Udalbatza osatu dute zazpi hautetsiek, eta Ibon Elgarresta aukeratu dute alkate aldeko bost botorekin

Posted: 2011/06/11 in Bilerak, Gizartea, Politika
Etiketak: , , , , , , , ,

Gaur goizeko 10:05 aldera hasi da 2011-2015 legealdirako Gabiriako Udalbatza osatzeko batzarra, udaletxeko areto nagusian. Eratze ekitaldia ikustera joan diren dozena bat herritarren aurrean, maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan hautetsi izan ziren zazpi kideek Udalbatza edo korporazioa eratu dute. Haien arteko bozketan Ibon Elgarresta Asurabarrena aukeratu dute alkate, Auzo Artea taldeko zerrendaburua. Zazpi zinegotzien arteko bozketan bost boto jaso ditu Elgarrestak, bat Gabiria Aurrerako zerrendaburu Ainhoa Aizpuruk eta beste bat zurian izan da.

Hamahiru minutu eta erdi iraun du udalbatzar eratzaileak.

Udalbatzako kideak, behin korporazioa osatutakoan, alkatea aukeratzeko papertxoetan idazten. Arg.: AMM

Udala eratzeko batzarra irekitzeko udal idazkariak hartu du hitza, hamarrak pasatxo zirela. Adin mahaia osatu dute lehenbizi, batzarraren lehendakaritza izateko. Iñaki Arratibel Txintxurreta eta Gorka Maiz Alustiza zinegotziek osatu dute lehendakaritza-mahaia, adinez zaharrenak eta gazteenak, hurrenez hurren. Hautetsiek astean zehar bete eta aurkeztuak ziituzten zinegotzi kredentzialak, eta norberak zinegotzi kargua hartuta Udalbatza eratutzat jo da berehala. Idazkariak udalaren kontu ekonomikoekin buruzko berriak eman ditu lehenik.

Behin zinegotziek karguak hartuta zituztela eta udalbatza osatuta zela, jarraian alkatea aukeratzeko bozketa egin da. Nahasketa bat gertatu da zenbaketan, lehen kontaketan zortzi papertxo kontatu baitira emaitzan. Post-it motako itsasgarridun papertxoetan idatzi dute zinegotziek alkate aukeraren izena, eta badirudi bakarren bat gehiago joan dela pegatuta botoen artean.

Nahasketa boto kontaketan

Alkatea aukeratzeko bozketa isilpekoa izan da, zinegotzi bakoitzak bi zerrendaburuen artean baten izena idatzi du Post-it banatan. Kontaketan, batzarraren presidenteak Ibon Elgarrestari emandako bost boto zenbatu ditu, Ainhoa Aizpururi bi, eta beste bat zurian. Zortzi guztira, beraz, nahiz eta zazpi zinegotzi diren. Zinegotzi batek berehala esan du ezinezkoa zela bost-bi-bat emaitza, “bat zuri zen eta”. Atzera berriro kontatu ditu mahaiko presidenteak papertxoak.

Nahasketaren ondorioz, badirudi Aizpururen izena zuen boto papera –antza denez bakarra– bi aldiz irakurri duela. Alkatea aukeratzeko bozketaren emaitza ofiziala hauxe izan da, hala eta guztiz, udal idazkariak azkenean esan duenez: Ibon Elgarrestak 5 boto,  Ainhoa Aizpuruk bat, eta zurian bat. Auzo Arteak lau zinegotzi lortu zituen maiatzeko hauteskundeetan, eta Gabiria Aurrerak hiru. Idazkariak zenbaketaren azken emaitza ahots gora esan du, eta hitzez hitz aipatu du Elgarrestak “bost, bat Ainhoak eta zuria bat orduan” izango zela emaitza. Ez du inork kontrakotasunik azaldu horrekin.

Udalbatzaren lehen osoko bilkura datozen bi asteotan egitekotan geratu dira, data zehaztu gabe. Aurretik udalkideen artean bilerak egingo dituzte, batzordeei eta haien osakerari buruz jarduteko. Hauexek dira Gabiriako udal korporazioa osatu dutenak: Ibon Elgarresta, Jokin Murua, Eli Elgarresta, Gorka Maiz, Ainhoa Aizpuru, Iñaki Arratibel eta Joseba Murua.

Zazpi zinegotziak: Iñaki Arratibel, Ainhoa Aizpuru, Gorka Maiz, Jokin Murua, Ibon Elgarresta alkatea, Joseba Murua eta Eli Elgarresta, batzarra bukatutakoan. Arg.: AMM

Udalaren egoera ekonomikoaren errepasoa egiterakoan, honako datuak eman ditu idazkariak. Gabiriako Udalak gaur egun 139.000 euro dituela jakinarazi du, bi banketxetan sartuta. 2004an hartutako 400.000 euroko mailegu bat du kitatzeko, bestetik, interesak gehituta 425.000 euro ingurura igoa. Bestetik, UFFF Udal Finantzaketarako Foru Funtsera aurreko urteetan aurreikusitakoa baino likidezia txikiagoa izan zenez, aurten 24.000 euro itzuli behar direla jakinarazi zuen (ikus 2010eko aldea eta itzuli beharrekoa; hala ere, 2009an eta 2008an handiagoa izan zen jasotakoa eta urtearen bukaeran berez zegokionaren arteko diferentzia).

Udal aurrekontutik aparte (iazko abenduaren 20an onartu zen 2011koa) diruzaintzako gerakin bezala udalak 47.000 euro ditu aurreratuak, inbertsioetarako erabilgarri leudekeenak. Aurrekontuan aurreikusi gabeko beste 13.000 euro daude, udaletxeko etxebizitza sozialaren obrak finantzatzeko Eusko Jaurlaritzak emandakoa. Diru laguntza hori aurtengo martxoaren 14an jakinarazia dela gaineratu zuen idazkariak.

Bestetik, Alkain Barren kaleko udalaren jabetzako etxebizitza saltzeko lehiaketara inor ez zela azaldu jakinarazi da. Etxe horren balorazioa 270.000 euroan egina dago, salduko balitz udalak eskuratuko lukeen zenbatekoa. Etxe tasatua da, eta etxebizitza mota horien prezioaren eta duen metro kopuruaren arabera dago baloratuta.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s