Udal hauteskundeen emaitzen errepasoa (1979-2007)

Posted: 2011/04/25 in Gizartea, Historia, Politika
Etiketak: , , , , , ,

Frankismoa erregimen bezala desegin ondoren, 1979ko apirilaren 3an ospatu ziren demokratikoki lehenengo udal hauteskundeak. Udalbatza osatzeko eta alkatetza lortzeko hiru hautagaitza aurkeztu ziren lehendabiziko udal hauteskunde haietan: Auzo Artea, EAJ eta PTE.

EAJk irabazi zituen hauteskundeak. Bost zinegotzi atera zituen, jasotako 201 botoei esker (emandako botoen %63,81). Auzo Artea deialdi hartan aurkeztu zen lehenbiziko aldiz (1995ean azkenekoa, aurten arte), independente gisa. 113 boto jaso zituen (emandakoen %35,87), eta bi eserleku eskuratu zituen Auzo Arteak udalean.

1979an PTE Partido del Trabajo de España (ideologia komunista-maoistadun alderdia, urte hartan ORT Organización Revolucionaria de Trabajadoresekin batu eta PT Partido de los Trabajadores sortu zuten)  alderdiak ere hautagaitza aurkeztu zuen Gabirian, eta boto bakarra eskuratu zuen.

Lehen hauteskunde demokratiko haietan Gabiriako hautesle errolda 395 lagunekoa zen. Horietatik 317 herritar joan ziren botoa ematea (abstentzioa:  78 lagunekoa). Boto zuririk ez zen jaso, eta baliogabeak bi izan ziren.

Hauteskundeen ondoren, Udalbatza apirilaren 19an osatu zuten. Itzaitegi baserriko Andres Goia Telleria (EAJ) jarri zen alkate.

Hurrengo deialdian, 1983an,  eserleku banaketa errepikatu egin zen herriko bi hautagaitzen artean: EAJk 5 zinegotzi, Auzo Arteak bi. Boto portzentajean EAJk aldea handitu zuen (%68,71) Auzo Artearekiko (%31,29). 384ko errolda zegoen; EAJk 213 boto jaso zituen, Auzo Arteak 97.

Auzo Arteak bere aurreneko aroko emaitza onenak 1987an lortu zituen. Orduan EA Eusko Alkartasunaren izenean osatu zuten herrian beste zerrenda (EAJtik 1986an zatitua). EAk irabazi zituen hauteskundeak, 46 botoren aldeagatik. Zazpitik lau zinegotzi lortu zituen EAk hala (botoen %57,32, 180 boto), eta Auzo Arteak hiru zinegotzi (botoen %42,68, 134 boto).

1991ko hauteskundeetan ere EA eta Auzo Artea lehiatu ziren hautesontzian. EAk bost aulki atera zituen (192 boto, %64,86), eta Auzo Arteak bi (104 boto, %35,14).  1995ean zizeilu kopurua berdin geratu zen; EAk bost (177 boto, %66,04), Auzo Arteak bi (91 boto, %33,96).

Lizarra-Garaziko sentimendua eta batasuna, 1999an

Bikotasun historiko hori 1999ko udal hauteskundeetan puskatu zen, eta demokrazian aurreneko aldiz –eta aldi bakarra– hautagaitza bakarra osatu zen Gabirian. Euskal politika orokorrean nagusi zen batasun sentimendua iritsi zen herrira ere, Lizarra-Garazi akordioekin (1998) eta abertzaleen bategitearekin.

GHE Gabiria Hautesle Elkartearen barruan batu zituzten indarrak denek. 305 hautesle joan ziren botoa ematera (errolda 380koa zen), eta 294 boto jaso zituen egitasmoak. Sei zurian eta bost baliogabe besterik ez ziren geratu GHEren papertxoetatik aparte.

Bikotasunetik batasunera pasatu, eta hurrena hirukotasuna azaldu zen. 2003ko bozetan herrian bi hautagaitza osatu ziren, GHEk segitu zuen eta ezker abertzaleak Pagoeder plataforma atera zuen, alderdi orokorrak (HB, EH, Batasuna…) legez kanporatuta zeuden ordurako. Bestetik, Alderdi Popularrak “herri guztietan” hautagaitzak aurkezteari ekin zion.

2003an Gabiria Hautesle Elkarteak 237 boto eskuratu zituen (%81,44), eta sei zinegotzi hartu zituen. Pagaoeder plataformak 52 boto eta zinegotzi bat. PPren zerrendari bi boto eman zizkioten.

Ildo beretik segitu zuen panorama politikoak 2007an. GHEren. ezker abertzalearen EAE-ANVren eta PPren zerrendak zeuden aukeran herri mailan. Zinegotzi kopuruan ez zen aldaketarik izan: GHEk sei aulki (202 boto, %75,37) eta ANVk bat (65 boto, %24,25).

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s