Hiribildu izaerarekin 350 urte bete ditu herriak

Posted: 2011/12/07 in Gizartea, Historia, Politika
Etiketak: , , , , , ,

Azaroaren 22a egun seinalatua izan zen herriaren historiarako. 350 urte bete ziren Gabiriak hiribildu titulua jaso zuenetik. 1661eko azaroaren 22an eman zion Espainiako errege Felipe IV.ak hiribildu edo “villa” titulua. Horrekin, aginpide zibil eta kriminal independentea eskuratu zuen herriak, bere udala edukitzearekin batera. Alegia, ordura arte Areriako Alkatetza Nagusiaren parte izatetik, erabakiak eta udal gobernua bere gain soilik izatera pasatu zen.

 

Gabiriako kaskoa 1914an, ezagutzen den argazki zaharrenetakoa. Arg.: Indalecio Ojanguren-Guregipuzkoa.net. CC-By-SA

Ordura arte, historia dokumentala agertzen denetik denbora gehienean, Areriako alkatetza nagusiko kide edo kontzeju bezala egin zituen herriak urterik gehien. 1384rako Segurako hiribilduari batuta zegoen, hango agintaritzaren menpe. Hala egon zen XV. mendea iritsi arte.

Areriaren aro modernoko historian (XV-XVI. mendeetan), Goierriko herri hauek osatu zuten alkatetza nagusia: Gabiria, Lazkao, Olaberria, Arriaran, Ezkio (zati bat) eta Itsaso. Geroago herri gehiago sartu ziren batasunean, Zumarraga, adibidez (1470).

Carta Partida izeneko agiri batekin gobernatzen zuten kontzeju kideek erakunde komuna. Estatutu bat zen, nolabait esateko, eta alkatetza nagusiaren buru zein herri izango zen zehazten zuen, besteak beste. Urtekako gobernua nori tokatzen zitzaion, hurrenkera hauxe zehaztu zuten Arerian Zumarraga sartu zenean. 42 urterako aldia mugatu zuten. Gabiria-Itsaso-Ezkio blokeak aldi horretan 18 txanda izango zituen (Gabiriak 10, Itsasok 6 eta Ezkiok 2); Lazkao-Olaberriak 9 txanda (Lazkaok 7 eta Olaberriak 2); Zumarragak 9 txanda; Arriaranek 6 txanda. Herriek 1473-1514 aldirako zehaztu zituzten alkatetzarako txandak. Gero 1515-1556, 1557-1598 eta 1599-1640 aldietarako ere zehaztu eta beteko zituzten, herrien arteko arazo larriak sortu ziren arte.

Beraz, zerrenda horretatik ondoriozta liteke Gabiriak zuela indar handiena, gobernuan egoteko txanda gehien hari zegozkion behintzat. “Foru” edo “su” kopuruaren arabera zehazten zen kontzeju bakoitzaren pisua. Su bat, etxe bat zen. Gabiriak 1655ean izan zuen, azkeneko aldiz, Areriako buruzagitza.

Erregeak 1661ean emandako tituluarekin, herri beregain gisa funtzionatzeko modua izan zuen Gabiriak. Udala osatu zen, alkatearekin, bi erregidorerekin eta sindiko prokuradorearekin.

Bestetik, Gipuzkoako Batzar Nagusietara bere ordezkaria bidaltzeko eskubidea ere irabazi zuen. 1662an Deban ospatutako Batzar Nagusietara hiribildu aparteko gisa aurkeztu zen Gabiria lehenbiziko aldiz. Vicente de Gorosabel y Aranburu ordezkariak herriari zegokion aulkia —eta botoa— hartu zuen, herriaren su edo foru kopuruaren arabera neurtua.

Bakarka ibiltzeak, hala ere, gehiegizko karga suposatu zion udalerriari. Bi urtera, 1663an, auzoko bi herrirekin beste batasun bat egin beharrean izan zen, Ezkiorekin eta Zumarragarekin: Argisaoko Santa Krutz Batasuna (Union de Santa Cruz de Arguisano). 1663ko ekainaren 30ean sinatu zuten eratze akordioa, Gipuzkoako Batzarretara ordezkaria bidaltzeak sortzen zituen gastuak murrizteko. 24 urtero berritu zuten batasun-hitzarmena hiru herriek, 1766ra arte.

1665eko abenduaren 29an, esaterako, Santa Cruz de Argisanoko elkargoan zeuden Gabiriak, Ezkiok eta Zumarragak laguntasun agiria (“escritura de concordia”) sinatu zuten, gerra garaietan tertzioen ofizialak izendatzeko eta zerbitzu militarrak zehazteko ituna eginez.

Datuak eta jakingarriak

  • Gabiriari buruzko lehen aipamen dokumentala 1350. urtekoa da, Iruñeko Artzapezpikutzaren Errenta Liburuan agertua, Nafarroako errege Carlos III.a ‘Gaiztoa’ zela. “Santa Maria de Algaym” (Alkain) deitzen zitzaion orduan.
  • Areria hitzaren lehen aipamen dokumentala 1027. urtekoa da. Iruñeko Katedralaren errestaurazio eta dotazio eskrituretan idatzita agertzen da.
  • Gipuzkoako hiru alkatetza nagusietako bat izan zen Areria, Goierriko herri ugarik osatua.
  • Areria izenak Alegia eman zuen denborarekin, Gabiria, Ormaiztegi eta Itsasoko auzoa izendatzeko erabilia, gaur egun.
  • Gabiriaren lehen ordezkaria, hiribildu aparteko gisa, Vicente Gorosabel Aranburu izan zen. 1662an, Deban egin ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietan hartu zuen herriari zegokion aulkia.

Iturriak:

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s