Iparragirre Gabiriakoa ere bazen

Posted: 2011/09/14 in Gizartea, Historia, Kultura, Pertsonaiak
Etiketak: , , ,

Aurten 130 urte bete dira Joxe Mari Iparragirre koblakari urretxuarra hil zela. 1881eko apirilaren 6an hil zen, autore gehienen arabera Itsasoko Zozabarro baserrian. 61 urte betetzeko zegoen (Urretxun jaio zen, 1820ko abuztuaren 12an). Gaixorik, bakarrik eta txiro utzi zuen mundu hau, Ameriketatik Euskal Herrira itzuli zenetik. Makina bat liburu, artikulu eta hitz egin dira Iparragirreren bizitzari eta obrari buruz. Gehienetan, nahita edo nahi gabe, Gabiria kanpora geratu da. Lotura sakonak zituen, hala ere, Iparragirrek herri honekin. Euskal herritarrek eta Hego Amerikako euskaldunek finantzatuta Amerikatik itzuli ondorenetik hil arte, adibidez, Gabirian bizi izan zen, Txapartegi baserrian, Orbeldin.

Duela bi igande Urretxun gogoratu zuten herriaren enbaxadore ospetsua, kantu eguna eginez. Gabiriako kantu talde bat ere bertan izan zen.

Hara zer dioen Auñamendi entziklopediak: “Murió en Itxaso, en el caserío Zozabarro, donde cenaba con sus amigos, el 6 de abril”. Litekeena da azken arnasa Itsason eman izana, Iparragirreren heriotza agiria Itsasoko San Bartolome elizan baitago, eta ez Gabiriakoan. Hala ere, heriotzak non harrapatu zuen gora-behera, koblakariak bere ahotik esanda utzi zuen: Gabirian bizi izan zen azken urteetan, eta hainbat bertso Txapartegin bertan idatzi zituen.

Heriotzaren kausak ere hipotesi, uste eta esamese ugaritarako bidea eman zituen. Foruen aurkakoek perretxiku txarrak eman eta pozoinduta hil ote zen, bat. Ez da egia. Pneumonia batek eraman zuen. Hiru medikuk ziurtatu zuten Iparragirreren heriotza; horietako bat Gabiriako sendagilea zen.

Gurasoak: ama, gabiriarra

Bizitzaren azken urteak Gabirian pasatzeko zioetako bat amaren jatorriak ekarriko zion. Iparragirreren ama, Francisca Manuela Balerdi Oskorta, 1793an jaio zen, Gabirian. Txapartegi baserrikoa zen. Koblakariaren aita, Jose Agustin Iparragirre Aranburu, idiazabaldarra zen, 1794an jaioa. Gabiriako Andre Mariaren Jasokundea elizan ezkondu ziren 1817ko uztailaren 14an. Ezkondu ondoren, emaztearen jaiotetxean jarri ziren bizitzen, Txapartegin, Iparragirreren ama aldetiko aitona-amonekin batera (Ignacio Balerdi Artzelus eta Clara Eskorta Orue, gabiriarrak biak).

Denbora laburrean bizi izango ziren Txapartegin, Joxe Mari Iparragirreren senide zaharrena, Maria Asencia, 1818an Urretxun bataiatu zutelako jada, 1818ko apirialren 30ean. Urretxuko Altzola kale-etxean jaio zen Joxe Mari, 1820ko abuztuaren 12an. Hirugarren haurra, Felipe Santos, 1822an jaio zen, Urretxun. Aita gozogilea zuten, eta Madrilera joan zen 1830 aldera, emaztearekin eta seme gazteenarekin (alaba zaharrena badirudi umetan hil zela, ondorengo aipamenik ez dagoelako). Aita 1855 aldera hil zen, Madrilen. Iparragirreren ama ere Madrilera joan zen, koblakariak bere lehen semea onartzeko aktan dioenez, gurasoengatik: “vecino él [aita, Jose Agustin Iparragirre] que fue y ella [ama, Francisca Manuela Balerdi] es de la Villa y Corte [de Madrid]”. Ama, alargundu zenean, Felipe Santos semearekin eta haren familiarekin jarri zen bizitzen, Madrilen. I. Karlistaldia bukatu zenerako Joxe Mari ere Madrilen bizi zen; 19 urte zituen, 1839a zen.

1839tik 1851ra arte Europan ibili zen. Ibili eta jardun. 1848an iraultzan parte hartu zuen, ‘Marsellesa’ kantatuz herritarrak berotuz. Napoleon III.ak kanporatu egin zuen Frantziatik, iraultzaile izateagatik.

