Makila jaitsita hasi dira, lehendabiziko aldiz, Gabiriako jaiak

Posted: 2011/08/13 in Festak, Gizartea
Etiketak: , , , , , , ,

Ekitaldi berri batekin ekin diote jaiek aurtengo egitarauari, gaur arratsaldean. Makilaren jaitsiera egin dute, lehenengo aldiz herrian, herritarrak makilariak direla izengoitiz, eta herriko ikurra horixe hartuta. Elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira jaitsi dute urritz makila, zinta zuri-gorri-berdez apaindua.

Makila -kanpaitxoaren parean- kablean behera jaisten, kanpandorretik. AMM

Aurreko asteetan tabernan hasitako kontu baten gorpuztea izan da makilaren jaitsiera, eta Andre Mari eta San Roke jaiei modu horretara ekiteko balio izan du. Kortzu Azpiko Juanito Esnaolak botatako hariari heldu, “gabiriarrak makilariak izanda, zergatik ez da hemen makila bajatzen ba?” galdetzen zuen gaur arratsaldean. Dagoeneko badu “txupinazo” berezia herriak. Euxebio Igartzabalekin batera jardun dira txirrika eta kable sistema muntatzen, eta probatzen.

Makila jaisteko ideia eta sistema pentsatu eta prestatu duten bi gabiriarrak, erdian alkatea dutela. AMM

Txirrika eta kablea. AMM

Esnaolak berak hartu du makila, behin udaletxeko balkoira astiro-astiro iritsi denean. Gora jasota, “gora Andra Marik, gora Andra Marik!” esanez jo du festaren aldaba, alboan Ibon Elgarresta alkatea zuela. Jarraian, makilarekin lotura duten bi dantza egin dituzte zortzina mutilek eta neskak: Makil-dantza eta Bidarteko Makil-txiki dantza.

Makila udaletxeko balkoian egongo da, jaiak bukatu arte. AMM

Kanpandorretik balkoira jaitsitako makila udaletxeko etxaurrean bertan kokatu dute, bi iltzetan oinarrituta, festek iraun bitartean.

Andre Mari eta San Roke jaien hasierako suziriak Segundo Aranburu aguazilak bota ditu. Udalkideek hari eman diote ohorea, ekitaldi berri horretan, behiala egiten zuen langintzagatik esker onez. Aguazilak esan duenez, 47 urtean hutsik egin gabe jardun zuen jaietan suziriak botatzen, 1960tik 2007an utzi zuen arte.

Segundo aguazila, suziriak botatzeko trasteekin, etxeratzen. Urteekin, eta sustoren bat tarteko, suziriak botatzeko tramankuluak berak sortu ditu, bai euskarria, bai su ematekoa: zigarro piztua ziri baten buruan jarrita. AMM

Gauean gazte afaria zuten egitekoa. 95 lagun zeuden izena emanda. Arratsa bezala gaua ere giro epelekoa zetorrenez, plazan jarri dituzte mahaiak; iaz, euriagatik, eliza atarian afaldu behar izan zuten.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s