San Esteban eguna, 300 urte festarik gabe

Posted: 2011/08/06 in Festak, Historia, Ondarea
Etiketak: , , , , , , , , ,

Ekaina, uztaila eta abuztua festa aldetik oparoak izan ohi dira Gabirian. Bertako auzoetan, eta gabiriarrak bizilagun diren inguruko udalerrietako auzoetan ospatzen dira jaiak, batetik; bestetik, herriko festa nagusiak. Sanpedroak (Santa Lutzi auzoan), santamañak (Aztirian), madalenak (Alegian), sanlorentzoak (Ugarana zozkeran) eta Andre Mari eta San Roke jaiak kontuan hartuta, aurten 13 festa egun izango dira 50 egunen barruan. Ez da bataz besteko kaxkarra.

Antzina, ordea, abuztuak beste festa baterako aitzakia ere ekartzen zuen, hilabetea hasi orduko. Abuztuaren 3an, San Esteban eguna, jaia izaten zen izen bereko ermitaren inguruan, gaur egun ‘Zaneztoan’ baserria (izena San Estebanetik dator, noski) dagoen lekuan zegoen baselizan, hain zuzen: garai hartako baselizaren hormen aztarnak mantendu dituzte etxea eraberritzerakoan, ermitaren oinarrien gainean eraikia baitago baserria bera.

San Esteban baselizaren inguruan duela 300 urte arte erromeria handia ospatzen zen, 1706an Gipuzkoako Batzar Nagusiek hartu zuten erabakiaren neurria ikusita behintzat hala esan daiteke. Urte hartako maiatzean, Azpeitian bildu ziren Batzar Nagusiek, abuztuaren 3an Gabiriako San Esteban ermitan egiten zen ospakizunean “tabernak jartzea eta txistua eramatea” debekatu zuten.

Ormaiztegiko, Mutiloako eta Gabiriako herritar asko elkartzen zen abuztuaren 3an San Estebanen, eta “istilu handiak” gertatzen zirelako iritsi zen kontua Batzar Nagusietara. Egoera bideratzeko, festarako bi ardatz horiek -taberna eta musika- sustraitik ateratzea erabaki zuten agintariek. Debekuaren ondoren pixkanaka galtzen joan zen festa. Nork jakin; erabaki hura hartu izan ez balute, gaur egun abuztuan ia astero herrian festa egingo ez zenik.

Hiru udalerrien muga-mugan egoteak elkartze politiko bati  izendapena ere eman zion, zuzen-zuzenean ermitarena izan ez arren, bai haren izen bera hartzen duen Eztanda errekarena.  Union del Río del Señor San Esteban batasuna osatu zuten inguruko Gabiria, Mutiloa eta Ormaiztegi herriek, eta errekaz beherago dauden Gudugarreta eta Astigarretak. 1631ko azaroaren 4an, adibidez, Gabiriako eskribau eta Ormaiztegiko bizilagun zen Martin de Arrese izendatu zuten ‘Unio’ horretako ordezkari, azaroaren 14an Hondarribian hasiko ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietara joateko. Ormaiztegin egin zuten bost herrietako agintariek botere izendapena egiteko biltzarra.

 XIX. mendearen hasieran, 1814-1820 artean, frantsesen gudarosteek suntsitu zituzten Gabirian zeuden lau ermitak: San Esteban, San Lorentzo, San Esteban eta Santa Marina. Aterpe haietan zeuden santuen irudiak eraiki berria zen hilerriko kaperara eraman omen zituzten. Harrezkeroztik Santa Marinak soilik eduki du jarraipidea, XX. mendearen bukaerara arte behinik behin haren omenezko ermita egon baita Gabirian (Zuazola baserri buruan San Lorentzoren kapera eraiki duten arte, alegia). Baina ez egun ezagutzen dugun lekuan dagoena: Aztiriko Bentatik behera, Eztanda baserriaren barrenago zegoen jatorrizko Santa Marina ermita, ‘Santamaña piñurie’ esaten zaion pinudian, Jose Luis Ugartek ‘Lehengo Aztiri’ liburu bikainean horren argiro azaldu duenez.

Portzierto. Gabirian historikoki lau zozkera egon dira: Ugarana, Aztiria, Madariaga eta Orbeldi. Eta lau ermita (Gabiriako elizako artxiboan 1593an dagoeneko lau zeudela agertzen da), goian esandakoak: San Esteban, Santa Marina, San Migel eta San Lorentzo). Kasualitatea ote da kopuru berdintasun hori ? Zozkera edo barruti bakoitzak bere baseliza/zaindaria ez ote zeukan?

Ermiten kokapenari erreparatuta, hipotesitxo bat loturei dagokienez: esan liteke ermitak barrutien edo zozkeren barrenaldean, behealdean zeudekeela,  kokapena jakina den hiru ermiten kasuan, behintzat. Hortik abiatuta, ermita-zozkera balizko lotura: San Esteban – Ugarana; Santa Marina – Aztiria; San Lorentzo – Madariaga. San Migel ermita non zegoen, arrastorik ez. Orbeldi geratzen da ‘libre’…

Norbaitek San Migel ermitaren inguruko albisterik, aditzerarik, aztarrenik, entzuterik, hipotesirik… balu, gustura jakingo genuke!

Advertisements
Iruzkinak
  1. Marian Maiz-k dio:

    eskertzekoa da gabiriarrontzat geure historiari buruz daukagun ezjakintasuna gutxiagotzea. artikulu ederra eta erabat interesgarria.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s