Euskal Herrira itzuli, eta herriz herri ibili zen, gitarrarekin, kantuan. 1855ean ezagutu zuen gerora emazte izango zuen emakumea: Angela Kerejeta alegiarra, 17 urtekoa. 1858an Amerikara joan ziren, Buenos Airesera (Argentina), umetan Zerainen irakasle izan zuen Jose Antonio osabarengana. Iparragirre eta Kerejeta 1859an ezkondu ziren, Buenos Airesen. Kantutik bizi zen, bizimodu bohemio samarrarekin. Beharrak eraginda, lehengusu batengana Urugaira joan ziren, eta artzain lanetan hasi zen. Han jaioko ziren ezkontzako 8 haurrak, bi mutil eta sei neska.

Azken bertsoak, Txapartegin

Iparragirrek hezurrak sorlekuan utzi nahi zituen. Familia guztia Amerikan utzita, 1877an itzuli zen, Gabiriara. Txapartegin bizi izan zen, 1881eko apirilaren 6an hil zen arte. ‘Mairuen bandera’ izenburudun bertso-sortan (sei ahapaldi dira), garbi uzten du non bizi zen. Iparragirrek Arturo Kanpioni bidali zion gutun batean idatzi zituen bertso horiek, 1878an, Antzuolako Batzarrari eskainiak. Hauxe dio koblakariak seigarren bertsoan:

 Eskribitze mesede

egiten banauzu

Gabiriara karta

bidal bear dezu.

An baserri batean

beti triste nauzu

buruan ditudala

mila pentsamentu.

 

Bestetik, ‘Egualdi izugarria’ izeneko bertso sorta ere Txapartegin sinatua dauka. Zazpi bertso dira, eta bukaeran “Txapartegi, 7 de julio de 1878” izkiriatu zuen.

Heriotza, lehen aipatutako esamesak eta usteak gora-behera, pneumonia batek ekarri zion. Herriaren oroimenak dioenez, Txapartegi baserrian bizi arren, bizimodua eta otorduak Zozabarron egiten zituen, han taberna zegoelako. Bidean, ordea, Santa Lutzi erreka igaro beharra zeukan. Itsasoko partean zegoen batean, eta beti ere Gabiriako zaharrek kontatzen zutenez, izugarrizko ekaitza sortu zen, eurite izugarriekin. Etxerakoan, erreka gurutzatzean busti, hoztu, eta han etorri omen zitzaion gaixotasuna, galbidera eraman zuena.

Datuak:

  • Julen Gabiria idazle galdakoztarrak Jose Mari Iparragirre biografia-liburua argitaratu zuen, 2001ean, Elkarrekin.
  • Donostiako Aurrezki Kutxak 1982an atera zuen ‘Iparragirre’ liburuan, Juan Ignacio Aztiriak artikulu bat idatzi zuen: ‘Una boda en Gabiria’. Iparragirreren gurasoak Gabiriako elizan ezkondu ziren.
  • Euskaldun unibertsala izan zen. Asko bidaiatu zuen, I. Karlistaldiaren ondoren Madrildik erbestera alde egin zuen, Bergarako Ituna ez zuelako onartu. Europan barrena herrialde ugari igaro zituen: Frantzia (seme bat izan zuen, Joseph Fernand Iparragirre Picquart, 1847an jaioa Vesoul herrian, aurreko urtean Parisen ezagututako emakume batekin), Suitza, Italia, Alemania, Ingalaterra. 1851n itzuli zen Euskal Herrira, lehen aldian. Ameriketatik, 1877an, behin betiko.
  • Zerainen, Gasteizen eta Madrilen egin zituen ikasketak. I. Karlistaldiak Espainiako hiriburuan harrapatu zuen.
  • ‘Gernikako Arbola’, euskaldunen ereserkia, Madrilgo kafetegi batean kantatu zuen lehenbizikoz, 1853an. Kartzela ‘merezi’ izan zion balentria hark.
  • Simontxoene edo Agirre-Eguzkitzako nagusi izan zen Angel Kruz Jaka Legorburu jakintsu zumarragarrak asko ikertu eta idatzi zuen Iparragirreri buruz.
  • Txapartegi baserria, gaur egun desagertua, Orbeldin zegoen. Altolagirre Azpikoa baserritik beheraxeago, Iberdrolaren zentral elektrikoaren ondo-ondoan zen. Hormen aztarna batzuk nabaritzen dira oraindik. Itsasoko Zozabarro etxea ere eraitsi zuten.
Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s