Ander Vilariñok bigarren aldiz irabazi du Gabirian, bigarren parte-hartzean

Posted: 2011/02/28 in Kirola, Lehiaketak
Etiketak: , ,

Ander Vilariño eta Irune Zubiaurre donostiarrek osatutako taldeak irabazi zuen larunbatean Gabiriako XIII. Rallyesprinta. Nagusitasun erabateko izan zuten Subaru WRCarekin; hiru zatiak irabazi zituzten, bigarren sailkatuari ia minutu bateko aldea atera zioten, eta bide-zati horretak 2003ko denbora-marka ondu zuten. Egun borobila, beraz, Vilariñotarrentzat; Anderrek bigarren aldiz parte hartu zuen Gabirian, eta iazko nagusitasuna areagotu zuen; Angela arrebak –lehen aldiz irten zen Gabirian Subaru Impreza GTarekin– laugarren postuan bukatu zuen, Ainhoa Sarasua gidari-ondokoa lagun. Baina podiumeko hirugarren postua 2 ehunenekogatik ez zuen erdietsi, Joseba Zapirain-Esti Armendarizekin borroka estuan.

This slideshow requires JavaScript.

Bigarren postuan Joxe Labaka-Aitor Otaegi bikote azpeitiarra geratu zen. Labaka ohiko partaidea da Gabirian. Hasieran Saxo batekin (Atagoiti ondoan txikitu zuen), gero Escort Cosworth batekin, eta orain Mitsubishi Lancer Evo V batekin. Bigarren tokiarekin gustura zegoen azpeitiarra, “sinistu ezinik oraindik”, zioen probaren bukaeran. 2005ean eta 2010ean hirugarren egina zen, eta lehen aldiz iritsi da horren goren.

Ander Vilariñok egindako lasterketa bikaina eta ia perfektua zenbaterainokoa izan zen adierazten duena Ander Vilariñoren denborak dira. Ezin berdinago egin hiru pasaerak. 4:28.300 lehen zatian, 4:27.600 bigarrenean, eta azkenekoan ere lehenbizikoaren krono berbera: 4:28.300. Ehunenekoak ere doituta. Probaren bukaeran aitortu zuen “bidea oso zaila eta konplikatua” jarri zela, zikinagatik eta euriagatik. Izan ere, lehen zatia bukatzerako bide ertzeko harriak harrotuta eta errepide zoruan zabalduta zeuden; arratsalde osoan geratu gabe bota zuen euri-lanbroak –tarteka zaparrada politekin– bereziki konplikatu zuen gidaritza.

Horrenbestez, Santi Artetxek 2003an ezarritako denbora-marka (4:38) haren ordez Vilariñoren bigarren pasaerakoa dago orain Legazpi-Gabiria norantzan: 4:27.600. Egia esan hiru pasaeretan hobetu zuen Artetxeren errekor zaharra.

Labakari Xague deitzen diote Azpeitia aldean. Isil-isilik, bere lanean, hots handirik atera gabe ibiltzen delako rallyetan. Lana seguru eta serio egin zuen larunbatean ere, eta azkenean ordaina iritsi zitzaion. Hori bai, Xabier Lujua erretiratu izanagatik aurreratu zuen postu bat; baina auto lasterketetan guztiak kontatzen du. Lujua bigarren zatia bukatu eta erretiratu egin zen, arazo teknikoekin, sailkapen orokorrean bigarren postuan zegoela.

Hirugarren postuan beste klasiko bat Gabirian: Josepa Zapirain, Peugeot 206 WRCarekin. Probako bi WRC World Rallye Car autoetako bat berea zen, bestea Ander Vilariñorena. Txapeldunorde hiru aldiz eta hirugarren postuan beste behin izana zen Zapirain. Aurten 3. koskarekin konformatu behar izan du. Hori bai, Angela Vilariñoren hatsa gertu baino gertuago zuela. Zapirainek denera 14:33.100eko denbora egin bazuen, Vilariñok 14:33.300 zeukan. Ezereza.

Gabiriarrak ere bat baino gehiago irten ziren. Debutaria bat, gainera. Xabat Goikoetxea Deba aztiriarrak lehen aldiz parte hartu du rallyetan, Peugeot 205 GTI batekin eta alboan Gaizka Ormazabal hartuta. Bukatu zuen lasterketa, 35. postuan (16:43.300).

