Archive for the ‘Bertsolaritza’ Category


Iñigo Murua 14 urteko mutikoaren arazo neurologikoak tratatzen laguntzeko, gabiriarrek erantzun dotorea eman dute. Aurreko ostiralean bertso afaria egin zen, Osinalde elkartean. Soziedadea bete egin zen. 95 lagun joan ziren afaltzera. Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Endika Igartzabal eta Gorka Maiz ziren bertsotan. Saio “oso ona” borobildu zuten. Murua mutikoaren sendikoek eta afariaren antolatzaileek zera esan dute: “Dena oso ondo irten zen; afaria, saio oso ona eta eta diru dezente atera zen. Oso gustura gelditu ginen”.
bertso1

bertso2


Aurreko ostiralean herriko bertsolaritzak beste mugarri bat jarri zuen, oraingo honetan Aizpurutxoko sakonean. Urretxu eta Azkoitia harteko auzo hartan, III. Bertso Saria izan zen, Itziar jatetxean, afal ondoren. Mikel Asurabarrenak, Aratz Igartzabalek eta Aitzol Iturbe antzuolar lagunak osatutako taldeak irabazi zuen lehiaketa. Mugarria jarri baino hobeto, berritu; 2011n Maialen Akizuk irabazi baitzuen lehen edizioko saria, orduan bakarka.

Saio osoan erregularrenak Gabiriako hirukotea izan zela ebatzi zuten epaileek (lehian ziren hiru herrietako ordezkari banak osatua). Bigarren Azkoitiko taldeak egin zuen (Eneritz Artetxe —iazko garailea, eta aurten bertsoaldirik onenaren egilea—, Silvia Etxaniz eta Ugaitz Beristain), eta hirugarren Zumarraga-Urretxukoak (azken orduan taldea aldatu zuten, eta Mikel Iturriotz —gaueko bertsolari onena—, Beñat Torres eta Antton Fernandez).

Aurten, sariketaren hiru urteko bizialdian lehenengo aldiz, herri arteko desafio gisara egin dute lehiaketa, taldeka.

Aizpurutxoko III. Bertso Sariko bederatzi kideak./Gorka Azkarate

Aizpurutxoko III. Bertso Sariko bederatzi kideak./Gorka Azkarate


Iñigo Murua gabiriar jatorriko mutiko urretxuarraren alde bertso afaria egingo da herrian. Osinalde elkartean da, ekainaren 21ean, ostiralarekin. 21:00etan hasiko da afaria, eta prezioa 20 euro da. Izena emateko telefono zenbaki honetara hots egin behar da: 688 63 55 32 (Jokin). Bertsotan Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Endika Igartzabal eta Gorka Maiz ariko dira.

Tantaz tanta, lagundu Iñigo kanpainaren barruko ekitaldia da, Iñigori laguntzeko. Jaio aurretik burmuineko infartoa eduki zuen, eta ondorio neurologikoak utzi zizkion. Otsailetik Santiagon (Galizia) dago, hango erietxe batean tratamendua jarraitzen. Familiari diruz laguntzeko abiarazi dute elkartasun kanpaina Urretxu-Zumarragako eragileek. Ekainaren 16an kontzertu benefikoa egingo da (20:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan); ekainaren 26an eta 27an ikastolako DBHko haurrek ikuskizun benefikoak egingo dituzte (19:00etan, Zelai Ariztin), Urretxuko 3×3 saskibaloi txapelketako izen-emate dirua familiarentzat izango da; Urretxuko eta Zumarragako udalei laguntza eskatu diete… Eta herrian ere aletxoa ipiniko dute, bertso-afariarekin.

