Gabiriako alkateak 1922tik

Posted: 2011/06/13 in Gizartea, Historia, Politika
Etiketak: , , ,

Hamabost alkate eta hemeretzi udal agintaldi izan ditu Gabiriak 1922tik 2011ra arte. Larunbat goizean izendatu zuten azkena. Historian atzera eginda, asko dira datu deigarriak zerrenda horretan: hiru alkatek agintaldi bat baino gehiago egin dituzte, aro desberdinetan; baten kasuan hiru garaitan ere izan zen alkate; 89 urtean emakumezko bakarra izan da udal buru; Frankismotik demokraziarako aldaketan Gabirian ez zen alkate aldakaterik izan; alkatetzan luzeen egon denaren marka 20 urte da, baina badira 16 eta 11 urtez alkate izandakoak ere…

Bitxikeria asko, baina II. Errepublikaren garaia (1931-1936) aparteko lantzeko modukoa da. Sei agintaldi izan ziren bost urte pasatxoan; alkate bost hilabete soilik egon zenik izan zen; agintaldi luzeena ez zen bi urtera iritsi… Euskal Estatutua onartu nahiaren garaiak ziren, eta eragozpen ugari ekarri zuen Gabiriako alkate abertzaleen aldeko erabakiak.

Alkateen zerrenda ikusteko, eta Errepublikako gora-beherak irakurtzeko, sartu albistearen barrura.

Gabiriako alkateak 1922tik 2011ra:

  • Ibon Elgarresta Asurabarrena (2011- ).
  • Ainhoa Aizpuru Murua (2007-2011). 
  • Xabier Murua Zumalakarregi  (1987-2007).
  • Santiago Agorreta Basategi (1983-1984).
  • Andres Goia Telleria (1967-1983).
  • Santiago Agorreta Basategi (1960-1967).
  • Pablo Irizar Irastortza (1956-1960).
  • Martin Urkiola Lasa (1952-1956).
  • Francisco Lasa Oñatibia (1936 iraila – 1952).
  • Fernando Larrea Iturbe (1936 otsaila-iraila).
  • Juan Murua Lasa (1934 azaroa-1936 otsaila).
  • Juan Miguel Murua (1934 abuztua-iraila).
  • Fernando Larrea Iturbe (1933 maiatza-1934 abuztua).
  • Juan Mujika Iturriotz (1933 urtarrila-maiatza).
  • Fernando Larrea Iturbe (1931 apirila-1933 urtarrila).
  • Jose Gabiria Telleria (1930-1931).
  • Francisco Urteaga Loinaz (1926-1930).
  • Jose Joaquin Atin (1924-1926).
  • Francisco Urteaga (1922-1924).

Iturria: Gabiriako Udala eta lanketa propioa.

Esan bezala, Errepublika garaian izugarrizko aldaketa mordoa eta anabasa nabaritzen da alkate karguetan, baita orokorrean udalean ere. Politikoki mugimendu handiko garaia izan zen. 1931ko apirilaren 12an, igandea, udal hauteskundeak egin ziren, eta handik bi egunera Espainiako II. Errepublika aldarrikatu zen ofizialki. Eibarren, Sahagunen (Leon) eta Jakan (Huesca) bezperan aldarrikatu zuten udalek, apirilaren 13ko goizaldean. Ofizialki 1931ko apirilaren 14tik 1939ko apirilaren 1era -Gerra Zibilaren bukaera eguna- arteko epea hartu zuen II. Errepublikak.  

Udal hauteskundeetarako, udaletxean egindako bilera batean Gabiriari zegozkion 8 zinegotziak zerrendatu zituzten, “katoliko independenteak” izenpean adostuta aurkeztu zirenak. Fernando Larrea Iturbe jarri zen alkate. 1933eko urtarrilera arte egon zen. Ondoren beste bi alditan ere jarri zen udalburu (1933ko maiatzean eta 1936ko otsailean). Hautatuak: Fernando Larrea (alkatea), Francisco Urteaga (alkateordea), Basilio Mandiola (sindiko-zinegotzia), Francisco Goia (1. zinegotzia), Calixto Aristimuño (2. zinegotzia), Eusebio Igarzabal (3. zinegotzia), Fernando Agirre (4. zinegotzia), Jose Etxeberria (5. zinegotzia).

