberria Txantxangorri. Hura izan ohi da, urterik urte, Urbiako goi larreak udazkenean azkena uzten dituena.

Atagoiti-Aztiria ibilbidearekin bi artzain-leku ere lotuko ditugu. Esan bezala, antzinako bizimoduko artzainen bizitokitik Aztiriko etxe-ardien eta bertan urte osoan ardiak mantentzen dituzten gunera joango gara. Neguko bazkalekua da Aztiria gaina, baina bertako baserrietan oraindik etxe-ardi sorta bat badaukate. Etxeaundin, esate baterako, artzainen beste sehaska bat, Inazio Jauregi zenarena adibidez, Gabiriako Baztarrika baserrira ezkondu eta artaldearekin han segitu zuena. Aztiria da Gabiriako udal barruti zabalean ardiak edukitzearen ohitura izan duen auzune —edo, herrian deitzen zaion bezala zozkera— bakarra.

Kotxea Atagoiti baserriaren ondoko bidegurutzearen zabalunean utz dezakegu, Damata etxera doan bidearen ertzean. Alde horretara segiz, Gain Txiki, Gain Aundi, eta aurrerago Trapalata mendixkak topatuko ditugu, lehenik Legazpirekin mugan, hurrena Zumarragarekin.

Oinez Atagoiti etxearen kantoitik gora abiatuko gara, ur aska baten ondotik —arrain txikiak ditu—. Bidezidor estu eta sasiz inguratutako batean gora, berehala pista batera iritsiko gara. Bidean, interesgarria da larre-zelaia, eta batik bat inguratzen duen harrizko horma, harresia edo esparrua, begiztatzea. Oso leku gutxitan mantentzen dira halako egitura zaharrak. Tamalez, gune askotan hondatu samar dago harresia. Pista, berriz, zelai burutik igarotzen da (behetik nabarmentzen da). Kotxea utzi dugun tokitik errepideari beherantz jarraituta, pista hasten den lekua ikusiko dugu, bestalde.

Baso-pistara iritsi eta berehala, eskuin aldera, bidegurutze bat ikusiko dugu. Eskuineko bide-adarra hartuko dugu, hori baita pista nagusia, Aztiriko lehen baserrietaraino jarraitzen duena. Aizalekuren magalean zehar doa bidexka hau, aldapa handiegirik gabe (tarteka maldatxo bat edo beste soilik topatuko ditugu). Pinu artetik gorantz begiratuta, Aizaleku tontorreko antenaren punta behatu ahalko dugu uneren batean. Pista honek, bestetik, marka zuri-gorriak ditu bide-erakusle.

Bidean pare bat tokitan baizik ez ditugu bidegurutzeak edo antzeko desbideratzeak aurkituko. Beti pista nagusiari heldu behar diogu. Bigarren bidegurutzean beheko bide-adarrari segi behar diogu, ezkerrekoari. Hala ere, eskuinetik hasten den bidexkak aurrerago bat egiten du berriz ere pista nagusiarekin. Gorantz joera duten bideek Aizalekuren tontorrera daramate ibiltaria; bide zaharrak dira ordea, garai batekoak, eta seinaleztapena nahiz norabidea oso garbi ez egotea litekeena da.

Bidean aurrera, tentsio altuko argindar linearen azpitik igaroko gara. Aurrerago, baso bota berri baten zabalunera iritsiko gara, Usardi izeneko parajean. Handik bista politak daude: ezker aldetik hasita Atagoiti, Damata txaleta, Irazola, Trapaleta mendiaren bizkar osoa, Kamiño Zarraren ibilbidea, Gabiriako Madariaga gaina eta bertako baserriak; atzerago, Kizkitza-Izazpi mendi lerroa (Ezkio-Itsaso), eta urrunago, Ernio.

Bi bihurgune nabarmen ditu bideak. Lehenbizikoan, zuriz margotutako bi harri-potor daude, bidegurutzea baitago. Bideen norabidea adierazten dute. Gatozen bidetik bueltan atzera eginez gero, Legazpira; aurrera segituta, Aztiriara; eta eskuinera, gora hartuta, Aizalekura. Irrati errepikagailua dago, baita gurutzea eta mendizaleen postontzi bat ere.

Aizalekura igotzeko bi bide daude, nagusiki. Bat, lehenengo bihurgunetik gorantz irteten dena. Bestea, Aztiriaren beste aldetik doa: Legorburu baserritik aurrera.

Bidean aurrera eginez, pagadi baten ondotik pasatuko gara. Bigarren bihurgunera iritsitakoan, handik ere ikuspegi ederra dago. Trenbide-zurekin egindako eserleku edo banku bat dago kurbaren ertzean. Parez pare Aralar mendilerroa dago, eta Goierriko behe bailara asko begizta litezke. Lehen planoan, eskuinerantz, Gabiriako herrigunea ere bai.

