Gabiriak eta Ezkio-Itsasok adostu dute bi udalerrien arteko mugarriketa

Posted: 2011/06/27 in Hirigintza, Ondarea
Etiketak: , , , , , , ,

Gabiriako eta Ezkio-Itsasoko udalek zehaztu eta adostu dute bi udalerrien arteko muga markatzen duten zazpi mugarrien kokapena eta mugarriketa. 2006an hasi zen prozesua, eta maiatzean bi udaletan osoko bilkuran onespena eman ondoren, azken erabakimena duen Gipuzkoako Foru Aldundiak begi onez ikusi du mugarriketa, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean ekainaren 24an argitaratutako ebazpenaren bitartez.

Bi udalerrien arteko mugaketa egiteko hasierako erabakia 2006ko martxoaren 3an hartu zuen Gabiriako Udalak, otsailaren 21ean Ezkio-Itsasokoak. Bost urteotan mugarriak aurkitu, kokatu, eta hiru erakundeen adostasunez finkatu dituzte. Aurtengo maiatzaren 13an elkartu ziren horretarako izendatutako batzordekideak mugarriak ikusteko eta mugaketa-akta onartzeko. Alegian Ormaiztegiko Udalak izendatutako batzordea ere izan zen, eta Arrietan (Trapaleta aldean) Zumarragako Udalekoa, Gabiriari eta Ezkio-Itsasori dagokienaz gain haiei ere bai baitagokie.

Alde bakoitzak bosna kideko taldea izendatu zuen. Gabiriaren aldetik Ainhoa Aizpuru alkatea, Iñaki Arratibel zinegotzia, Juanjo Arrondo zinegotzia, udal aparejadorea eta udal idazkaria izan ziren kide.

Gabiriaren eta Ezkio-Itsasoko mugarriketa zazpi mugarrik zehazten dute. GAOn argitaratutako ebazpenean izendatzen dira. Mugarrien kokapena eta xehetasunak irakurtzeko, SARTU albistearen barrura.

1. mugarria. 

Alegian, Santa Lutzia eta Jauregi errekek bat egiten duten lekuan. Armagindegi baserriaren ondoko zubian dago mugarria. Hiru alde ditu, batean G (Gabiria), bestean O (Ormaiztegi) eta hirugarrenean Y (Itsaso) letrak zizelkatuta. Hareharrizko paralelepidedo triangularra da, 40 zentimetro altukoa, eta oinarrian bi alde 25na zentimetro luzekoak eta bestea 30ekoa. Koordenatuak (UTM): X=560101.2; Y=4767054.8.

Mugarri honek hiru herritako muga finkatzen du: Gabiria, Ezkio-Itsaso eta Ormaiztegi.

Alegiako mugarria, Gabiria, Ezkio-Itsaso eta Ormaiztegiren artekoa. Arg.: AMM

 

2. mugarria.

Upategi errekaren ibilguaren ardatzak eta mugarri laguntzaile baten perpendikularrak ebakitako puntuan. Mugarri hori hareharrizkoa da, 40 zentimetro altukoa, eta ondoko sailean finkatua dago. Paralelepipedo errektangularra, 20 eta 25 zentimetro luzeko aurpegiak dituena. Upategi izeneko eremuan dago, izen bereko errekastoaren haranaren hondoan, ibilgutik 12 metro hegoalderako. Pinu eta garo artean dago, eta handik ez dago begizko beste erreferentziarik hartzerik. Mugarri horren helburu bakarra 2. mugarriaren posizioa zehaztea bakarrik da, berez muga puntua errekaren ardatzean baita.

UTM koordenatuak (mugarri laguntzailearena): X=556996.7; Y=4768686.3.

Lehenengo mugarritik bigarrenera arteko muga-lerroa hasieran Santa Lutzia errekak finkatzen du, Urkiola errekara arte. Han, errekasto horren ardatzari segitzen dio, mugarri laguntzailearen perpendikularrak ebakitzen duen puntura arte.

Urkiola errekak beste bi izen ere baditu: Altubeko Erreka (garai batean Altube izeneko baserria zegoen inguru hartan), eta ibilguan gorago Upategi erreka.

3. mugarria.

Upategi izeneko parajean, hareaharrizko harri paralelepipedo errektangularra, 60 zentimetro altu, 24 eta 26 zentimetroko aurpegiak. Upategi eremuan, iparraldeko lepoan kokatuta dago, Upategi errekarako isurialdean. Pinudia eta garadia da.

UTM koordenatuak: X=557000.2; Y=4768634.3

Bigarren-hirugarren mugarrien arteko muga-lerroa 2ko mugarri laguntzailetik zuzen-zuzenean dator 3. mugarriraino.

4. mugarria.

Upategi eremuan dago hau ere. Hareharrizko paralelepipedo errektangularra, 8 zentimetro altuan, 15 eta 20 zentimetro oinarriko aurpegietan. Pinudi-garadian dago, gorosti batetik lau metrora.

UTM koordenatuak: X=557006.2; Y=4768565.9

3. mugarritik lerro zuzenean dator muga-lerroa 4. harriraino.

5. mugarria.

Olatzabarren izeneko parajean, pinudi-garadi batean sartutako hareharrizko paralelepipedo laukia, 40 zentimetro altu eta 20 zentimetro aurpegi bakoitzean.

UTM koordenatuak: X=556866.6; Y=4768523.3

Aurreko mugarritik lerro zuzenean dator muga-lerroa.

6. mugarria.

Olatzabarren izeneko parajean, pinudi-garadian sartutako harria, ur isurien banaketa-lerroan dago. Hareharrizko paralelepipedo laukia, 70 zentimetro altuan, 25 zentimetroko aldeak.

UTM koordenatuak: X=556815.3; Y=4768543.9

Aurreko mugarritik hona lerro zuzenak markatzen du muga.

7. mugarria.

Arrieta izeneko lekuan, Gabiria, Ezkio-Itsaso eta Zumarraga udalerrien arteko mugaketa zehazten du. Hareharrizkoa, paralelepipedo triangeluar irregularra, 50 zentimetro altukoa, eta 28, 23 eta 24 zentimetroko aldeak. Aurpegi bakoitzean letra bana du zizelkatuta: G (Gabiria), E (Ezkio) eta Z (Zumarraga).

Arrieta izeneko muinoan dago, iparraldeko magalean, gaintxo txiki batean, gailurretik igarotzen den baso-pistatik 2,3 metro hegoaldera eta 90 bat zentimetroko diametrodun pinu batetik 20 zentimetro iparrera. Pinudia da.

UTM koordenatuak: X=556678.1; Y=4768895.7

Aurreko mugarritik hona lerro zuzenak markatzen du muga.

 

Eremuan bertan mugarriak aurkitzeko langintzarako 1965ean Instituto Geografico Nacionalek egindako akta hartu dute oinarritzat. Urte hartan atzera berrikusi eta adostu behar izan ziren mugarri horiek, Ezkio eta Itsaso udalerri bakarrean batu baitziren.

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s