Bertso afaria


Aratz Igartzabal, Mikel Asurabarrena eta Aitzol Iturbe izango dira, ostiralean, Gabiriako taldearen izenean Aizpurutxoko III. Bertso Sarian kantari ariko diren bertsolariak. Iturbe antzuolarra da, eta gabiriarrekin laguntasuna du. Bertsotan ondo egiten du, gainera. Urretxu-Zumarragako Martxoan Bertsoa lehiaketa herrikoian parte hartu du aurten, Gabirisprint3 taldean Iban Maizekin eta Eñaut Asurabarrenarekin. Sailkapen orokorrean laugarren geratu ziren, finaletik kanpora geratu zen lehenengoa, alegia.

Zumarraga-Urretxuk beterano taldea eramango du Aizpurutxora. Gorka Azkarate, Gorka Ojanguren eta Asier Sasieta ariko dira. Azkoitiarrek, berriz, Eneritz Artetxe (iazko txapelduna), Silvia Etxaniz eta Ugaitz Beristain. Afaria 20:30ean hasiko da, Itziar jatetxean. Ondoren da saioa. Aurten taldekakoa izango da, herrien arteko desafio gudua.

Aizpurutxoko iazko bertso sariketan Eneritz Artetxe izan zen txapeldun. Jokin Sudupe gabiriar-azkoitiarrak ere kantatu zuen. Gai jartzen Maialen Akizu jardun zen./Gorka Azkarate

Aizpurutxoko iazko bertso sariketan Eneritz Artetxe izan zen txapeldun. Jokin Sudupe gabiriar-azkoitiarrak ere kantatu zuen. Gai jartzen Maialen Akizu jardun zen./Gorka Azkarate


Aizpurutxon (Urretxu eta Azkoitia bitarteko auzoan), auzoko hirugarren bertso sariketa jokatuko da, ostiralean. Herri arteko bertso desafio gisa planteatu dute aurten, hiru talderen artean. Tartean, gabiriarrak izango dira. Azkoitiko taldea, Gabiriakoa eta Zumarraga-Urretxuko ariko dira kantuan. Bertso afaria izango da, Itziar jatetxean, 20:30ean hasita. Izena emateko: Itziar jatetxea (943 85 26 30) eta Gorka (652 77 80 36).

Sariketa horren lehendabiziko edizioa, 2011n, Maialen Akizuk irabazi zuen.

Aizpurutxoko III. Saria bertso lehiaketaren kartela.

Aizpurutxoko III. Saria bertso lehiaketaren kartela.

 


Aratz Igartzabal Bidegain eta Maialen Akizu Bidegain lehengusuek Gipuzkoako Eskolarteko 33. Bertsolari Txapelketaren finalean parte hartuko dute, gaur, ostirala. Tolosako Leidor antzokian da saioa, 16:00etan hasita. Aratzek Arrasaten kantatu zuen kanporaketa fasean (maiatzaren 17an), eta Maialenek Zarautzen (maiatzaren 10ean). Biak helduen mailan (15-18 urte bitartekaok) ari dira parte hartzen. Maialen Lujanbio bertsolari txapeldunak aurkeztuko du saioa.


Herriko gazte talde batek aurtengo neguan grabatu duen Benemeritoak filma emango dute, gaur 22:00etan, Etxeberri kultur etxean. Udaberri Kulturala egitarauaren barruko ekitaldia da. Gattiken ekoiztetxeak egin zuen pelikula, herriko gazteak aktore dituena. Euskal Herriak independentzia lortu ondoren, guardia zibil batzuk bertsolaritzaren bidetik saiatuko dira gizartean txertatzen. Beasaingo Bertsomovieda film lehiaketara aurkeztu zuten lana. Abenduaren 31n antzerkia egin zuten, istorio berean oinarrituta.

'Benemeritoak' filmaren irudi bat./Gattiken

‘Benemeritoak’ filmaren irudi bat./Gattiken

Pelikula emateaz gain, gaizki ateratako eszenen bideoa ere botako dute.

Udaberri Kulturalak bihar jarraituko du. Balentzategi herri eskolako ikasleek ikuskizuna egingo dute, 17:00etan, eliza ondoko antzokian. Antzerkia, dantza eta bertsoa uztartuta osatu dute urteroko emanaldia.