Paraje hau urtsua da oso. Bidean, batez ere lehen erdian, errekasto batzuk ikusiko ditugu, pistaren aldamenean erretenetik batzuetan, bidea zeharkatzen dutenak beste batzuk, beherantz burrunbatsu joateko. Hala ere, inguruko baserritarrek diotenez, lurrak azkar xurgatzen du inguru hauetan ura, eta oso denbora gutxian lehortzen da gainazala.

Metro gutxi batzuk besterik ez zaizkigu geratuko bihurgune horretatik Aztiriko jatorrizko herrixkara –Etxeaundi, Garakoetxe, Etxetxo multzoa– iristeko. Txabola baten gainaldetik aurrera, lehenik Baztarretxe etxea aurkituko dugu. Aurreraxeago Etxeaundi, Garakoetxe (altuera handienean dagoen Gabiriako baserria, euskaraz ondo uler daitekeen eran), Etxetxo Behekoa eta Etxetxo Goikoa baserri eta kale-etxe zaharrak; txalet eta etxebizitza berriak hiru-bat gehiago ere badaude. Berez, toki hau da Aztiria, jatorrizkoa. Gaur egun, ordea, Santa Marina eliza eta jatetxeak dauden puntua izendatzeko erabiltzen da gehiago, jendearen joera hara dagoelako bideratuta.

Dagoeneko asfaltozko bidean, hesola eta alanbre-hesiei segiz aurrera egingo dugu. Parean Aizkorriko mendizerra ikusiko dugu, Andraitz, Katabera eta beste gaintxo batzuekin. Bidean 100 bat metrora eta ezkerrera aurkituko dugun hormigoizko pistatik desbideratzea (zertxobait, pauso batzuk bakarrik) merezi du. Gaintzabal gaina (614m) da, eta gainetik ikuspegi zabala dago: Aizkorri atzean, Aralar aurrean, Aztiria beste aldean…

Atzera bidera itzulita, eta eskuineko sakonean zelai zabalen buruan Legorburu baserria utzita, errepide nagusira iritsiko gara: Legazpi-Zerain errepidea da, txirrindu probetarako asko errekurritua. Mendate gainera aterako gara; handik, eskuinerantz dagoen bide-adar laburretik, Aztiriara (605 m, plazan) iritsiko gara.

Aztirian, pagoen itzalpean dagoen plazaren bueltan, eraikin funtzionalak daude: Aztiri-Bat elkartea (garai bateko apaizetxean), Santa Marina eliza (1830 inguruan eraikia; jatorrizko baseliza beherago zegoen), Benta Lehor (antzinako mendate-bentaren oinordekoa), eta Aztiri Erretegia. Frontoi txikitxo bat ere badago, ermitaren saihetsean.

FITXA

  • Luzera: 3.270 metro / joan-etorria: 6.540 metro.

  • Denbora: 50-60 minutu.

  • Altuera maximoa: 614 metro (Gaintzabal).

  • Altuera minimoa: 513 metro (Atagoiti).

  • Desnibela: 101 metro.

  • Zailtasun maila: Erraza.

  • Gomendioa: eguraldi lehorrarekin egitea hobeto, pistan lokatza sortzen baita. Leku oso urtsua da, batik bat neguan edo udaberriaren hasieran, eta laiotza. Pistan, gainera, ibilgailuak ibiltzen diren arrastoak daude, lokaztia areagotzeko.

DENBORAK

  • Atagoiti-baso pista: 5 min.

  • Pistako 1. bidegurutzea- 2. bidegurutzea: 3 min.

  • 2. bidegurutzea-argindar linea: 5 min.

  • Argindar linea-lehen bihurgunea: 10 min.

  • 1. bihurgunea-2. Bihurgunea: 10 min.

  • 2. bihurgunea-Etxeaundi: 5 min.

  • Etxeaundi-Aztiria (plaza): 10 min.

ALTUERAK

  • Atagoitiko lepoa: 513 m.

  • Gaintzabal: 614 m.

  • Aztiria (plaza): 605 m.

  • Aizaleku: 811 m.

INTERESEKO ELEMENTUAK / GUNEAK

-Txondor leku zaharrak.

-Peabideak.

-Megalitoak.

-Artzaintza, artzain zaharrak, etxe artaldeak. Ardi larreak.

-Aizkorrirako sarbidea, abelbide zaharra.

-Julian Alustiza “Aztiri” idazle eta fraide zenaren jaiotetxea: Etxetxo Behekoa.

-Santa Marina ermita, bi jatetxe, elkartea. Plaza.

-Mendibilgo saroia zaharra.

-Meategiak. Troiko meategia.

-Harrobia. Garai batean itsasontzia zegoen tokian: Aizkorri alderako bide bat da hori, Zegamako tren geralekuaren gaineraino doana.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s