Herriaren mugarrien bila

Posted: 2011/02/15 in Azpiegiturak, Historia, Kultura
Etiketak: , ,

Orain dela urte pare batetik herritar talde bat, udalkideek gidatuta eta proposatuta, Gabiriako udalerriaren buelta guztiko herri-mugarriak aurkitzen aritu da. Eta horretan ari dira oraindik ere. Alegian hasi zuten ibilbidea, handik aurrera Ezkio-Itsaso (Itsaso eta Ezkio, norabidearen arabera, egokiago) herriarekiko mugarriak aurkituz segitzeko. Zumarragako eta Legazpiko muga-lerroan ibili ziren jarraian, eta aurreko hilean Mutiloarekiko mugarrien errepasoa egin zuten jada. Dagoeneko San Estebaneraino iritsiak daude. Azkena Ormaiztegi-Gabiria arteko harriak lokalizatzea faltako da bira osoa bukatutzat emateko.

Alegiako mugarria aurkitzen, egia esan, lan handirik ez zeukaten. Horra hor, argazkian, non dagoen Gabiria-Itsaso-Ormaiztegi arteko hirutarako mugarria. Non eta Armagindegi baserriaren ondoko zubiaren erdi-erdian. Santa Lutzi-Anduaga erreka baita mugatzaile.

Mugarri horrek hiru alde ditu. Garbi bereizten dira G letra (Gabiria), Y (Itsaso) eta O (Ormaiztegi, atzeko aldean).

Alegiako mugarria

Alegiako mugarria, Itsaso (Y), Gabiria (G) eta Ormaiztegi (O, atzeko aldean) herrien artekoa, Armagindegi baserriaren ondoko zubian.

Urte hauetan hiru-bat lagun ibili dira buru-belarri, igande goizetan-eta txangoak eginez. Azkeneko aurkikuntzetan inguruko baserritarrek ere lagundu diete. Urtarrilean minetako presa aldean ibili ziren, Mutiloa ertzean; Landarregi, Landeta, Itzaitegi eta inguru horretan, bertakoek lagunduta.

Polita da oso proiektua. Herria non mugarritzen den jakitea, mugarriak non dauden lokalizatzea, eta gerorako ere finkatuta edukitzea. Inguruko bost herriekiko loturak ezagutzea: Ormaiztegi, Ezkio-Itsaso (1965 arte Ezkio eta Itsaso bi herri independente ziren), Zumarraga, Legazpi eta Mutiloa.

Behin bira guztia bukatutakoan interesgarria izango litzateke herritarrekin eskurtsio batzuk antolatzea ere. Paraje bakoitzak, herriko leku jakinek eta bazter horiek gordetzen dituzten sekretuak jakiteko eta ezagutarazteko aukera aproposa litzateke. Bide batez lekuizenak, XXI. mendeko gabiriar ‘modernook’ ia erabat galduak ditugunak, berreskuratzeko modu eraginkorra ere bai. Herriari buruz gehiago ikasteko aitzakia, azken batean.

Gabiriaren buelta osoko mugarriak kokatuak eta zenbatuak ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Haren webgunean datu interesgarri asko aurki daiteke. Mugarriketa aktak nork eta noiz egin zituzten (baita kopia digitalak ere), gutxi-asko non dauden lekututa (batzu-batzuk GPS bidez koordenatuta ere bai), zenbat diren herri bakoitzarengandik bereizteko harri bereziak…

Baina gai hauetan (eta beste askotan) aditua eta espezialista jakintsua den Jose Luis Ugarte legazpiarrak ere jorratu du mugarriketaren gaia. Legazpin zentratuta egin du azterketa, eta, noski, tartean agertzen dira Gabiriarekiko mugarriak ere. Legazpiko ZingiZango euskara elkartearen webguneko blogean dauka zerrenda osoa, 1608ko mugarriketa sarreran.

Aperitibo gisa, hona Ugartek 1608ko aktatik ateratako muga-lekuak, Gabiria-Legazpi artekoak (zenbakiak Legazpiko herri-mugarrien izendapenari dagozkio):

  • 29. Loidi. Leku honetan ere hiru udalerrik bat egiten dute: Mutiloak, Gabiriak eta Legazpik. Izenak adierazten duen bezala istinga eta lokaztia izango zen lehen. Gaur egun inguru horretan eraikinak daude: Aztiriko benta, eliza, erretegia…
  • 30. Lizardi. Mugarri hau Lizardi etxaldearen goiko aldean zegoen, gaur egun Mendibil esaten zaion mendiaren hegal batean.
  • 31. Aizalecu. Orain dela 400 urte ere Aizaleku esaten zitzaion mendiari, hemen ikusten dugunez. Dana dela, agiri zaharragoetan “Aizaracue” azaltzen zaigu.
  • 32. Atagoitia. Atagoitia izena “Ategutia”-tik dator eta bere esanahia hauxe da: mendate txikia. Baserria XIX. mendean eraiki zen eta, hortaz, berria dela esan daiteke.
  • 33. Arrazateta. “Arrazateta” izenean leku garaietako hainbat izenetan bezala, “ate” osagaia daukagu, mendatea adierazten duena. Izan ere, Atagoitin bezala, Arrasetan ere mendatea dago, Gabirira joateko mendatea.
  • 34. Irazola. Irazola baserria XVIII. mendearen amaieran eraiki zuen Agirre-Imaz deiturako batek, izen bereko kortan. Lehendik ganadu etxolaren bat izango zen.
  • 35. Trapalacoa. Seguruenik, gaur egun Trapalata izenez ezagutzen den mendia da “Trapalacoa”. Izen bitxia, baina ez da oso arraroa Legazpin. Izan ere, hortxe dugu “trapalarea” izena, eraikin bati gailurra ematen zaionean egiten den ospakizuna. Dena dela, “Trapala” hori pertsona baten gaitzizena ez ote den ematen du.
  • 36. Zumalacardi. Gaur egun Arizbakar esaten zaion lepotik beherako gunea dela dirudi, hain zuzen Zumarragak, Gabiriak eta Legazpik bat egiten duten gunea. Leku horretako herri mugarria hiru puntakoa da, horregatik.

Izenak duela laurehun urteko idazkeran idatzita bezala daude. Eskertzekoa eta argigarria da Ugartek lekuizen bakoitzaren inguruan ematen duen azalpena.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s