Fernando Larrea alkatea (1929 eta 1930 urteetan alkateorde izan zen) indianoa zen, eta errentetatik bizi zen. Ormaiztegin pintura tailer bat zeukan. Errepublika garai ia osoan (kargugabetuta egon zen urte izan ezik) egon zen alkate.

Udala eratu eta hilabete batera herrian ere islatu zen dagoeneko Euskal Herrian zebilen aldaketa eta estatus politiko handiagoaren egarriaren arnasa. 1931ko maiatzaren 14an Gabiriako Udalak bat egin zuen Euskal Udalerrien Biltzar Nagusiarekin, Mundaka, Getxo, Elorrio eta Bermeoko alkateek egindako idatziari babesa emanez. Abuztuaren 30ean udal idazkaria Madrilera bidali zuen Udalak, Estatutuaren proiektuaren entrega ekitaldian parte hartzeko.

Euskal Estatutua ez zuten onartu Madrilen orduan, ezta beste saiakera gehiagotan ere; harik eta 1936ko gerra hasi eta ondorenean argi berdea eman zioten arte. Denbora gutxirako izango zen, jakina denez. Baina metxa piztuta zegoen. 1932ko urtarrilaren 24an Gabiriako alkate Fernando Larreak Euskal Estatutuaren aldeko biltzarrean parte hartu zuen, eta otsailaren bigarren astean Donostian izan zen, beste bilkura batean, “Euskal Herriaren alde” hitz egiten. Otsailaren 3an  Jesusen Lagundia desegitearen kontrako protesta babestu zuen Udalbatzak, Euskal Estutuaren Batzorde Iraunkorrak hala eskatuta. Otsailaren 18ko udalbatzarrean, Gabiriako Udalak Euskal Herrian euskal unibertsitate bat sortzearen eskariarekin bat egin zuen.

Bestetik, herrian EAJ Euzko Alderdi Jeltzalea ofizialki 1931ko abenduaren 22an eratu zuten. Francisco Zufiaurre (28 urte) zen lehendakari, eta Pedro Murua (23 urte) idazkari. Beste 17 afiliatu ere sartu ziren alderdian, 23 urteko batez bestekoarekin. 1932ko martxoaren 20an 25 afiliatu zituen EAJk Gabirian; 1932. urtearen bukaeran 38; 1933ko apirilaren 17an 42.

Bi urtera tokatu zen atzera udalak berritzea, 1933an. Lehen bi urteak politikoki mugituak izan baldin baziren, hurrengoak (1933-1936) ez ziren makalagoak izan, euskal kontertu ekonomikoaren harira batik bat. 1933ko maiatzaren 10ean osatu zen udala, apirileko hauteskundeetan hautatutakoek karguak hartuta. Fernando Larrea Iturbe jarri zen alkate, bigarren aldiz. 1934ko azarora arte iraun zuen agintean. Udalbatzako kideak: Fernando Larrea (abertzalea; alkatea), Francisco Urteaga (agrarioa, alkateordea), Basilio Mendiola (abertzalea, sindiko-zinegotzia), Francisco Goia (abertzalea, 1. zinegotzia), Calixto Aristimuño (agrarioa, 2. zinegotzia), Juan Izagirre (abertzalea, 3. zinegotzia), Fernando Agirre (abertzalea, 4. zinegotzia), Jose Ramon Lopez (abertzalea, 5. zinegotzia).

Hurrengo urtean, 1934an, abuztuaren 12an Kontzertu Ekonomikoa defendituko zuen batzorde berezirako kideak aukeratu zituen Gabiriako Udalbatzak, nahiz eta idazkariak jakinaren gainean utzi legez kanpokoa zela egiten ari zirena. Egun batzuk geroxeago alkatea kargutik kendu zuen Gipuzkoako gobernadore zibilak, Euskal Estatutuaren harira .

Alkatea kargugabetu ondoren, irailaren 1ean  zinegotzi guztiek (Fernando Urteagak izan ezik, “gaixorik” zegoelako) dimisioa eman zuten, Donostiako Udalak dimititzeko egin zuen deiari jarraituz. Erabaki horren ondorioz etorri ziren epaiketen gastuak hurrengo udalak (Gobernadore Zibilak aukeratua) hartu zituen bere gain. 1934ko azaroan Juan Murua Lasa jarri zen alkate.