Iaz debuta egin ondoren Gabirian berriz irten den Iñigo Izuzkitzak bukatu baino askoz gehiago egin zuen. Citroen Saxo VTSarekin 11. postuan sailkatu zen azkenean, izugarrizko postua, kotxe askoz ahaltsuago ugari atzean utzita. Jon Agirrerekin ibili zen Izuzkitza. Gazte mailako irabazlearen garaikurra  jaso zuen.

Bestetik, Eñaut Igartzabal-Eñaut Ortiz gabiriar-legazpiar bikoak ezin izan zuen bukatu. Lehen zatia osatua zuten (5:34.900, 44. postua), baina bigarrenean ez zuten irteera hartu. Maikel Iriarte ere erretiratu egin zen hirugarren pasaera jokatzen ari zela, matxura mekanikoagatik.

Inoizko parte-hartzaile kopuru handiena zegoen izena emanda –75 talde–, eta irten ere halatsu irten ziren, sekula baino gehiago: 68. Lasterketa osoa 56k bukatu zuten.

Bitxikerien atalean, ikusgarria Iñaki Alberdi-Jorge del Cid azpeitiarrek zer-nolako amaiera eman zioten rallyesprintari. Hirugarren zatia bukatzear zirela, azkeneko bihurgunean (ezkerretarakoa) tronpoa egin zuten Ford Escort MK-II klasikoarekin, eta gorantz biratuta geratu zitzaien kurbaren irteeran autoa. Bira bertan eman beharrean martxatrasean joan zen helmugaraino –150 bat metro–, eta atzeraka sartu zen. “Azken metroetan ez nuen ezer ikusten, lokatzarekin ispiluak zikindu zaizkit eta. Nahiko lan izan dut iristen!”, zioen Alberdi azpeitiarrak gero.

Beste berritasuna Ibon Arregi beasaindarrak eraman zuen. Saxo VTSa, baina erregaitarako gasa erabiltzen duena. Berrikuntza halako lasterketetan. Aurretik zioen gasolinaren eta gasaren artean ez zela nabaritzen ezer, ezta potentzian ere. Emaitza ikusita –16. egin zuen, 15:36.0– arrazoi eman beharko. 100 kiloko depositu bat kokatu dio Saxoari, atzealdeko maletategian iltzatuta. Gas natural konprimitua erabiltzen du. Gasolinadun motorra duten edozein kotxeri jar dakioke gasarekin ibiltzeko sistema ere, sistema konpartitua baita: gasolina errez ere ibil daiteke (arrankatzeko, gasa bukatuz gero…).

Birmoldaketa egitea 2.000 euro inguru kostatzen dela zioen Arregik. 100 kiloko depositua betetzea, berriz, 100 euro kosta zitzaiola. Depositua eta gas-hargailuarentzat ahoa jartzeaz gain, motorrean erregulatzailea (errefrigeratzailez hoztuta) eta gasarentzat injektore bereziak behar ditu sistemak.

Larunbata izan arren eta eguraldi makurra egin arren errepide bazterrean lau ordu zutik egoteko, jendetza bildu zen beste behin Kamiño Zarrean. Milaka zaletu eta ikusle. Ostiraletik jada jende asko zegoen zirkuituan, kanpin-dendekin edo olanekin estalpeak eginda. Sarrera 10 euro kobratu zuen antolakuntzak.

Jendearen emana kalkulatzeko adierazle bat, aparkalekuena: 12:30erako Eguzkitzako iturritik atzera ari ziren ibilgailuak uzten. Ormaiztegi aldetik igotzen bakarrik uzten zuten, Gabiriako herrigunetik Kamiño Kurutze aldera jaisten ez baitzuten utzi. Hartara, norantza bakarra zegoen, erosoago trafikoarentzat.

Istripu larririk ez zen gertatu. Lasterketa bi alditan etenda egon zen, minutu batzuz, baina aparteko ezer gabe. Asistentziako ibilgailuek ez zuten zirkuitua zeharkatu beharrik izan erlojupekoen erdian.

Pertsonaia ezagunen artean, Patxi Ruiz pilotaria ikusten zen. Pilotu aldetik, baita Andres Vilariño edota Aitor Zabaleta ere.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s