Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan bi gabiriarrek parte hartuko dute, eta herrian bi saio jokatuko dira

Posted: 2011/05/05 in Bertsolaritza, Kultura
Etiketak: , , , , , ,

Endika Igartzabal eta Gorka Maiz bertsolari gabiriarrek Gipuzkoako Txapelketan parte hartu dute, aurreneko aldiz. G Puntua Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren berri atzo zabaldu zuen Bertsozale Elkarteak, eta 76  partaideen artean herriko bi daude. Aspaldiko partez, esan behar, azkeneko aldiz gabiriar batek txapelketa horretan parte hartu zuela 16 urte baitira. 1995ean Iñaki Murua aritu zen, eta finalera iritsi zen (bosgarren egin zuen, eta txapela Aitor Mendiluzek jantzi zuen). Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren historiaz datu gehiago, hemen.

Kantuan hasten lehenengoetako Endika Igartzabal izango da, gainera. Orion, igande goizean egingo du estreinaldia. Beste bost bertsolari izango ditu kantukide Igartzabalek: Andoni Otamendi, Andoni Goitia, Arnaitz Lasarte, Josu Oiartzabal ‘Xamoa’ eta Julen Agirreburualde. Saroi Jauregik aurkeztuko du saioa, 11:30ean hasita, Orioko Herri Eskolako aretoan.

Hurrengo asteburuan iritsiko zaio txanda Gorka Maiz debutariari ere. Maiatzaren 14an, larunbata, Mutrikun ariko da, goizez baita ere (11:30ean, Zabiel kultur etxean). Honakook izango ditu Maizek kantukide: Oihana Iguaran, Jokin Uranga, Egoitz Eizagirre, Mikel Arrillaga eta Joseba Andoni Agirre.

Bai saio baterako, bai besterako, eta gainontzekoetarako sarrerak G Puntua txapelketaren webgunearen bidez eros litezke (gpuntua.com).

Aurreneko fasean 60 bertsolarik parte hartuko dute, maiatzean eta ekainean. Bakoitzak bi saiotan kantatuko du. Hala, Endika Igartzabalek Zumarraga-Urretxun ere kantatuko du, ekainaren 5ean, arratsaldean. Gorka Maizek, berriz, bigarren saioa Aretxabaletan du maiatzaren 29an, arratsaldean.

Ez da partaidetzarena nobedade pozgarri bakarra. Gabirian bi saio jokatuko dira, lehenbiziko aldiz. Maiatzaren 29an, igandea, goizean (11:30ean hasita) bat eta arratsaldean (17:30ean) bestea dira saioak. Eliza ondoko antzokian dira saio horiek, guztira hamabi bertsolarirekin (goizean eta arratsaldean seina).

Gabiriako saioetako bertsolariak ere zehaztuta daude. Goizean seikote hau ariko da: Nekane Zinkunegi (Osinalde sariketan abestu du apirilean), Joseba Barandiaran, Manex Mujika, Ainhoa Mujika, Aitor Urbieta eta Haritz Casabal. Arratsalderako beste hauek daude iragarrita:  Arnaitz Lasarte, Imanol Lizarazu, Josu Igartua, Maialen Velarde, Manu Goiogana eta Ander Lizarralde.

Herrirako saio historikoak izango diren bi horiek Mikel Aiertzak aurkeztuko ditu. Epaile lanean Zigor Leunda, Iñigo Legorburu, Egoitz Unamuno eta Iban Sukia jardungo dira.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren barruan ere bada aldakuntzarik 2011ko aldi honetan. Lehenbizi aurrekanporaketa egingo dute. Igande honetan Orion hasi, eta ekainaren  eta ekainaren 5ean Zumarraga-Urretxun bukatu. Bitarte horretan hamar herri igaroko ditu aurrekanporaketa edo sailkatze faseak, denera 20 saio (ikus zerrenda).

Aurtengoa inoizko partaide kopuru handiena duen txapelketa da, 76 bertsolarirekin. 1964koa, hala ere, hurbil du alderdi horretatik: 71 lagunek parte hartu zuten orduan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s