1936ko otsailaren 23an berrezarri zituzten indargabetutako udalak, astebete lehenagoko hauteskunde orokorrak errepublikarrek irabazi ondoren. Otsailaren 23an Fernando Larrea Iturbe alkatetzara itzuli zen, hirugarren aroa hasiz.   Irailera arte egon zen Larrea alkate, Francoren aldeko tropek herria eta boterea hartu arte, hain zuzen. Gerra 1936ko uztailaren 18an lehertu zen.

Francoren aldeko zutabeak -erreketeak- irailaren 19an sartu ziren, zenbait saiakeraren ondoren herria okupatuz. Fernando Larrea alkatea, Basilio Mendiola alkateordea eta Juan Migel Murua alkate ohia atxilotu  zituzten, eta beren etxeak miatu; hurrengo egunean utzi zituzten aske.  Hala ere, irailaren 20an Beasaingo Komandantzia Militarrak Gabiriako Udala desegiteko agindua eman zuen, eta udalbatza berria eratu zuen. Francisco Lasa Oñatibia jarri zuten alkate (1952ko abuztura arte egongo zen).

Larrea alkate ohiak 7.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen, eta hondasunak konfiskatuko zizkioten mehatxua jaso; beste zenbait zinegotzi ohik ere isunak ordaindu behar izan zituzten, ez hain handiak. Guztiak Ardura Politikoen Juntak deitu zituen, nola Gipuzkoakoak, hala Nafarroakoak ere. 

Frankismo ondorengo lehen udal hauteskunde irekiak 1979ko apirilaren 3an egin ziren, udaletxeko zazpi zinegotziak aukeratzeko. Hiru talde aurkeztu ziren: EAJ, PTE eta Hauzo Artea hautes-elkartea. EAJk 201 boto eta bost zinegotzi lortu zituen: Andres Goia, Santiago Agorreta, Jose Mari Antia, Miguel Agirre eta Juan Apaolaza. Hauzo Arteak 113 boto eta bi zinegotzi izan zituen, Eusebio Igartzabal eta Felix Maiz. Alkate Andres Goiak segi zuen, 1967tik hura baitzen udalburua. 1983an utzi zuen kargua.

 

ZENBAIT DATU

  • Francisco Urteaga Loinazi ‘Alkate zaharra’ esaten zioten.
  • Francisco Urteaga alkateak udalbatzarrean herrira ura ekartzearen beharra aurkeztu zuen (1929-9-8).
  • Altxamenduak ezarritako udalak baserritarren arteko Sindicato Agrícola Alkartasuna (Sindikato etxean) itxiarazi eta errekisatu zuen, besteak beste, lehengaien salmenta debekatuz. Hilerriko giltzak apaizari itzultzea agindu zuen (1936-9-27).
  • Medikuaren eta idazkariaren etxeei errentak kentzea erabaki zuen udalak, aurreko udalbatzak jarritako araua indargabetuz (1936-10-11).
  • Joaquin Iruin abertzalea aguazil kargutik kendu zuen udalak (1936-11-15).
  • Gabino Murua abertzalea herriko Bake Epaitegiko idazkari kargutik kendu zuen udalak (1937-3-21).
  • Pasiotarren ikastetxe apostolikoa berriz ireki zuten 1937ko abuztuan, 1936ko abuztuan ikasleak joan ondoren itxi egin baitzen, gerragatik.
  •  Urruti baserriko Santiago Agorreta alkate zela izendatu zuten Segundo Aranburu (Mutiloa, 1934) Gabiriako Udaleko aguazil, 1960ko martxoan, Erramu egunez. Aurretik Txoko etxeko Santos Txintxurreta zen aguazila.
  • Andres Goia Telleria alkate zela herriaren izena –b-rekin idaztea erabaki zuen Udalbatzak (1980ko abenduaren 12an), Gaviria-ren ordez jatorrizko Gabiria-ra itzuliz.
Advertisements
Iruzkinak
  1. marian bidegain-k dio:

    Oso lan ona, Aimar! Interesgarria, benetan, gabiriar guztiontzat

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s